euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Denak Baten 80. urteurrena: Gernikako Arbolaren kimu berri bat hazten ari da Mar del Platan, 'San Sebastian' Eskolan

2023/07/14

Ezkerretik eskuinera, Juan M. Iriart, Rosario Altuna, Unai Hormaechea, EEko lehendakariorde Miren Nerea Sarasua, lehendakari ohi Miguel A. Valencia, lehendakari Gustavo Elichiribehety, San Sebastian Eskolako zuzendari María José Abete eta ikasleak
Ezkerretik eskuinera, Juan M. Iriart, Rosario Altuna, Unai Hormaechea, EEko lehendakariorde Miren Nerea Sarasua, lehendakari ohi Miguel A. Valencia, lehendakari Gustavo Elichiribehety, San Sebastian Eskolako zuzendari María José Abete eta ikasleak

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. Uztailaren 9ko —Argentinako Independentzia Adierazpenaren Eguna— ospakizunen baitan, joan den ostiralean, uztailaren 7an, Gernikako Arbolaren kimu berri bat landatu zen Mar del Platan. Ekitaldia 'San Sebastiá' izeneko Bigarren Hezkuntzako 37. zenbakidun Eskolan egin zen. Kimua dohaintzan emana zuen hiriko Denak Bat Euskal Etxeak eta erakunde horretako ordezkaritza garrantzitsu batek hartu zuen parte, aurten bere 80. urtebetetzea ospatzeko garatzen ari den ekitaldi programaren baitan.

Izan ere, ekitaldiak hasiera eman zion Mar del Platako Euskal Etxeak 80. urteurrena ospatzeko antolatutako jarduera aste luzeari. Bertan izan ziren Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehety, Miren Nerea Sarasua eta Aitor Hormaechea lehendakariordeak, Unai Hormaechea eta Rosario Altuna dantzari gazteak, biak hurrenez hurren ikurrina eta Argentinako bandera eramaileak, eta Juan Manuel Iriart danbolin-jotzailea.  Eurekin zen baita ere lehendakari ohi Miguel Angel “Txikito Valencia” eta berak izan zuen bere gain azken lur palakada emateko ardura.

"Ikertu dute, badakite Gernikaz"

Eskolako zuzendari María José Abattek, “jasotako opari preziatuaren” garrantzia eta euskal sinbolo honen historia hartu zuen hizpide. Ohorezko aurreskuaren ondoren, Unai Hormaechearen eskutik, kimua landatzeari ekin zioten zenbait ikaslek, eskolako zuzendariek eta Denak Bateko kideek.

“Oso hunkigarria eta oso polita izan zen. Ikasleek euskal gaiaren inguruko ezagutza nabaria zuten. Kimua identifikatzeko kartel bat prestatu zuten euskal tipografiaz eta bertan Gernika idatzi zuten, k-rekin eta u-rik gabe, "gaia ikertu zuteneko adierazgarri, bazekiten, bazuten Gernikaren berri”, dio atseginez Gustavo Elichiribehetyk.

Akordioa Eskola-Euskal Etxea

Bigarren Hezkuntzako 37 zenbakidun Eskola ikus-entzunezko orientazioko hezkuntza erakundea da. Eta 2017an, Donostiako Zinemaldian, bertako ikasleek burututako proiektu bat pantailaratu zen. Esperientzia haren ondoren, eskolak “San Sebastian” izena hartu zuen, ikasleek beraiek hala aukeratuta. Gaur egun, Denak Batekin akordio bat sinatzekotan daude, eta horren arabera, erakundea ikasleen ikus-entzunezko praktikak egiteko gune izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia