2012/02/20

Ohitura onek ez dute oporrik hartzen; ezta festek eta festazaleek ere. Argentinako ia euskal etxe guztietan udako atsedenaldiarekin ari ziren bitartean, Necocheako Euzko Etxea-ko lagunak murgilduta zeuden erabat bi ospakizunen antolaketan: bata, 2012ko Gizataldeen Festa, urtarrilaren 20tik 22ra burututakoa; bestea, urtarrilaren 27 eta 28an gauzatutako San Sebastian Jaia. Biak oso arrakastatsuak gertatu dira eta necocheatarrak ez ezik, hitzorduek leku askotako turistak eta gainerako euskal etxeetako lagun ugari ere bildu dituzte.
Gehiago irakurri...
2012/02/17

Rosarioko Nafar Etxean hasi zen Valeria Magliocchetti-ren bidea euskal kulturan barrena. Bertan dantza eta musika eskolak hartu eta txistuaren soinua maite eta jotzen ikasi zuen. Desadostasun batzuen ondorioz, Valeria Nafar Etxetik urrundu zen, baina ez euskal kulturarengandik. Izan ere, txistulari eta dantzari izanik, musika eta dantza klaseak ematen hasi eta 2008an Gaztemundu programaren bidez, Euskal Herrira joan zen bereziki musikariei zuzendu zitzaien edizio hartan parte hartzeko. Txistulari eta xirulari, txalaparta, panderoa eta albokaren sekretuen jabe ere badela, orain, ikasitako guztia zabaltzeko asmoz, musika eta dantza tailerrak eskaini nahi dizkie Buenos Aires inguruan hala nahi duten euskal etxeei.
Gehiago irakurri...
2012/02/17

Aurtengo apirilaren 26ean Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko da eta Euskal PEN Klub elkarteak mundu osoko idazleei gaiari buruzko poemak bidaltzeko deialdia luzatu die. Poemak jatorrizko hizkuntzan bidali behar dira eta, euskaraz ez bada, hizkuntzotako batera itzulita ere: euskara, ingelesa, alemana, frantsesa edo espainiera. Poemak urteurreneko ekitaldietan irakurri eta argitaratuko dituzte. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 31an itxiko da.
Gehiago irakurri...
2012/02/17

Euskararen erabilera bultzatzeko xedea du Euskal Astearen baitan FEVAk eta euskal etxe antolatzaileak urtero abian jartzen duten Idazlan Lehiaketak. Ikasle eta irakasleei zuzendua, euskal etxe askotako euskaltzaleek hartzen dute parte kultur jarduera honetan, saria irabazteko itxaropenarekin baino gehiago, euren istorio eta kontakizunak euskaraz eta beste euskaldunekin partekatzeko asmoarekin. “Nire herria” izan zen 2011ko azaroko edizioko lehiaketaren gaia eta gaurko artikuluan, EuskalKultura.com-ek testu irabazleak eskuratzen dizkie bere irakurleei, bertako euskara ikasleen ahaleginaren lekuko.
Gehiago irakurri...
2012/02/16

Pozik agertu dira Konstanz Unibertsitatea eta Etxepare Euskal Institutua zentro alemaniarrean bukatu berria den 'Euskal kultura eta gatazka politikoa' sinposioaren emaitzarekin. Literatura, hizkuntzalaritza eta historia bezalako arloetatik abiatuta, topaketa biolentziaren amaierari eta gaur egungo euskal egoerari buruzko hausnarketa egiteko foro bikaina izan da. Blanca Urgell Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Konstanz-en izan ziren asteartean eta sinposioaren bigarren saioan parte hartu zuten, astelehenean Berlinaleko Euskal Egunean izan eta gero.
Gehiago irakurri...
2012/02/16

Kaixomaitia.com harremanetarako euskal webguneak bost urte bete ditu eta, gutxienez beste hainbeste ekinean jarraitzeko asmoarekin, zerbitzu berri bat aurkeztu du: mugikorrentzako aplikazioa. Android sistemarentzat diseinatua dago aplikazioa eta honen bidez webguneko erabiltzaileekin jar daiteke harremanetan, bai eta inguruan egon daitezkeen Kaixomaitiako aplikazioaren erabiltzaileekin, eurekin momentuan solastu edota biltzeko. Sustatu webgunetik jaso dugu honen berri.
Gehiago irakurri...
2012/02/16

Datorren astelehen eta asteartean, otsailaren 20 eta 21ean, eta Inauterietako jai egunak baliatuz, bi eguneko bilkura gauzatuko dute Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko arduradunek Laprida herriko euren egoitza ere baden Lagunen Etxea euskal etxean. 2003ko apirilean sortu zen elkarte honetako irakasleak, urtero bezala, barruko gaiak aztertzeko asmotan bilduko dira, eta topaketaren baitan, prentsarekin elkartuko dira eta Guregandik argitalpenaren 7. edizioa aurkeztuko diote publikoari, astelehen arratsaldean. Lagunen Etxea euskal etxeak ekimen honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen dio komunitate osoari.
Gehiago irakurri...
2012/02/15

Berri txar batekin bukatu zuten urtea mundu osoko euskal dantzazaleek: www.dantzan.com webgunearen itxiera. Diru laguntza ekonomikoen murrizketak eta, zenbait kasutan, laguntzen desagerpenak, egoera jasanezinean jarri zuen Dantzan.com-eko lantaldea eta hamar urteko ibilbideari bukaera ekarri zuen. Sarean berehalako erantzuna izan du berriak eta irakurleek sortu duten sostengu talde batek webguneari laguntzeko sinadura-bilketa jarri du abian. Dantzan.com-eko arduradunak erakundeekin hizketan ari dira eta, munduan zehar duten sostengua erakusteko, ostirala bitartean jasotzen diren sinadurak aurkeztuko dituzte. Lagundu nahi baduzu, sina ezazu lehenbailehen!
Gehiago irakurri...
2012/02/15

Euskal kulturak tarte berezia izan du egunotan Berlinen: batetik, Ruper Ordorika kantariak eman zuen kontzertua dela-eta eta, bestetik, Berlinale zinemaldiaren barruan antolatu zen 'Basque Day' ekitaldiarengatik. Lagun asko bildu ziren larunbatean musikari oñatiarrak MedienGalerie-n eman zuen kontzertura, Euskal Etxeak eta Etxepare Institutuak antolatu zuen ekitaldian. Jendetza eta txalo asko ere izan ziren Berlinalen astelehenean, "Mugaritz BSO" euskal dokumentalaren aurkezpenean. Ondoren, 200 lagunek Andoni Luis Aduriz sukaldari ospetsuak prestatutako afaria dastatzeko aukera izan zuen.
Gehiago irakurri...
2012/02/15

'Irakurle-On' du izena tradizio handiko Laurak Bat euskal etxeak bere bazkideei luzatu die proposamen berriak. Programa honen bidez, irakurleek euren gustuko liburuak hartu ahal izango dituzte liburutegitik 15 eguneko eperako, kasu batzuetan mailegua berritzeko aukerarekin. Gogora dezagun Laurak Bat euskal etxeko liburutegia, 4000 bat testuko bildumarekin, diaspora osoko liburutegi garrantzitsuenetako bat dela euskal gaietan. Liburutegia erakundearen egoitzan dago, Belgrano etorbideko 1144 zenbakian, eta astegunetan (astearteetan izan ezik) arratsaldeko 6:30etatik 9etara bisita daiteke.
Gehiago irakurri...