euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lisa Corcostegui amerikarraren Euskal Herriko argazkiak salgai daude Argazkilana.com webgunean

2012/02/06

Argazkilana.com webgunean eros daitekeen Euskal Herriko irudi bat (argazkia LCorcostegui) Oregonen hazia eta bizkaitarren biloba, Lisa Corcostegui euskal-amerikarrak betidanik izan du gogoko argazkilaritza. 1985. urtean arbasoen herrialdera egin zuen lehen bidaiaz geroztik, gai kuttuna du Euskal Herria eta sarri bueltatu da, egun duen argazki bilduma mardula bildu arte. Orain www.argazkilana.com webgunean jarri ditu salgai, etxean Euskal Herriko zatitxo bat izan nahi duen edonorentzat eskuragarri. Donostiako Alde Zaharra, Lekeitioko portua, Zuberoako Gotaineko bazterrak, Baztan eta Amaiur Nafarroan, Gatzaga Araban... bada non aukeratu!

Gehiago irakurri...


Arrakastaz egin da urtarrilaren 21etik 28ra Tandilen 'Euskara Munduan'en 2008-2011ko azken barnetegia

2012/02/03

Tandilgo Udako Barnetegiko partaideak, joan den astean: 'Euskara Munduan' programako ikasle/irakasleak FEVA eta Gure Etxea-ko agintariekin (argazkia EuskalKultura.com) Aste bizia izan da oso urtarrileko azkena 'Euskara Munduan' programako ikasle, irakasle eta arduradunentzat. Izan ere, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean gauzatu den udako barnetegi hau 2008-2011 lau urteko planaren azkena izan da, eta erabat probetxugarria gertatzeaz gain, despedida modukoa ere izan da partaideetako askorentzat. Datozen hilabeteei begira, ikasle aurreratuek HABEko azterketak prestatuko dituzten bitartean, proiektuko arduradunak irakasle berriak trebatzeko lau urteko plan berri bat abiatzeko lanetan ibiliko dira. FEVAko buruzagi behinenak Tandilera agertu nahi izan zuten, erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bilera bertan egin eta euskara ikasle/irakasleak agurtu eta sostengatzeko.

Gehiago irakurri...


Ataun futbol taldeak, Argentinako euskaldunen ondorengoek sortua, 'Vascogermana' izeneko liga irabazi du

2012/02/03

Ataun taldeko jokalariak finala eta gero titulua ospatzen (argazkia Vascogermana) Argentinan bada 'Euskal-alemaniar' (Vascogermana) izena duen futbol liga amateur garrantzitsu bat. Hogei bat taldek osatzen dute eta Ataun, Zurriola, Schalke edo Stromberg bezalako izenak dauzka. Aurten lehen mailako txapelduna Ataun taldea izan da, duela hamar urte liga sortu zuenetako bat. Llavallolgo Euskal Echea eskolako ikasle ohiek sortu zuten taldea eta izena aukeratzeko orduan Euskal Herriko mapa bat hartu eta Ataun begiz jo zuten. Diario Vasco egunkaritik jaso dugu berria.

Gehiago irakurri...


Euskal etxeentzako eta diasporan egoera larrian daudenentzako laguntzen epea otsailaren 29n itxiko da

2012/02/03

Lehendakaritzaren egoitza, Gasteizen Gure irakurleei gogorarazi nahi diegu oraindik garaiz direla 2012 urterako euskal etxeentzako laguntzak eskatzeko, eta baita ere tarte berean Diasporan egoera larrian dauden pertsonei laguntzak eskatzeko. Bi deialdietan eskabideak aurkezteko epea hil honen bukaeran itxiko da, otsailaren 29an zehazki. Jarraian deialdiei buruzko informazioa gehiago eta eskabideak aurkezteko beharrezkoak diren imprimakien loturak bildu ditugu.

Gehiago irakurri...


Dena prest Buenos Airesen bertako Udako Euskal Unibertsitatearen 2012ko edizioari hasiera emateko

2012/02/02

2009ko Udako Euskal Unibertsitateko azken ekintza Datorren astelehenean hasiko dira Buenos Aireseko Sarandi kaleko Euskal Echearen egoitzan Argentinako UVVren (Universidad Vasca de Verano) aurtengo eskolak. Ikastaroa, otsailaren 6tik 17ra luzatuko da, ordutegi trinko bati jarraituz. Klaseak egunero goizetan (9etatik ordu 1era) nahiz arratsaldetan (ordu 2etatik 6etara) izango dira aipatu bi asteetan, igandeetan izan ezik. Programaren baitan, Euskal Echearen Llavallolgo egoitza bisitatuko dute ikasleek Institutuko eta Unibertsitateko arduradunek lagunduta. Izena emateko epea otsailaren 3an, bihar, bukatuko da.

Gehiago irakurri...


Baietz talde euskal-argentinarraren lehen diskoak oihartzuna izan du Euskal Herriko hedabideetan

2012/02/02

Baietz taldeko Gaspar Jaurena, alboka jotzen (argazkia Baietz) Berezia da Argentinako Baietz musika taldearen istorioa: euskal instrumentuak jo eta egiten dituzte taldea osatzen duten sei musikariek, Argentinako euskal etxeetan barrena makina bat musika tailer egin dituzte eta iaz argitaratu zuten lehen diskoan euskal abestiak eta argentinar musika uztartzen dira. Argentinan eginiko euskal musika honek euskal komunikabideen arreta deitu du eta Berria egunkariak taldeko Gaspar Jaurenari jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio.

Gehiago irakurri...


Euskal baleazaleak eta euskara mintzagai hil honetan Kaliforniako Santa Barbara unibertsitatean

2012/02/02

Christine Echeverria Bender idazlea, iaz Boiseko Euskal Museoan, azalduz bisitariei euskal arrantzale eta baleazaleen historia, garai hartako arropez jantzita (argazkia EuskalKultura.com) Euskal kulturak leku nabarmena izango du otsailean zehar Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatean (USBC). Iaz geroztik euskara eta euskal kultura ikastaroak eskaintzen ditu zentro honek, eta AEBetako beste hiru unibertsitaterekin batera Basque Studies Consortium delako taldea osatzen du, herrialde honetako goi mailako irakaskuntzan euskal ikasketak sustatzeko helburuarekin. Hil honetan euskal gaiek bi hitzordu nagusi izango dituzte USBCn: datorren astelehenean Christine Bender idazleak euskal baleazaleei buruz egiten ari den ikerketaren berri emango du, eta otsailaren 23 eta 24an euskarari buruzko zenbait hitzaldi izango dira entzungai Jatorri-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna dela eta.

Gehiago irakurri...


Josetxo Silguero saxofonista Perun da egunotan, Limako Kontserbatorio Nazionalean ikastaroa ematen

2012/02/01

Josetxo Silguero saxofoi-jotzailea Perura bueltatu da urtarrilaren hondarrean Josetxo Silguero saxofoi-jotzaile irundarra eta Limako Kontserbatorio Nazionalean "Nazioarteko 2. Saxofoi Ikastoroa" ari da ematen egunotan. Urtarrilaren29an abiatu zen ikastaroa eta otsailaren 7an bukatuko da. Silguerok Emiliano Barri saxofonista argentinarra du lagun irakasle lanetan. Ikastaroa abiarazteko bakarkako kontzertua eman zuen Silguerok Liman eta, besteak beste, Mikel Laboaren doinuak eta Gabriel Erkorekaren Duduk I lanak jo zituen. Iazko abuztuan ere Perun izan zen Silguero, ikastaroaren lehendabiziko edizioan irakasle.

Gehiago irakurri...


Euskal-perutar jatetxe berria irauteko kinka larrian Estatu Batuetako Twin Falls herrian

2012/02/01

Fausto Cuares bezeroekin hizketan Twin Falls-en ireki berri duen Euskal-perutar jatetxean (argazkia DrewNash) Idahoko Twin Falls herriak jatetxe berri bat du iragan abenduaz geroztik, eta bertaratzen diren bezeroek proposamen berezia dastatzeko aukera dute; izan ere, euskal-amerikar zein perutar gastronomia eskaintzen du bertan Fausto Cuares sukaldariak. Urtetan besteen jatetxeetan lanean aritu ostean, bere negozioa abian jartzeko erabakia hartu zuen iaz 61 urteko perutarrak, baina momentuz gauzak pattal doaz. Prezio merkeak izanagatik, jatetxearen berri zabaltzea kosta egiten ari zaio Cuaresi eta, urtebeten gauzak hobetu ezean, bizitzako ametsa bertan behera utzi beharko du. MagicValley.com webgunean jaso dugu istorioaren berri.

Gehiago irakurri...


Pedro Mauregui Chascomuseko Euskal Etxeko lehendakariaren aita hil da tupustean auto istripuz

2012/01/31

Auto istripu bat tarteko hil da igandean Chascomus inguruan, Argentinan, Zingirako Euskaldunak euskal etxe chascomustarreko lehendakaria den Pedro Mauregui Larrandaren aita, Rolando Mauregui. Heriotza, gidatzen ari zela bihotzeko minak jo, autoaren kontrola galdu eta ibilgailua irauli zenean gertatu zen. Lerro hauetatik besarkada handi bat eta gure dolumin zintzoak Pedro Mauregui Larranda lagunari eta hildakoaren emazte eta familiakoei.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia