euskal diaspora eta kultura

2010/03/23
Patxi Lopez lehendakariak harrera-ekitaldi bat izan zuen atzo arratsaldean Sao Paulo estatu eta hirian bizi diren euskaldunekin, Brasilera, 150 bat pertsona partaide dituen euskal ordezkaritza batez ere ekonomiko zabal bateko buru gisa hasi berria duen bidaia ofizialean. Programarten baitan, Sao Paulo erdiguneko hotel bat biltoki izan zuen Brasilgo euskal gizataldekoak agurtu eta Sao Paulo estatuan dauden bi euskal etxeetako partaideak agurtzeko. Ekitaldira bildutakoei zuzendu zien mezuan, euskal emigrazioaren egitatea aipatu zien, Euskadi utzi zutenekin herrialdeak daukan zorra, eta baita ere egun Euskadik bertako euskal gizataldekoei eskatzen dien mesede berria, euskal enpresa, produktu eta ekimen ekonomikoko sarbide eta laguntzaile izan daitezen, euskal-brasildar harreman ekonomikoen sostengatzaile.
2010/03/23
2010/03/22
Elkartearen Biltzar Nagusiaren ondotik, karguak berritzeko araudi-betebeharrari ekin dio Argentina hegoaldean elkarren ondoan --Ibai Beltza tarteko-- dauden Viedma (Río Negro probintzia, Patagonia) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) herrietako euskal jatorriko komunitatea biltzen duen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' izeneko euskal etxeak. Elkarteko kideek konfidantza berritu diote egun lehendakari den Isabel del Carmen Labianori, eta berarekin batera euskal etxea 2010-2012 tartean gidatuko duen buruzagitza hautatu dute, tartean Sonia Beatriz Gastaminza idazkari berretsiz eta Mario Fabian Azcarate diruzein berri izendatuz. Zorterik onena eurei, zabaldu zaien lanaldi berrian.
2010/03/22
2010/03/22
Buenos Aires Unibertsitateko Hizkuntza Laboratorioan anitz hizkuntza ikas daitezke, tartean ingelesa, portugesa, italiera eta alemana, batzuk aipatzearren. Duela bost urte, ordea, eta indoeuroparra ez den Europako hizkuntza bat irakasteko asmoarekin, UBA bera eta Argentinako Euskal Federazioa elkartu ziren proiektu berria bultzatzeko. Ikastaroak lehenengo lauhilekoa iraungo du eta hastapen mailakoa izango da. Klaseak martxoaren 23an (bihar) hasiko dira eta astearteetan eta ostegunetan izango dira, arratsaldeko 6etatik 8etara laboratorioaren egoitzan. Izena emateko ez da gradu akademikorik eskatzen eta kurtsoa gainditzen dutenek UBAren agiri bat jasoko dute.
2010/03/19
Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean, arrakastaz ari da garatzen eskolarako lanabesak biltzeko elkartasun kanpaina, bat eginez herriko zenbait lagun eta erakundek hasitako ekimenarekin. Martxoaren bi lehenengo larunbatetan, 6an eta 13an, egindako biltzealdiak emankorrak izan ziren eta hileko hirugarren larunbata --bihar alegia, Euskal Etxeak bere urteroko Biltzar Nagusia egingo duen eguna-- finkatu da ekimenean parte hartu nahi dutenek hala egin ahal izan dezaten. Zingirako Euskaldunak Euskal Etxetik parte hartu dutenei eta parte hartu behar dutenei biziki eskertzen zaie euren partaidetza eta elkartasuna, norberaren hondar alea garrantzitsua baita pixkanaka eta guztion bat egitearekin eraikitzen diren honelako proiektuen kasuan.
2010/03/18
Datorren larunbatean egingo diren FEVAko buruzagitzarako hauteskundeetan lehian gelditu den zerrenda bakarreko burua da Ricardo Basterra. Munduan euskal etxerik gehien biltzen duen federazioak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera bilduko ditu bere bazkideak, datozen bi urteetan erakundea gobernatuko duten karguak berritzeko. Hauteskunde lehia izango zela zirudien, baina 'Renovación Vasca' izenpean aurkeztekotan zen zerrendak, Alejo Martin buru, ez aurkeztea erabaki zuen azken momentuan. EuskalKultura.com-ek galdera batzuk luzatu dizkio, gauza ezohikorik gertatu ezean datorren larunbatetik aurrera FEVAko lehendakaria izango den Ricardo Basterrari, egun FEVAko diruzain eta Santa Rosako Euskal Etxeko lehendakaria den hautagaiari.
2010/03/18
"Gatza euskal artista talde hetereogeneoa Erroman izanen da udaberria inauguratzen! Pidgin aldizkari-fanzinearen azken zenbakia ere hemen eginen dute", dioskute Erromako Associazione Culturale Euskara-ko (ACE) lagunek, eurak Dipartimento Lingua e Cultura Basca dell'Universitá Popolare di Roma (UPTER) bulegoarekin batera heldu den astebururako hiriburu italiarrean prestatu duten kultur ekitaldia iragarriz. Pidgin aldizkaria aurkeztu eta arte abangoardiako Gatza euskal kolektiboak bere lagun idazle, musikari, poeta, argazkilari eta filosofoen presentzia erromaratuarekin prestatu duten ikuskizuna da larunbat eta igandez Erromak kutur arlo dinamiko eta alternatiboan eskaintzen duen proposamenetako bat, ikuspuntu askotatik interesgarrienetakoa seguruenik.
2010/03/17
Txiletik abiatu da ekimena, bertako euskal Diasporatik bultzatua, herrialdea astindu duen lurrikara handiak kaltetutakoei laguntzeko, eta laguntza hori, Euskal Herriaren kasuan, euskaldunekin eta euskal historiarekin lotura zuzena duen Constitucion herriarengana bideratzeko eskatuz, kaltetuenetakoa izan den eta hildakoetako asko jasan dituen herri hau, XVIII. mende amaieran euskal ekimen bati esker eraikia izan bazen, egun, beste euskal ekimen batek lagun dezakeelakoan. Euskal diasporako kide aktiboa den Claudio Echeverria de la Barra abokatu euskal-txiletarrak egin du deia, Facebook-en orria zabalduz, eta euskal indarrak Constitucion-eko biztanleen alde biltzeko galdeginez
2010/03/17
Gaztea da oso Saltako Euskal Etxea. Izan ere, joan den urteko abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunarekin eta Euskararen Egunarekin batera, urtebete bete zuen. Baina erakundeko kideek urrats handiak eman dituzte epe honetan Argentinako iparraldean euskal kultura hedatze aldera. Helburu horri jarraituz eta aldi berean Saltako komunitateari laguntzeko asmoz, anitz ekintza ari dira egiten Gure Etxea-koak. Beste batzuen artean ahalmen bereziko haurrak biltzen dituen Tobar Garcia Eskolari emango dioten babesa aipa daiteke. 'Oarin arteko balantzea ona baino hobea da', adierazi dio instituzioko lehendakaria den Jorge Saracho Bianchik EuskalKultura.com-i. 'Poz handia hartu dugu bakarrik ez gaudela ikustean. Saltako Udaletxe, FEVA, eta Euskal Herriko erakunde batzuen laguntza eta beste euskal etxe batzuena ere jasotzen dugu'.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus