euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna Diasporan zehar zabalduko da: Madril, Lima, Santiago, Caracas, Vancouver...

2016/03/24

Liman egingo den Aberri Eguneko ospakizunerako deialdia
Liman egingo den Aberri Eguneko ospakizunerako deialdia

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian eta Diasporan prest dira dagoeneko Aberri Eguneko ekitaldiak eta euskal etxeetako batzuk asteburu honetan, Berpizkunde Igandean, ospatuko dute. Halaxe gertatuko da, esaterako, Madril, Caracas, Habana, New York, Londres edota Mexikoko euskal etxeetan. Beste kasu batzuetan ospakizunak hurrengo bi igandeetan izango dira, tokian tokiko tradizio eta ohituren arabera. Hor aipa daitezke Lima, Santiago, Vancouver, Sao Paulo...  eta, jakina, Argentinako makina bat txoko (horiek beste artikulu batera bildu ditugu).

Donostia-San Sebastián. Diasporako euskal etxeak gertu dira urteko hitzordurik nagusienetako bat ospatzeko: Aberri Eguna. Euskal elkarte askotan egun hau urteko bilkura nagusienetakoa da eta galdu eziniko hitzordu bilakatu da. Asko dira, ordea, Berpizkunde Igandean ezik ondoko igandean edo bi igande ondoren ospatzen dituzten euskal etxeak, leku eta elkarte bakoitzaren tradizioaren arabera. Horien  guztien  berri ematen joango gara, hemen eta agendan, xehetasunak iristen joan ahala. Hasteko, hona dagoeneko heldu zaizkigun munduko euskal etxeetako deialdietako batzuk.

Caracaseko Euskal Etxea, Venezuelan, meza batekin hasiko dute igande honetan Aberri Eguna; ondoren banderen igoera mastetara egiteko, bi herrialdeetako ereserkiek eta elkarteko koruak lagunduta. Duela hilabete batzuk hasi du ibilera berria abesbatzak, Henry Quintero zuzendaria gidari, eta pozik dira partaideak. Ondoren pilota partidak jokatuko dira eta eguna ondo amaitzeko 14:30tan bazkaria egingo da, Samir Navarro sukaldariak prestatuta. Menu osoa, hemen. Caraboboko Euskal Etxean, Valencia ondoko Naguanaguan, antzeko programa garatuko egingo du.

Madrilen Euskal Etxeak Aberri Eguneko bazkaria egingo du igandean elkarteko txokoan (Sukalde). Menua honakoa izango da: otarrainxka entsalada, haragia piperrekin, postrea, ardoa, kafea eta txupitoa, dena Mentxu Casado bazkidearen gidaritzapean prestatuta.

New Yorken Eusko Etxeko Aberri Eguna doluz eta saminez betea dator aurten, duela egun gutxi auto istripu batean hil zen Patxi Bazurto bazkidearen galera dela eta. Elkarteak Aberri Eguneko ospakizuna mantentzea erabaki du, baina aldaketak egin dira. Bazkaria egin ordez, bilkura Patxi omentzeko elkarretaratzea bihurtuko da. Elkarteak pintxo batzuk zerbitzatuko ditu eta bertara biltzen direnek, elkarteko bazkide "alai, eskuzabal eta maitatu" honen familiari sostengua erakutsiko diote, Patxik berak Aberri Eguneko ekitaldiarekin aurrera egitea nahiko lukeelakoan..

Perun, Limako Euskal Etxeko lagunek inguruko herri batera, Pachamac-era, txangoa egingo dute Aberri Eguna aire zabalean ospatzeko, apirilaren 2an. Iaz egin zuten bezala, igerlekua eta barbakoa duen gune batean egingo dute egun osoko festa ederra. Ekitaldia antolatu dute Limako Euskal Etxeak eta Limako Euskal Gazteria (Legaz) taldeak, eta autobusa jarriko dute bertara joan eta etortzeko.

Apirilaren 2an ere, Txileko Santiagon Euzko Etxeak Aberri Egunaren ospakizuna mus txapelketararen finalarekin uztartuko du. Hura larunbatean, eta igandean, berriz, eguna mezarekin hasiko dute, Txileko Euskal Abesbatza kantari, ondoren euskal egoitzan emanaldiak eta herri bazkaria egiteko. Kanadako Vancouverren aldiz, Zazpiak Bat Basque Societyk apirilaren 9an egingo du bere Aberri Eguneko festa, Burnaby herrian, euskal musika, janaria, mus partidak eta giro ona lagun. Beste artikulu batean Haban ako Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatzeko aste honetan antolatu duen Euskal Astea aipatzen dugu.

Datozen egunetan beste hiri batzuetan antolatutako Aberri Eguneko programak aipatuko ditufu, hala nola Mexiko, Miami, Sydney, Montevideo, Sao Paulo, Londres edo Montrealgo euskal etxeek antolatuak.

Zure euskal etxeari buruzko ekitaldiei buruzko informazioa bidali nahi baduzu, info@euskalkultura.com helbidera idatziz egin dezakezu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia