euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ana Etxaburu, BEE: ”Olentzero Badator festa egingo dugu Bruselan datorren larunbatean”

2015/12/10

27 urteko Ana Etxaburu Mancisidor Bruselako Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kide da (argazkia EuskalKultura.com)
27 urteko Ana Etxaburu Mancisidor Bruselako Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kide da (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Sei urte pasexe daramatza Bruselan Ana Etxaburu mutrikuarrak. Lehenik Erasmusekin joana, gero frantsesa hobetzera itzuli zen, azkenean bertako batekin ezkondu eta lana zerbitzu sozialetan topatzeko. BEEko (Bruselako Euskal Etxea) kide ere bada.

Joseba Etxarri. Giza Zientziak eta Komunikazio karrera ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean Ana Etxaburuk eta 2009an, ikasten ari zela, Brusela ondoko Lovain-la-Neuve unibertsitate frantses hiztunean aritzeko aukera baliatu zuen. Ikasketak Euskal Herrian bukatuta, frantsesa hobetzeko, haurtzain itzultzea erabaki zuen, sei hilabeterako, eta honela hasi zuen gaur egun finko jarraitzen duen Bruselarekiko bere lotura. Pertsona ekimentsua eta kezkaduna izanik, besteak beste hiriko Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kide da, euskara eta dantza irakasle ere ibili izan da bertan, eta Bruselako Txalaparta abesbatzako partaide dihardu.

Nolakoa da Brusela?

-Oso multikulturala. Batetik, valoniarrak eta flandriarrak daude, eta hiriburu ofizialki elebiduna da, nahiz eta jende gehienak frantsesez hitz egiten duen. Bestalde, Europar Batasuneko hiriburua denez, Europa osoko jende kolonia handia dago, europar erakundeen, enpresen, lobby-en eta honelakoen atzetik. Esango nuke hiri gaztea dela, garestia jende ertainarentzat eta bertan lan egiten dugun asko hiritik kanpo bizi garela horregatik. Unibertsitari asko dauzka, eta hauek logelak alokatuz edo etxebizitza konpartituetan bizi daitezke hirian. Asko frantsesa ikastera datoz, Paris baino merkeagoa baita.

Hizkuntza aldetik?

-Bisitariak kaleetako kartel guztiak flandrieraz eta frantsesez ikusiko ditu, baina europar hiriburutzak erakarritako jende asko ingelesez bizi da. Hezkuntza sistema zatituta dago, flandrieraz edo frantsesez da. Ni, esaterako, hiritik kanpo bizi naiz eta nire hirian bakarrik frantsesa da hizkuntza ofiziala. Lan egiten dudan Bruselan, aldiz, paperak, edo elebitara edo neronek hautatutako hizkuntzan jasoko ditut. Jendea normalean ez da elebiduna. Hala ere esango nuke flandiarrek gehiagotan ikasten dutela frantsesa alderantziz baino. Bestalde, eskolan jendea berandu hasten da ingelesarekin. Nik uste alde flandriarrean ingelesa gehiago ikasten dutela, telebistako hainbat gauza ingelesez baitaude, eta Valonian gehiago frantsesez, Frantziako telebistei begira.

Zuk hori, gaztetxoekin ikusten duzu gehienbat, lanean. Zertan egiten duzu lan?

-Zerbitzu sozialetan. Proiektu asko garatzen ditugu 15etik 25 arteko gazteentzat, eta ni horietako baten koordinatzailea naiz. Bolondresgoa lantzen dugu eta aukerak ematen dizkiegu derrigorrezko hizkuntza --hemen 18 urteak arte-- bukatu ez dutenei. Eskola porrota kezkagarria daukagu, Belgika mailan gazteetako %11ak lehenago uzten du eskola derrigorrezko hezkuntza bukatu gabe, eta xifra hori handiagoa da Bruselako zenbait auzotan. Behar da aipatu, bestetik, leku askotan ez dagoela eskolan nahasketarik, eta gerta daitekeela ikasle guztiak, esaterako, jatorri turkiarreko, albaniarreko edo marokoarreko haurrak izatea. Horrek getoak sortzen ditu. Nik lan egiten dudan lekutik hiruzpalau kaletara, adibidez, guztiak dira turkiarrak eta marokoarrak, orain berrogeita hamar edo hirurogei urte espainiarrak edo portugaldarrak ziren bezalaxe.

Nabaritzen zaio hiriari europar hiriburutasuna?

-Metroan makina bat hizkuntza entzuten dituzu. Hiri irekia da, baina ez da Berlin, hemen tradizionalagoak dira. Behin ohituta aukera asko daude kulturalki, kontzertu asko, ekitaldi artistikoak, galeriak... Zertan nabaritzen hiriburutasuna? Ministro bilerak datozenean metro geltoki batzuk itxi egiten dituztenean eta segurtasun neurriak areagotzen.

Aukerarik bai Bruselan euskal gazteentzat?

-Kontratupean datozenentzat arazorik ez, bistan da. Kontraturik gabe bazatoz eta lan bila, ez da batere erraza. Jende asko ni bezala etorri ohi da, lehenik frantsesa ikastera eta hortik abiatzeko, nahiz eta azken aldian oraindik gehiago zaildu duten Europako beste lekuetatik datozenentzako laguntza sozialak eskuratzea. Kontraturik gabe etortzen den jende asko denbora bat eta gero itzuli egiten da.

Bruselako Euskal Etxeko kide zara.

-Bai, aurretik beste euskal etxe batzuk egon ziren, baina egungoa 2010an hasia da, eta egoitza orain urte t'erdi-edo lortu genuen. Badakit, esaterako, frontoia ere egon zela hirian, gaur afrikarren merkatalgune bat dagoen lekuan. Euskal Etxean denetariko kideak dauzkagu: 'gerrako umeak' izan zirenen seme-alaba hemen jaioak, ikasleak, Euskal Herrian edo euskal kulturan interesa daukaten bertakoak... Euskara eskolak baditugu, abesbatza, gastronomia klaseak eman izan ditugu, bilkura eta elkarretaratzeak egiten ditugu; esaterako duela gutxi sagardotegi oso arrakastatsu bat antolatu genuen eta datorren larunbatean bertan 'Badator Olentzero' festa daukagu, adin guztietako lagunentzat. Gurekin harremandu nahi duenak Facebook bidez egin dezake edo Bruselako.be helbidean. Ohituta gaude informazioa ematen. Hori bai, gure egoitzak ez dauka tabernarik, beraz bakarrik jardueraren bat daukagunean dago irekita.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia