euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antonela Veroli Mujica: "Lankide gara Argentinatik euskal kulturaren segidan, bizi-bizi segi dezan"

2015/11/09

Javier Mujica bergarraren eta honen emazte Margarita Arguinzoniz-en berbiloba da Antonela Veroli Mujica macachindarra (argazkia EuskalKultura.com)
Javier Mujica bergarraren eta honen emazte Margarita Arguinzoniz-en berbiloba da Antonela Veroli Mujica macachindarra (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hogeita bederatzi urteko macachindar hau Euzko Alkartasunako kide da Pamparen bihotzean, honelaxe izena baitu, izan ere, Argentinako Euskal Aste Nazionalaren 2015eko edizioko anfitrioi izan den euskal etxeak. Azaroko lehenengo igandean amaitua, euskal argentinarren urteroko hitzordu nagusi den Euskal Asteak gure solaskidearen eta beste lagun askoren sinergia bildu du aurten, bertako euskaldunak ezezik macachindar ez-euskaldunak ere harreragile eta abegikortasun emaile eskuzabal izan baitira, 7.000 biztanletara iristen ez den herri pampatarrak bere onena emanik aurtengo elkarretaratzea bereziki atsegin eta arrakastatsu izan zedin.

Joseba Etxarri. Pampako inguru honetan beste asko bezala laboraritza izan du bizibide Antonelaren familiak azkeneko belaunaldietan, baina seguruenik harrituko litzateke 19.etik 20rako mende aldaketa garaian Gipuzkoako Bergaratik argentinaratu zen bere birraitona Javier Mujica ikusiko balu belaunaldiak pasata segitzen dutela finko bere ondorengo argentinarrek euskal tradizioekin eta euskal sentimentu eta jardunbide sendoarekin, non eta Buenos Airestik seiehun bat kilometro hego mendebaldera dauden zelai zabal eta nekazari eremu hauetan.

Euskaldun eta argentinar sentitzen zara.

-Oroimena dudanetik. Bahia Blancan jaio nintzen, hemendik 250 kilometrotara, Buenos Aires probintzian, eta zortzi urte nituela familia Macachinera aldatu zen, Pampan. Beraz, euskalduna eta argentinarra, macachindarra eta pampatarra sentitzen naiz.

Eta dantzaria.

-Hori ere oroimena dudanetik. Hiru urte nituela hasi nintzen dantzari Bahia Blancako Euskal Etxean eta gaur egun, Analia Mujicarekin batera, Macachingo Gure Ametza (sic) taldeko txiki eta gaztetxoen zuzendaria naiz. Dantzekin batera orokorrean euskal kultura ere irakasten diegu, filmak botatzen dizkiegu, euskarazko oinarrizko hiztegia erakutsi eta baliatzen dugu dantza entsaioetan, eta txikienekin marrazkiak ere egiten ditugu, gauzei izena euskaraz eta gaztelaniaz ipinita. Euren burua aurkezten eta agurtzen ere irakasten diegu oinarrizko hiztegi horretan.

Baina orain Pampako hiriburu Santa Rosan bizi zara.

-Joan-etorria egiten dut, entsaioetarako, asteazkenetan eta asteburuetan. Santa Rosa hemendik ehun kilometro pixkat pasatxotara dago eta joan-jina egunean egin dezaket. Han beste euskal etxe bat bada, baina Macachingoak segitzen du izaten "nire" euskal etxe kuttuna.

Lan handia hartu duzue, baina zinezko arrakasta lortu du azaroaren 1ean Macachinen bukatu zen aurtengo Euskal Aste Nazionalak.

-Talde-lana izan da eta Euskal Etxeko guztien partaidetza bildu dugu, bereziki aipatuko nuke Iñaki Unamuno, geure elkarteko lehendakaria eta lehenengoa laguntzen eta giro ona sustatzen; Iñaki herriaren eta Euskal Etxearen alde lan egitea zer den erakutsi eta bidea markatzen digun etsenplu ederra da, bere burua batere nabarmendu gabe, alderantziz, isil eta apal. Eskertu beharra diogu, bestalde, Macachingo Herriari bere lankidetza osoa, horri esker gauzak biribildu ahal izan baitira; eurak gabe ez genuke izango daukagun euskal etxea. Eta eskerrak eman beharrean gaude baita ere, jakina, Euskal Astera etorritako guztiei, batzuk urrutitik, hala nola Euskal Herritik beretik edo Argentina eta Uruguaiko leku urrunetatik. Pozgarria izan da Euskal Astea eurekin guztiekin partekatzea. Igandeko itxiera-bazkariak 1.600 lagun bildu zituen, ez zen bertan beste inor sartzen; eta larunbat gaueko dantza-ikuskizunera --herrialde osoko hogeitik gora dantza-talde partaide--, 1.300, bere edukiera guztia. Kontent gaude jendea oro gustura eta ongi esaka joan zelako.

Programa bat daukazue Euskal Herriko gazteekin: hona etorri eta aste batzuk ematen dituzte euskal kultur alor batzuetako tailerrak ematen, tartean dantza, musika, euskara...

-Necocheako Euzko Etxeko Hator Hona programako gazteen laguntzaz abiarazia da; bide batez esan dezadan datorren urtean Necochea izango dela Aste Nagusiaren lekukoa jasoko duen euskal etxea, azaroaren 7tik 13ra. Gazteen programa, baina, interesgarria izan da oso gazteak lehentasun baitira. Lehenengo urtea izanik eskarmentua hartzeko balio izan digu eta dagoeneko gauza batzuk aldatu eta beste formulazio batez behar dugu segitu. Estreinekoz, hogei urte pasexeko hiru gazte errezibiru ditugu, eta datorren urterako ere gonbitea luzatu nahi diegu interesa izan dezaketen Euskal Herriko adin horretako gazteei. Geure helbidea centrovasco@gmail.com da. Tratua da, bidaia hona etortzeko eurak ordaintzen duela eta hemengo lo-egitea eta janari gastuak geurera. Esperientzia berria eta aberasgarria izan daiteke eurentzat, Argentina batetik, eta bestetik Diaspora eta hemengo euskal giroak ezagutzeko aukerarekin. Guretzat ere, garrantzitsua da geure gazteak fornakuntza hartzea eta zuzeneko harremana eta kontaktua izan dezaten euren parekoekin, hango gazteekin. Euskal Herria egiazkoa dela, herrialde bizi eta modernoa, kultura berezi eta dinamikoduna, hori, zuzeneko lekukotasunen bidez ikastea nahi dugu; ikas dezaten hori errealitate bat dela, Europan ematen dena, baina geu ere, argentinarrak izanik, partaide gaituena diasporakide legez, lankide baikara Argentinatik euskal kulturaren segidan, euskal kulturak bizi-bizi segi dezan. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia