2012/01/31

Euskaldunak elkarte quebectarrak indartsu hasi du urtea eta Kanadan euskal kultura zabaltzen egiten duen ahaleginean pauso berri bat emango du igandean, Radio Canada irratiak Euskal Herriari eta euskal etxearen jardunari eskainiko baitio tartea. "Babylone Café" izeneko irratsaioak elkarteko presidentea, Adelaide Daraspe, elkarrizketatuko du eta euskal etxean ematen diren euskara klaseetan ere izango da. Igandetik goiti, ordubeteko saio hau internet bidez entzun ahal izango da. Horrez gain, elkartea Inauterietarako ekitaldi berezia ari da prestatzen, eta otsailaren 10ean mozorro lantegia eta jai honen jatorriari buruzko solasaldia egingo dituzte euskal etxean.
Gehiago irakurri...
2012/01/30

Otsailaren 4ean Santa Ageda eguna da eta Euskal Herriko herri eta auzo askotan etxez-etxe ibiliko dira kantuan makina bat koru, elkarte edo horretarako bildutako bizilagun taldeak. Diasporan ere antolatu dituzte horrelako zenbait ekitaldi: Estatu Batuetan, adibidez, Boisen Ikastolako umeak izango dira kantariak ostiral honetan, eta bertara joan ezin duenari kantatzeko bigarren aukera bat emango diote datorren astelehenean, euskara ikasleekin batera. Madrilen Euskal Etxeko koruak urtero legez espainiar hiriburuko zentroan egingo du ibilbidea larunbatean bertan, eta Puerta del Sol eta Plaza Nagusia bezalako gune ospetsuetatik igaroko da.
Gehiago irakurri...
2012/01/30

Euskal Herria ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen die Boiseko Estatu Unibertsitateak AEBetako euskaldunei (eta euskal kultur zaleei) ekainaren 24tik uztailaren 9ra egingo den bidaia honekin. Aparteko gidaria izango du gainera taldeak: Dave Lachiondo boisetarra, unibertsitateko Euskak Ikasketa Programaren arduradunetakoa eta Euskal Herria ederki ezagutzen duen aditua. Bidaiariek alderik alde zeharkatuko dute euskal kostaldea, Bilbon hasi eta Iparraldean bukatuz. Bidean ikusiko dituzte Urdaibai, Gernika, Donostia, Zarautz eta Azpeitia, besteak beste. Interesa daukatenek denbora gutxi daukate pentsatzeko, datorren astean bukatuko baita seinalea uzteko epea, otsaileran 10ean hain zuzen.
Gehiago irakurri...
2012/01/30

Urte hasierako lehen aste hauetan HABEk Euskara Munduan programaren bitartez Txile eta Uruguaiko euskal etxeetan ematen diren euskara ikastaroak sustatzeko hitzarmenak berritu ditu. Asmo horrekin, urtarrilaren 16an Santiagon izan zen Kinku Zinkunegi teknikaria eta Euzko Etxea eta Colectividad Vasca de Santiago elkarteekin bildu zen. Biharamunean Valparaisoko Eusko Etxearekin egin zuen bilera. Ondoren, Montevideon FIVU federazioko euskal etxeekin elkartu zen Zinkunegi, eta urtarrilaren 18an Saltoko Euskaldunen Taldea, Montevideoko Centro Euskaro eta Euskal Erria euskal etxeko ordezkariekin izan zen, ikastaroen balioespena egiten eta datorren urterako ekimenak aztertzen.
Gehiago irakurri...
2012/01/27

Jean Darrigol zuzendari lapurtarra eta euskal zinemazale talde batek abian jarri du 'Ainara' filmea sustatzeko ekimena. Lau hizkuntza bilduko dituen luzemetraia honek AEBetan hazitako neska gazte baten istorioa eta etxera bueltan Iparralden bizi duen maitasuna azalduko ditu. Oihana Maritorena, Tomas Arana aktore euskal-amerikarra eta Nicolas Cazalé frantziarra izango ditu protagonista. Ekimena zuzentzen duen taldeak Euskal Herriko eta Diasporako euskaldunak bildu nahi ditu proiektura eta bertan parte hartzeko zazpi bide desberdin proposatu ditu. Jarraian azaltzen dizugu nola parte har dezakezun euskal filme independente honetan.
Gehiago irakurri...
2012/01/27

Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak "Narrazio Harrigarriak" lehiaketaren laugarren edizioa aurkeztu du. Bi kategoriatan parte har daiteke: gazteak (18 urte arte) eta nagusiak (19 urtetatik aurrera). Gaiak fantasiazkoak edo harrigarriak izan daitezke, eta baita ere pertsonaia aipagarriei buruzkoak. Narrazioek hiru orriko luzera izan dezakete gehienez eta martxoaren 31 arte bidali ahal izango dira. Bestalde, iragan abenduaren 3an, Eusko Etxeak Tava Miri komunitate guaraniaren eskolaren ikasturte bukaerako jaian parte hartu zuen. Izan ere, Corpuseko euskal etxeak zutitu zuen eraikina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.
Gehiago irakurri...
2012/01/26

Urtarrilaren 21ean hasi ziren eta larunbat honetara arte ariko dira lanean Argentinako Tandil herrian Euskara Munduan programaren barnetegian parte hartzen ari diren irakasleak. Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo hainbat euskal etxetako irakasleak ikasle bihurtu dira egunotan eta euskaran eta irakaskuntzaren metodologian ari dira sakontzen, HABEko Kinku Zinkunegik eta Sabrina Otegui, Gabriel Arce eta Gabriela Mendia argentinarrek eta Dani Oiharbide euskaldunak gidatuta.
Gehiago irakurri...
2012/01/26

Etxepare Euskal Institutua Cannes-en izango da datorren asteburuan, Midem musika azokan euskal musika ezagutarazteko asmoarekin. Horretarako, institutuak Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Soinuak hedapen programarekin batuko ditu indarrak. Ondoren, otsailaren 1etik 4ra bitartean, Pariseko Expolangues azokan izango da. Bertan standa jarriko du institutuak eta hainbat ekitaldi bultzatuko ditu: euskara eskolak, hitzaldiak eta Maddi Oihenart kantariaren kontzertu bat, besteak beste. Horrez gain, institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendariak, Mari Jose Olaziregik, Pariseko Sorbonne III unibertsitateko arduradunekin bilera egingo du, bertan eskaintzen den Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoari jarraipena egiteko.
Gehiago irakurri...
2012/01/25

Euskal Herrian isildu egin dira jada danborren hotsak, baina Argentinan euskaldun asko irrikaz ari dira itxaroten ostiral eta larunbat honetan Necochean egingo den San Sebastian jaia. Necocheako Euskal Etxearen danborrada Euskal Herritik kanpo antolatzen direnen artean handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da eta Argentinako beste euskal etxeetako lagun askok ere jaiarekin bat egin eta danborradan jotzeko gonbitea baliatzen dute egunotan. Aurten astebete atzeratu da jaia, iragan asteburuan Necochean Gizataldeen Azoka ospatu zelako eta euskal elkarteak bertan parte hartu zuelako.
Gehiago irakurri...
2012/01/25

Urtero legez, Mexikoko Euskal Etxeak gogotsu ospatu du San Sebastian Eguneko jaia; izan ere, elkartera jende gehien biltzen duen hitzordutako bat da hau. Gainera besta donostiar edo azpeitiar estilo peto-petoan ospatu zuten: danborrada eta guzti! Alfredo Jover bazkidea izan zen oraingoan ere zuzendaria, eta berak gidatuta elkarteko hogei bat lagunek jo zituzten Sarriegi maisuaren doinu eta kantuak, horien artean, nola ez, San Sebastian Martxa.
Gehiago irakurri...