euskal diaspora eta kultura

2010/11/10
Rafael Anchia euskal amerikarra Alderdi Demokrataren etorkizuneko politikarietako bat eta Texas estatuko Ordezkarien Ganbarako kidea da. Egunotan Euskal Herrian da, Biarritzeko Foroak gonbidatuta. Bere familiak Markinan ditu sustraiak eta honekin laugarrengoz etorri da arbasoen sorterrira. Deia egunkariak egin dion elkarrizketan AEBetako biltzarkide honek bere alderdiak hauteskundeetan jasan berri duen porrota aztertzen du. Guk elkarrizketa laburbildu eta euskaratu egin dugu jarraian.
2010/11/10
“Argentinan euskaraz?” galdetzen dute mundu hegoaldeko herrialde honetara heltzen diren hainbat euskaldunek. Eta bat baino gehiago hunkitu egiten da Euskal Herritik hain urrun egonda, euskaraz hitz egiteko aukera topatzen duenean. Izan ere, Argentinan mila bat euskara ikasle daude, eta nahiz eta kasu ia guztietan giro erabat erdaldunean bizi izan, euskarari gogor eusten diote. Egoera hori ez da, ordea, egun batetik bestera sortu. 1990ean hasi zen “Argentinan euskaraz” proiektuak zerikusi handia du. FEVAk eta HABEk kudeatzen duten programa honen bidez, ekintza ugari egin dira Argentinan egun hori esan ahal izateko, 'Argentinan Euskaraz'.
2010/11/10
Iparraldetik nahiz Hegoaldetik lagun mordoa argentinaratu ziren Euskal Astean parte hartzeko. Iparraldetik 'Euskal Argentina' elkarteko kideak. Hegoaldetik, besteak beste, Getxoko Itxas Argia Dantza Taldekoak. Biek partaidetza berezia izan zuten Mar del Platan burutu zen jaian. 'Euskal Argentina'ko kantuzaleek Pello Mari Otañori omenaldia egin zioten ostiral gauean, euskal-argentinar bertsolariaren heriotzaren Mendeurrenean. Dantzari eta musikari getxoztarrek, berriz, emanaldiak eskaini zituzten astean zehar.
2010/11/10
Kolonbiako Medellin hiriak 335 urte bete zituen joan den azaroaren 2an eta hiriko biztanleek urteurreneko ekitaldiekin bat egin dute gogotsu, batez ere 'Zer oparituko zenioke Medellini bere urtebetzean?' izeneko kanpainarekin. Medellin egoitza duen Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroaren blogak ere bat egin du ekimenarekin --eta erantzun batzuk euskaraz jaso ditu!-- hiria sortu zuena euskaldun bat izan zela --Miguel de Aguinaga y Mendiondo eibartarra-- gogora ekarriz.
2010/11/10
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak gazteen artean euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina jarri du abian. 'Euskarak milaka aurpegi, milaka ahots' ekimenaren bitartez kanpainari atxikimendua adierazten dioten pertsonen argazkiekin mosaiko bat ari dira osatzen. Euskaldun anonimoak, telebistako aurkezleak, aktoreak, bertsolariak, kirolari eta jokalariak... askok igo dute honez gero berea. Bidal ezazu zeuk ere zeurea!
2010/11/09
Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurrenaren urtean hamaika ekintza egin dira Argentinan osoan zehar. Argentinako euskaldunek euren euskal etxeetatik ere aldarrikatu dute garrantzi handiko urteurren hau. Joan den asteburuan Argentinarrentzako baita euskaldunentzako ere bi jai esanguratsuk bat egin ziren Mar del Platan. Kostaldeko hirian eta Bigarren Mendeurreneko Euskal Astea ospatzeko euskaldunak nonbre handiak bildu ziren.
2010/11/09
Txileko Nafar Etxearen bazkide fundatzaile eta lehenengo presidentea, Agustin Otondo Dufurrenak (Erratzu, 1934) "Txilen nafarrak ordezkatzen" eginiko lanagatik jasoko du errekonozimendua. Hamalau urte zituela Txilera famili-kateari jarraiki heldua, geroztik herrialde honetan garatu du bizia eta bertakoak ditu seme-alaba eta bilobak. Lan-arloan, Txilen baztandar askok bezala okintza arloan hasi zen lanean, arlo bereko bere negozioa hasi arte. Nafarroako Gobernuak atzo saritzea erabaki zuen, izan ere "Nafarroaren aurrerapenari edo kanpoarekiko irudiari ekarpenik egin dioten pertsona edo erakundeei euren lana aitortzeko" sortutako sari honekin.
2010/11/09
Euskal Herriaren Lagunak eta 'Diaspora Vasca Javier Mina' elkarteek gaur hasi eta ostirala bitartean luzatuko diren “Javier Mina eta Euskal Herria" jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldion 4. edizioa da hau eta Mexiko DFko Kazetarien Elkartean egingo dira. Mahainguruetan autodeterminazio eskubidea, Javier Minaren figura historikoa eta Mexikoko independentzia guda bezalako gaiak jorratuko dituzte. Era berean, euskal zinema ziklo bat ere izango da ikusgai astean zehar hiriburuko Centro de Capacitacion Cinemátografica aretoan.
2010/11/09
Aurten ere Paranako Urrundik Euskal Elkarteak bat egin zuen hiri argentinar honetako Kolektibitateen Azokarekin, hainbat ekitaldietan gogo biziz parte hartuz. Aipagarriak dira elkarteko dantza taldeek --txiki, ertain eta nagusiek-- eskaini zituzten erakustaldiak, azokaren agertoki nagusian. Horrez gain euskal elkarteak standa izan zuen azokaren gunean eta bertatik euskal kulturari buruzko informazioa zabaldu zuen.
2010/11/08
Atzo arratsaldean eta amaierako bazkaria bukatu ondoren, Mar del Plata hirian bildu ziren 40 bat herri argentinarretako euskaldunek “agur eta hurrengo urtera arte” esan zioten elkarri. Eta nahiz eta agurrak beti tristeak izan, aurpegi guztietan iribarreak azaleratu ziren hiru egunetako jaian primeran pasatu izanaren seinale. Urtero bezala, EuskalKultura.com presente egon da euskaldun argentinarren festa handienean; hona 2010eko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko aurkezpen labur bat. Aste honetan zehar segituko dugu materialaren gainerakoa argitaratzen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus