euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Cañuelasko EEak berrehun bat lagun bildu zituen Euskararen Eguna aldez aurretik ospatzeko festa eta erromerian

2014/12/04

Cañuelasko Euskararen Eguneko eta urte amaierako jaian euskara, musika eta dantza (argazkia EE)
Cañuelasko Euskararen Eguneko eta urte amaierako jaian euskara, musika eta dantza (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Berrehun bat lagun bildu ziren Cañuelasko Denak Bat euskal etxean Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldian parte hartzeko. Jaian hiru koruk eskaini zuten kontzertua, omenaldi berezi bat egin zitzaion Euskal Herriko hizkuntzari eta dantza emanaldia eskaini zuten dantzariek. Afariaren osteko erromeria goizeko 3ak arte luzatu zen.

Cañuelas, Argentina. Data ofiziala baino aste pare bat lehenago ospatu zuen Cañuelasko Denak Bat-ek Euskararen Nazioarteko Eguna eta arrazoi on batengatik egin zuen: abenduan zehar, beste euskal etxeen ekitaldietan parte hartu ahal izateko. Kari horretara joan den azaroaren 15ean egin zuten euren jaia, ENE eta 2014ko ekintzen programari bukaera emateko helburuarekin.

Jaiaren baitan ‘Argentinan Euskaraz’ programari buruz hitz egin zuten euskal etxeko kideek, publikoak Argentinan euskara irakasleak trebatzeko proiektua ezagut zezan. 2015ean programak ospatuko duen 25. urteurrena eta irakasle argentinarrek egiten duten lanari buruz ere mintzatu zitzaien euskal etxekoak gonbidatuei. Azalpena bukatutakoan, musika hegaltatu zen eta hiru koru aritu ziren Denak Bat-ek antolatutako Abesbatzen Topaketan: ‘Grupo Coral Aires’ delakoa, María Graciela Pereira zuzendari; ‘Camerata Exaudi’, Pablo Dzodan zuzendari; eta euskal etxe bertako abesbatza. Santiago Lopez maisuaren eskutik, anfitrioiek euskarazko errepertorioa ere abestu zuten.

Musikarekin jarraituz, dantzariek euren emanaldia eskaini zuten. Afaldu eta gero, publikoa ere atera zen dantza egitera, ordu txikiak arte luzatu zen erromerian. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia