euskal diaspora eta kultura

2010/10/25
Hamahirugarren edizioa beteko du aurten Bartzelonako euskal musika jaialdiak. Hamabi urte udazkenero Euskal Herrian sortzen diren musika proposamenekin gozatzeko aukera emanez hiriburu katalanean. Aukera aparta talde eta proposamen berriak ezagutzeko eta euskal musikako artista ezagunenetako batzuez gozatu ahal izateko. Aurtengo programa musika onez, ezagutzeke dauden talentu berriez, euskal artista jada ezagunez eta beste hainbat ezusteko atseginez betea dator. 14 talde eta hamaika estilo, Iparraldeko folketik Ezkerraldeko punkera. Urriaren 30etik abenduaren 11era.
2010/10/25
2008. urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzak eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak (FEVA) 'Euskal Herriko Baserriak' argazki erakusketa ekarri zuten Hego Ameriketara Argentinako publikoaren eskueran jartzeko. Bi urte hauetan zehar, euskal etxe askotan egon dira ikusgai euskal argentinarrek hain gustuko dituzten Pirinioetako paisaiei buruzko irudiak. Erakusketa ibiltari honekin jarraituz, joan den urriaren 4etik 16ra Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeari egokitu zitzaion erakustaldia antolatzea bertako publikoak argazkiez goza dezan.
2010/10/22
Hirugarren urtez Zinevasco jaialdiak euskal zinemagileek Euskal Herrian (eta munduan) eginiko filme eta laburmetraia sorta bat erakutsiko du Caracas Venezuelako hiriburuan. Filmak Chacao Kultur Zentroan emango dituzte, astelehenean hasi eta azaroaren 3a bitartean. Jaialdiak "ekoiztetxe, zuzendari, gidoilari, aktore eta gaien ikuspegi txiki bat, euskal kultura zazpigarren artearen bitartez ezagutzeko" eskaintzen duela azaldu dio EuskalKultura.com-i zinemaldiko koordinatzaileak, Vicente Corostolak.
2010/10/22
Zine-kafe zikloa gautzen ari da La Platako Euzko Etxean bertako Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askea eta euskal etxeko 'Matxin Burdin' Liburutegia antolatzaile. Gaur bertan izango da zikloaren bigarren topaketa eta bertaratzen direnek txalapartari buruzko 'Nomadak TX' dokumentala ikusteko aukera izango dute. Proiekzioa arratsaldeko 7etan hasiko da, euskal etxeko egoitzaren lehenengo pisuko aretoan.
2010/10/22
Paul Ygartua margolariak tamaina handiko mural bat margotu zuen joan den abuztuan Gorliz herri bizkaitarrean. Liverpool-en jaio eta Kanadako Vancouver hiriko bizilagun, Ygartua herriko familia baten ondokoa da eta urtero udan bertara bueltatzen da, lehen gurasoekin eta gaur egun seme-alaba eta bilobekin. "Nire aitak bere kultura guri transmititzeko ahal zuen guztia egin zuen eta bere euskaldun izatearen harrotasunak marka utzi zuen niregan. Orain energia hori datozen belaunaldiei pasatzea nire betebehartzat hartu dut", adierazi dio EuskalKultura.com-i.
2010/10/22
Santa Fe hiriko Euskal Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean, euskara eta euskal kultura zabaltzeko eginahalean darrai, bertako eskoletan ematen ari den hitzaldi sortaren bidez. Hitzaldiak elkarteak Kolektibitateen Jaian egingo dituen ekimenen atarikoa dira.
2010/10/21
Berlineko Euskal Etxeak datorren urriaren 30ean egingo du aurkezpen ofiziala, Regengenfabrik-eko zinema aretoan egingo diren hainbat ekitaldiekin. Dokumentalak, bideo emanaldiak eta Sarrionaindia eta Leteren olerkietan oinarritatuko dantza erakustaldia izango dira ikusgai besteak beste. Elkartea 1998an sortu zen, Gernikako bonbardaketaren 60. urteurrenean, eta aurtengo otsailean Eusko Jaurlaritzak ofizialki euskal etxeen erregistroan onartu zuen.
2010/10/21
Kuban bizi izandako euskaldun asko eta asko kokatu ziren Habanan, uharteko hiriburuan bertan, eta haien presentziak aztarna utzi du hiriko hainbat tokitan. Berria egunkarian plazaratua izan den ondoko artikuluan Josemi Arrugaetak txoko horietatik osteratxoa egiteko gonbitea luzatzen digu. Ibilaldia Armen Plaza historikotik hasiko dugu, Espainiako errege Fernando VIIari eskaintza ironiko bat egin zioteneko lekuan.
2010/10/21
Elizondo deituradunen Nazioarteko VI. Bilera datorren asteburuan --urriaren 22tik 24ra-- egingo da Saltillon, Mexikoko Coahuila estatuko hiriburuan. Elizondo deituradun talde batek, 'Colegio de Demografía de Nueva Vizcaya' delakoarekin batera antolatuta topaketako egitarauak hitzaldi eta saioak biltzen ditu genealogiaz, Elizondotarren jatorriez, familiako pertsonaia historikoez eta baita irteeraren bat ere, saioen egoitza gisa bi leku hartuko dituela: Coahuilako Unibertsitate Autonomoa eta Saltilloko Udal Artxiboa.
2010/10/21
Argentinako Buenos Aires probintzian dagoen Lapridako Euskal Etxeko amek omenaldi beroa jaso zuten joan den larunbatean, urriaren 16ean, elkarteko egoitzan. Euskal etxeko Pilota Azpi-Batzordeak antolatu zuen afaria eta bazkide askok bat egin zuten deialdiarekin, amei merezitako aintzat-hartzea egin eta giroaz gozatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus