euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bihar azken eguna EuskalKultura.com-en otsaileko zozketan parte hartzeko: euskal CD eta liburuak zeure esku

2016/02/25

Zozketagai diren lau sariak: 'Becoming Basque' liburua eta Maral, Kalakan eta Xiberoko Dantza Jauziak CDak (argazkia EuskalKultura.com)

Bihar ostirala azkeneko eguna da EuskalKultura.com otsail honetan zozketatzen ari den sariak eskuratzeko. Lau opari daude zozketagai: liburu bat, ingelesez, Boiseko euskal ondarea aipagai; eta hiru CD: bat, Maral talde euskal-argentinarraren azken lana; bi, Kalakan taldearen azkena; eta hiru, Xiberoko dantza jauzien CD bikoitza. Parte hartzeko email bat bidaltzea baino ez da behar. Oraino egin ez baduzu, gaur eta bihar azken aukera sariok doanik etxean eskuratzeko!

Gehiago irakurri...


Liverpooleko Manuel Irujo Katedrak euskal arte eta literaturari buruzko jardunaldiak egingo ditu martxoaren 11n

2016/02/25

Jardunaldien afitxa

Datorren martxoaren 11n Liverpoolen izango dira Harkaitz Cano eta Ixiar Rozas idazleak, Oskar Alegria zinemagilea eta Peio Aguirre arte kritikaria, besteak beste, euskal arte eta literaturari buruzko hausnarketa egiteko "Hibridazioa eta sare berriak: esku-hartze kritiko garaikideak" jardunaldian. Liverpool Unibertsitateko Manuel Irujo Katedrak antolatu du mintegia, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin.

Gehiago irakurri...


Jai giro ederra eta 120 bat gonbidatu Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 94. urteurren festan

2016/02/25

Menu aparta, dantzak, giro ederra eta 120 gonbidatu Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 94. urteurren jaian

Capitan Sarmiento, Buenos Aires, Pergamino eta Jose C. Paz hirietako lagunek bat egin zuten Arrecifeseko euskal gizataldearekin euren euskal etxearen 94. urtebetetzea ospatzeko. Afariaren baitan zorion agurrak eta opari bereziak jaso zituen Buenos Aires probintziako zaharrenetakoa den euskal elkarte arrecifestarrak.

Gehiago irakurri...


Umeei zuzendutako historia, kirol eta jolasekin, estreinakoz ospatu dituzte euskal Inauteriak Montrealen

2016/02/24

Gaztetxonetatik nagusienetara arte, itzel pasatu zuten Montrealen euskal ihauteriak ospatuz, estreinako aldiz (Argazkia: E.Q.)

Hala iragarri dute Quebec-eko Euskaldunak euskal etxetik. Iragan igandean, hilaren 21ean, bertako euskaldunek Inauteriak ospatu zituzten lehenbizikoz. 40 bat lagun bildu ziren “3tik 86ra urte bitarteko haurrei” zuzendutako programara. “Belaunaldiz belaunaldi, (gure) kultura bizirik mantentzeko dira baliotsuak ekintza hauek”, esan dio EuskalKultura.com-i Sylvie Nadaud antolatzaileak.

Gehiago irakurri...


Pastoral bihurtuko dute Katalina de Erauso monja abenturazalearen bizitza; euskal etxeei sostengu eskaria

2016/02/24

Katalina Erauso, komentutik ihes egin eta Ameriketan gizonez jantzita borrokan ibili zen donostiar abenturazalea

Iparraldeko musikari, dantzari, aktore eta herritar talde batek Katalina Erauso euskal monja gudariari buruzko pastorala sortu du. XVII. mendean Erausok komentutik ihes egin eta Ameriketara joan zen, gizonez mozorrotuta, hamaika abentura eta borrokatan parte hartuz. Pastoralak bere bizitza harrigarria taula gainera ekarriko du eta horretarako finantziazioa eskuratzeko sostengu kanpaina jarri du abian munduko euskaldunen artean. Pariseko, Paueko eta Suitzako euskal etxeek babesa eman diote dagoeneko; antolatzaileek Diasporako gainerako elkarteei ere deia egin diete.

Gehiago irakurri...


Mus Txapelketa eta herri bazkaria Macachinen, Euskal Etxearen eta Hotelaren urteurrenak ospatzeko

2016/02/24

Euzko Alkartasuna Euskal Etxearen egoitza den Hotela, lehen eta orain

57 urte beteko ditu otsailaren 28an Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak. Erakundearen egoitza den izen bereko hotelak, berriz, 50 egin ditu urtarrilean. Bi urteurrenak ospatzeko hiru eguneko programa antolatu dute macachindarrek datorren astebururako: ostiral eta larunbatean, Mus Txapelketa; igandean, lagun arteko bazkari erraldoia. Bi ekintzetan parte hartzeko txartelak daude salgai.

Gehiago irakurri...


Artea eta Diasporari buruzko jardunaldiak egingo dira etzi Baionan eta etzidamu Donostian, Eusko Ikaskuntzaren eskutik

2016/02/23

Baionan eta Donostian egingo diren jardunaldien kartela

Eusko Ikaskuntzak antolatuta, "Arteak eta Euskal Diaspora" izeneko nazioarteko jadunaldiak egingo dira aste honetan Baionan eta Donostian. Etzi, Baionako Euskal Museoak hartuko ditu mintegiko saioak, eta etzidamu, Donostiako San Telmo Museoan egingo dira. Horrez gain, "Artisten begirada Euskal Diasporaz" erakusketa estrenatuko da Baionan, eta ondoren Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena izango da ikusgai 2017a arte.

Gehiago irakurri...


Boiseko Ikastolari lagunduko dio Idaho Stampede saskibaloi taldeak martxoaren 11ko partidan

2016/02/23

Boiseko haur eskolarentzat diru sarrera iturria izateaz gain, ikasle gazteek beren jokalari kuttunenak ezagutzeko aukera izango dute ere (Argazkiak: B.I. eta I.S.)

Idaho Stampede Boiseko saskibaloi taldeak hiriko Ikastolari lagunduko dio datorren martxoaren 11n. Austin Spurs taldearen kontra jokatuko duten partidarako sarrera bakoitzetik bost dolar jasoko ditu Ikastolak, haur eskolaren jarduna laguntzeko. Partidara joan eta talde boisetarrari animatzeko deia egin dute Ikastolak eta antolatzaileek, ongi pasatu eta partidaz gozatzearekin batera Boiseko euskara eta euskal kulturaren lagungarri izateko xedea duen ekimenean parte hartuz.

Gehiago irakurri...


Corpus Christiko EEak bere VIII. Literatur Lehiaketa jarri du abian: lanak maiatzaren 31ra arte jasoko dira

2016/02/23

2014. urtean, Julio Markiewicz-ek Liburutegiaren Batzordeko lehendakariak Euskal Etxearen 'Kontaketa Harrigarrien' 2. bilduma aurkeztu zuen (argazkia EE)

Gogoz jarraitzen du lanean Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak eta urtez urte sendotu egiten da aurrera daramatzan proiektuetan. Atahualpa Yupanqui izena daraman bere Liburutegiak sortutako Idazlan Lehiaketa, Nazioarteko Lehiaketa izatera iritsi zen denboraren poderioz. Azken egun hauetan kaleratu dituzte 2016ko edizioko oinarriak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da eta sari-emanaldia uztailean egingo, Kultur Jaiaren baitan.

Gehiago irakurri...


'Amama', 'Jai Alai Blues' eta 'Gure Sorlekuaren Bila' izan dira Zinemaldia.Cat jaialdiko Urrezko Txapelen irabazleak

2016/02/22

"Jai Alai Blues" dokumentalaren kartela

Amaitu berria da Bartzelonako Euskal Etxearen 2016ko Zinemaldia eta antolakuntzak atzo gauean eman zituen aditzera Txapela D'Or sariaren irabazleen izenak: 'Amama' filma, 'Jai Alai Blues' dokumentala eta 'Gure Sorlekuaren Bila', hau ere dokumentala. Lan hauez gain, zinemaldiko epaimahaiak aipamen berezi bat egin nahi izan dio fikziozko beste film bati, "Pikadero"-ri hain zuzen ere. Zorionak denei!

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia