euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere Urteroko Euskal Festa Nagusia egin du Seattle-ko Euskal Etxeak, "euskara irakasle bila" dabilela

2015/09/23

Aurten iaz baino zorte hobea izan dute eguraldiarekin Seattleko euskaldunek, urteroko piknika ospatzerakoan (Argazkia: SEE)
Aurten iaz baino zorte hobea izan dute eguraldiarekin Seattleko euskaldunek, urteroko piknika ospatzerakoan (Argazkia: SEE)

PUBLIZITATEA

Ameriketako Estatu Batuetako ipar-mendebaldean azken euskal etxea da Seattlekoa (Washington estatuan), aurrez aurre British Columbia probintzia kanadatarra duela eta bertan, 250 km eskasera, Vancouver hiria, Zazpiak Bat euskal etxe senidearen egoitza. Seattle-ko euskal elkarteak irailaren 12an egin berria du bere Urteroko Festa Nagusia, Lake Sammamish-en “Eguraldia lagun, bazkari ederra izan zen, familia osoarentzat”, esan dio Fran Michelena euskal etxeko presidenteak EuskalKultura.com-i.

Seattle, AEB. Lake Sammamish-en, Rotunda Aterpean batu ziren irailaren 12an, larunbata, Seattleko Euskal Etxeko lagunak euren Urteko Festa Nagusiaz gozatzeko. “Bazkari ederra izan zen, familia osoarentzat, eta lagun izan genuen eguraldia”, diosku Fran Michelena klubeko presidenteak, gehituz "gure inguru honetan eguraldia aipatzea ez d(el)a txantxetako gauza: iaz bertan, esaterako, euri zaparrada galanta bota baitzuen, eguna erabat baldintzatuz", azpimarratu du.

Ederto baten ibili ziren Sammamish lakuaren ingurura joandako familiak, txorizo, bildoski, eta abarrak janda, bai eta musean arituz. Baina, Michelenak dioen moduan, “egunero ikusterik ez duzun jendearekin batzea da garrantzitsuena”. Izatez, Klubeko bazkideen erdiak Seattle inguruan bizi badira ere, beste erdia Yakima-n (Washington estatuan baina hego-ekialderago) bizi da; autoz, bi ordu eta erdira.

Klubaren izendapena

Euskal Etxea 1997. urtean NABOren parte egin zenetik, bazkideen “zerrenda luzea” bildu dute. Halere, egun, 80 bazkide inguru dira aktiboenak. Erdiak Seattlen du etxea, eta beste erdiak, gutxi gora-behera, Yakiman. Izan ere estatuak bi euskal etxe ere izan zituen, Seattle-n bata eta estatu barnean bestea, baina azkenean estatu bar nekoa desagertu egin zen kideetako batzuk hiriburukora bilduz. Ez da ahaztu behar Yakimak euskal presentzia historikoa 19. mende hondarretik aurrera eta bere euskal ostatuak ere izan zituela 20. mendeko lehenengo hamarkadetan, euskal emigranteen inguruan sortuak. Euskal etxe bakarra geratuta, “duela bi urte Seattle Euskal Etxea izena aldatu eta Washington Euskal Etxea jartzeaz hitz egin genuen baina, azkenean, ez genuen egin; seguru asko Washington DC-ko klubarekin ez nahasteko", azaldu du lehendakariak.

Euskara eskola eske, irakaslerik ez

Michelenak dioen legez, euskara klaseak berreskuratu nahiko lituzkete Euskal Etxean, “baina ez da erraza batuaz egiten duen inor topatzea Seattle-n”. NABO bera ere badabil euskara eskolak bultzatzen saiatzen. Bestalde, nahiz eta “klub txikia izan”, bi elkarretaratze nagusi dituzte urtean zehar: udaberriko eta udako piknikak. Baina bai eta sukaldaritza eskola “arrakastatsuak” ere, lantzean behin antolatzen dituztenak. “Paella egiten ikasi genuen azkenekoan eta, nahiz eta oraindik ez dugun ezer zehaztu, txorizoa nola egin ikasteko eskola bat izan nahiko genuke laster”.

Aurretik diruzaina zen Michelena presidente lanetan dihardu orain. Berarekin beste lau lagun biltzen ditu SEEko Zuzendaritza Batzordeak: Martin Parish (lehendakariordea), Gaizka Mallea (diruzaina), Marilou Michelena (zuzendaria) eta Constance Uribe (zuzendaria).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia