2012/03/01

Martxo hasierarekin batera jarriko ditu berriro abian San Nicolas hiri argentinarreko euskal etxeak komunitateari luzatzen dizkion kultur proposamenak. Natalia Hormazabal bertoko irakasleak izango du 2012ko euskara klaseak emateko ardura eta Valeria Magliocchetti musikariaren ardurapean garatuko dira musika eta dantza eskolak. Muslariek ere izango dituzte euren topaketak eta baita abeslariek ere. Horretaz gain, urtean osoan zehar euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak burutuko dira, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen' izenekoak. Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, datorren urriaren 25ean 'Etxe Nasaia' programaren edizio erraldoi bat egingo dute, mila bat haur partaide.
Gehiago irakurri...
2012/02/29

Eusko Jaurlaritzak gaztelaniatik euskarara itzulpen automatikoak egiteko baliabidea jarri du sarean eta nahi duenak doan erabili ahal du jada testu, webgune eta dokumentu sinpleen itzulpenak egiteko. Atzo Bilbon aurkeztu zen itzultzailearekin Jaurlaritzak 2008an abiatu zen proiektuaren lehen emaitza mahaigaineratu du. Horrez gain, 2013rako euskara-gaztelania eta ingelesa-euskera itzulpenak ere garatuko dira.
Gehiago irakurri...
2012/02/29

Bartzelonako Euskal Etxeak beste behin ere erakuslehio bikaina eskainiko dio Euskal Herrian egiten den zineari eta Zinemaldia jaialdiaren zazpigarren edizioan hogei bat lan aurkeztuko ditu Kataluniako hiriburuan. Bihar, martxoaren 1ean, abiatuko da jaialdia eta hilaren 30a bitartean luzatuko da. Egitarauan mota eta estilo desberdinetako proposamenak daude: animazioa, laburmetraia, komedia, drama, dokumentalak... Filmeak jatorrizko bertsioan, gehienak euskaraz, emango dira, azpitituluekin. Ikusleek zuzendari eta aktoreekin solasteko aukera izango dute; Fermin Muguruza, adibidez, martxoaren 8an izango da euskal etxean, "Next Music Station: Lebanon" dokumentala aurkezten.
Gehiago irakurri...
2012/02/29

Soilik euskal etxekoentzat baino, herri osoarentzako jai bihurtu zen Euskaldunak Denak Bat-en urtebetetze festa joan den otsailaren 25ean. Izan ere, ospakizunarekin hasteko antolatutako desfileak eta herrian zehar ibili ziren euskal karrozek txaloak baino ez zituzten jaso. Euskal komunitateko lagun anitzek ere hartu zuten parte 300dik gorako lagunentzako afarian; agintarien artean, Eusko Jaurlaritza eta FEVAko ordezkaritzak; euskal etxeetako ordezkari ugari ere bertaratu ziren Arrecifesera, hala nola, Pergamino, Pilar, Gral. Rodriguez, Suipacha, Mendoza, eta Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxekoak baita Euskal Echea institutukoak ere.
Gehiago irakurri...
2012/02/29

Caracaseko Eusko Etxeak zuzendaritza berritu zuen urtarril hondarrean eta talde berriaren lehendabiziko ekimenen artean, iragan otsailaren 21ean elkarteak Pintxo Lehiaketaren edizio berri bat egin zuen. Pedro Javier Arriaga presidentea buru belarri aritu zen antolakuntzan, eta aipagarria da, aurreko edizioan bezala, lehiakide baino epaile gehiago izan zirela bertan, pintxoak dastatzeko gertu. Garailea Azpiritxaga-Barriola taldea izan zen, baina eguneko saria euskal etxean izan zen giroak eta umore onak irabazi zuen. Bestalde, Eusko Etxeak argazki-erakusketa bat zabalduko du martxoan, Durango, Gernika eta euskal herrien bonbardaketen 75. urteurrena kari.
Gehiago irakurri...
2012/02/28

San Frantziskoko Basque Cultural Center-en 30. urteurreneko ospakizunak Estatu Batuetako euskal komunitateko ordezkaritza zabala bildu zuen iragan otsailaren 17tik 19ra hiri kalifoniarrean. Asteburuko egitarau zabalaren barruan NABOk (North American Basque Organizations) bere urteroko lehen bilkura egin zuen eta elkarteak euskarekiko duen engaiamendua berretsi zuen. Aldi berean, AEBetako euskara irakasleen topaketa egin zen. Azken hiru urteetan euskara ikasle kopurua bikoiztu egin da AEBetan; egun 333 heldu ari dira ikasten, 12 irakaslerekin eta beste 16 irakasle berri ari dira trebatzen, HABEko iturriek jakinazari dutenez.
Gehiago irakurri...
2012/02/28

Hainbat ekitaldik ospatu dute atzo Argentinan bertako abertzaletasunean egun seinalatua den data berezi bat; izan ere, atzo 200 urte, 1812ko otsailaren 27an, lehenengo aldiz erabili zen ikur nazionala, Manuel Belgranoren aginduz [Fermin Echevarria euskaldunaren eta Tomasa de Acevedoren alaba zen] Maria Catalina Echevarriak brodatua, eta Julian Alzugaray abadeak bedeinkaturik borroka-eremura abiatuko zena. Herrialde osoan ospatu zuten argentinarrek Rosarion estreinatu zen euren banderaren Bigarren Mendeurrena. Hona, Buenos Aires probintziako Jose C. Paz herrian egindako ekitaldiko berri ekarri dugu, beste hainbat lekutan bezala euskal-argentinar gizataldea parte zela egin zena, bertako Noticias Paceñas egunkariak agertutakoa laburbilduz.
Gehiago irakurri...
2012/02/28

Hainbat euskal kultur adierazpen landu eta garatuko dira 2012 honetan Eusko Kultur Etxean. Maria Elena Etcheverry lehendakariaren eskutik, euskara, dantza, gastronomia eta Euskal Herriko kulturari berari buruzko tailer eta klaseak eskainiko dira. Eusketxek, bestalde, gonbite berezi bat egiten die artista plastikoei bere egoitzako aretoan erakusketak gauzatzeko. “Euskal Nortasuna” izeneko argazki lehiaketa batean ere parte hartzeko deialdia luzatzen die instituzioak argazkizaleei.
Gehiago irakurri...
2012/02/28

Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Euzkadiko Guda Ontzidiak itsas-armada matxinoaren kontra gauzatu zituen batailen 75. urteurrena beteko da datorren asteburuan. Jaurlaritzak lau bakailao-ontzi eta berrogeita hamar bat ontzi gerla-ontzi izateko moldatu zituen. Modu traketsean egokitutako euskal ontzien ekintza entzutetsuena 1937ko martxoan gertatu zen, frankisten Canarias gerra ontziaren kontra borrokatu zutenean. Datorren igande eta astelehenean gogora ekarriko da ekitaldi heroitsua Bermeon eta beste herri batzuetan.
Gehiago irakurri...
2012/02/27
Gehiago irakurri...