2012/02/09

Datorren apirilaren 7a arte dago zabalik Renon, Nevada Historical Society delakoan, "Basque Aspen Tree Art" erakusketa eta bertan ikusgai dira euskal artzainek estatu honetako zuhaitzetan, batez ere lertxunetan, utzi zituzten grabatuak. Erakusketaren oinarria dira Phillip eta Jean Earl senar-emazteek 1969az geroztik jaso dituzten irudiak eta grabatuen argizarizko kopiak. Earltarrek "Basque Aspen Art of Sierra Nevada" izeneko liburuan bildu dute euren ikerketaren emaitza. Erakusketa osatuz, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruko hiru irakaslek gai honi buruzko hitzaldiak emango dituzte datozen asteetan.
Gehiago irakurri...
2012/02/09

Rio Cuartoko euskaldunen gogoan bizi-bizirik dirau iaz zendu zen Imanol Bilbao euskaltzalearen gomutak, eta iragan asteburuan Pilotarien Topaketa bat egin zen bertan bere omenez. Ekitaldian Rio Cuartoko Gure Ametzako eta Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeetako pilotariek hartu zuten parte. Imanol Bilbao Gallartan (Bizkaian) jaio zen eta 1952an emigratu zuen Argentinara. 1994ean Gure Ametza euskal etxearen sorreran parte hartu zuen eta elkarteko presidentea izan zen 2006era arte.
Gehiago irakurri...
2012/02/08

Itziar Agirre sukaldari eta Lapridako Lagunen Etxea euskal etxearen eskutik gauzatu zen pasa den larunbatean 'Pilpileando Argentina' proiektuaren lehendabiziko emanaldia. Euskal sukaldaritzaz gozatzeko baina, batez ere, miseria gorrian bizi direnei laguntza bideratzeko helburua duen Agirreren ibilbide gastronomikoa arrakasta handiarekin hasi zen Lapridako El Paraiso anfiteatroan, eta ekintza bukatuta, partaideek utzitako elikagai ez-galkor mordoa bildu zen. Datozen elkarretaratzeei dagokienez, martxoaren 16an Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean eskainiko du Itziarrek 'Pilpileando'-ren beste saio bat eta hurrengo egunean, hau da, martxoaren 17an, La Plata hirian. Plater ederrak dastatu eta Chaco probintziako lagunen alde ekarpen handia egin nahi baduzu, hartu ezazu parte 'Pilpileando Argentina' proiektuan!
Gehiago irakurri...
2012/02/08

Ostiralean abiatuko da alemaniar hiriburuan Berlinale, Europako eta mundu osoko zinemaldien artean garrantzitsuenetako bat. Aurten jaialdiaren egitarauan euskal kulturak gorriz markatu du data bat: Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Basque Culinary Center-ek antolatu duten "Euskadiren Eguna". Astelehenean izango da, eta egunean zehar gastronomia dastaketak, produktu aurkezpenak eta "Mugaritz BSO" filmea zuzendu duen Felipe Ugarte txalapartariaren kontzertu bat egingo dira. Gauean Berlinaleko "Culinary Cinema" sailean estrenatuko da dokumentala. Berlingo Euskal Etxeak ere euskal giroari ekarpena egingo dio asteburu honetan, Ruper Ordorika kantariak larunbatean emango duen kontzertuarekin.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Iragan asteburuan munduko zenbait euskal etxek Santa Ageda eguneko tradizioa bete eta kantuan atera ziren, nor bere hiriko kaleetan barrena. Egunak irudi bitxiak utzi zituen, adibidez, Londresen elur ekaitz handi bati aurre eginez atera ziren kantarien umore ona. Madrilen, Euskal Etxeko abesbatzak urtero legez ibilbidea egin zuen espainiar hiriburuko gune ezagunetan zehar. Estatu Batuetako euskaldunek ere ohitura gorde nahi izan zuten, eta kantuan atera ziren Boisen, New Yorken, Gooding-en, Elkon eta Rhode Island-en.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Gertu dago dena San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' elkarte kaliforniarraren 30. urteurrena ospatzeko: hilaren 17tik 19 egingo dira ekitaldiak, eta Euskal Herriko zein Oesteko lagun ugari bilduko dira bertara. Ospakizunak BCCaren II Bertso Jaialdiarekin hasiko dira ostiralean, eta bertan, AEBetako bertsolariekin batera, Euskal Herritik etorriko diren Amets Arzallus lapurtarra eta Julio Soto nafarra ariko dira. Iparraldetik ere, Ketxo taldea izango da ostiraleko zein larunbateko erromeriak alaituko dituen taldea. Igandean, berriz, Bizi Emankorra sariak banatuko dira.
Gehiago irakurri...
2012/02/07

Bertako egutegian marra gorriko bi gertaera izan dituzte Buenos Aires probintzia hegoaldean dagoen Mar Chiquita partiduko euskaldunek urtarrilaren amaieran: batetik, eta komunitatearekiko euren helburu sozialei jarraituz, hitzarmen berezi bat sinatu dute Izatez Harro-ko arduradunek 'Thema Red Medica' osasun taldearekin; bestetik, eta Eusko Jaurlaritzaren onarpena lortu eta bi hilabetera, Elvira Kortajarena Mercosurrerako Euskadiko ordezkariaren bisita jaso zuten euskal etxeko kideek. Bazkari bat partekatu ondoren, prentsaurreko bat eskaini zuen Kortajarenak Coronel Vidal herrian bildu ziren lagunentzat.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Eusebio Zamacola beti ibili du buruan Fabio Echarri idazle eta historialari chacotarrak; batez ere, bere txikia zela aitonari noizean behin bisita egiten zion gizon hura Argentinako bidelapur eta iheslari mitikoenetako bat zela jakin zuenez geroztik. Mandil basauritarraren istorioa "Zamacola, un bandolero vasco en el Chaco" eleberrian jaso du Echarrik, eta Gara aldizkari euskaldunean luze eta zabal azaldu du haren bizitza eta etika pertsonala: aberatsei eta konpainia handiei bakarrik lapurtzen zien, sekula ez pobreei. Txalaparta argitaletxeak plazaratu du iburua.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Urte berezia izango da aurtengoa Rosarioko euskaldunentzat. Izan ere, bertoko euskal etxeak ehun urte beteko ditu 2012 honetan eta erakundea osatzen duten lagunak urtean zehar burutuko den paregabeko ospakizuna antolatzen ari dira. Jai honen berri emateko, Zazpirak Bat-eko arduradunek instituzio web orria erabat berritu dute. Horretaz gain, web gune berri bat sortu dute, mendeurreneko informazioa hedatzeko. Web gune berriak 'Mendeurreneko mikrogunea' (Micrositio del Centenario) du izena eta Rosarion zehar bidaia birtual bat egiteko aukera ematen die bisitariei.
Gehiago irakurri...
2012/02/06

Krisi egoera latza dela eta, Madrilgo Euskal Etxeak ekimen berri bat jarri du abian, komunitateko kideei eta, batez ere, ataka zail hau gehien jasaten ari diren gazteei laguntzeko. Ideia xinplea da, eta mundu osoko euskal etxeek hasiera hasieratik zuten betekizunetako bat berreskuratzen du: bazkideek elkarri laguntzea. Horretarako laguntza kanala sortu du elkarteak. Kanal honen bitartez batetik, bazkideek lan-eskaintzen berri emango dute eta euren burua lanerako eskaini ahal izango dute; bestetik, alokatzeko etxebizitzen eskaintza eta eskarien berri emango da. Euskal etxeak berak aitortu duenez, ikusteko dago ekimena benetan baliagarria izango ote den; hala ere, diogu guk, merezi du saiatzea.
Gehiago irakurri...