2012/03/09

"Aberriaren mugak" kantutik hasi eta "Xarmangarria zira" abestiraino; ia 80 kantu igo ditu bere webgunera NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak. Abestiak duela zenbait urte bildu zituen federazioak "Hi Kantari" izeneko bilduman, euskal-amerikar komunitateko kideen artean kantatzeko ohitura mantentzeko eta suspertzeko asmoz. Orain eguneratu egin dute kantutegia eta teknologia berriei esker eskuragarri jarri dute interneten: NABOren webgunean daude abestien letrak eta doinuak, mundu osoko kantazaleek balia ditzaten. Gainera, smartphone edo mugikorren bitartez ere kontsulta daiteke webgunea.
Gehiago irakurri...
2012/03/09

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo mundu osoan eta hedabideak, gizarte sareak eta hainbat erakunde emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak egiteko bitarteko bihurtu ziren. Euskal etxeek ere zeresan handia dute arlo honetan, eta karia horretara emakumeen omenezko ekintzak gauzatuko dituzte asteburu honetan euskal instituzio batzuetan, Chascomusekoan kasu. Emakume guztiak, baina bereziki euskal etxeari ekarpen handia egindakoak, gogoan izango dituzte herri honetako euskal etxeko kideek. Zingirako Euskaldunak-eko 'alkate' izan zirenei omenaldi bat egingo zaie bihar, arratsaldeko 7etan, erakundearen egoitzan. Ekimen honekin, urtarrilean hasitako ekimen-zerrenda luzea betetzen jarraitzen dute euskal etxeko arduradunek.
Gehiago irakurri...
2012/03/08

Bordeleko Euskal Etxeak luzatu du gonbitea eta Frantziako beste zazpi euskal etxe edo elkarte euskaltzalek baiezkoa eman diote. Topaketa martxoaren 24 eta 25ean egingo da, Bordelen, Eskualdunen Biltzarra elkartearen egoitzan, eta bertan izango dira Paris, Paue, Lourdes, Montpellier, Tolosa eta Bordeleko elkarteak (azkeneko bi hirietan bina euskal elkarterekin). Euskal etxeek euren esperientziak trukatzeko eta lankidetza sustatzeko bideak bilatuko dituzte. Topaketaren bigarren egunean, bertaratutako ordezkariek Bordeleko euskal etxearen Odolkiaren Eguneko bazkariaz eta bestaz gozatu ahal izango dute.
Gehiago irakurri...
2012/03/08

Egun handia izango da larunbata Zuberoako euskal kulturarentzat; izan ere, zubereraz ekoitziriko lehen filma estreinatuko da Maulen. Filman idazle izan nahi duen zuberotar gazte batek Ameriketan gidoilari ibili zen osabaren laguntza bilatzen du. Bi protagonisten arteko harremana eta gaztea deskubritzen doan istorioa dira laren ardatza. Peio Cachenaut-ek zuzendu du eta auzolanean ekoitzi dute Zuberoako Hebentik kultur elkarteak eta Aldudarrak Bideok. Baleuko ekoiztetxeak ere parte hartu du proiektuan, eta Hegoaldeko zinemetan estreinatuko da, baina Iparralderako banatzaile bila ari dira arduradunak. "Penagarria da Maulen egindako filma Hegoaldean lasai ikusi ahal izatea eta ez, ordea, Baionan", esan dio EuskalKultura.com-i Hebentik-eko Mixel Etxekoparrek.
Gehiago irakurri...
2012/03/08

Hiriburu argentinarreko Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko Azpi-Idazkaritzak antolaturik, eta “Buenos Airesek ospatzen du” jaialdiaren 2012ko edizioa inauguratzeko, “Gizataldeen Sukaldaritza-Gunea” burutuko da datorren larunbatean hiriko Mayo Etorbidean. Dastaldian parte hartuko duten 50 kolektibitateen artean, Euskal Herrikoa aurkitu ahal izango da Argentinako bi erakundek ordezkaturik: Euskaltzaleak eta Nafar Etxea. Bi stand-ak, plater tipikoen txokoak izateaz gain, Euskal Herrira begirako leiho bihurtuko dira Pirinioetako paisaia, irudi, arte eta historiara hurbildu nahi dutenentzat. Hitzordua martxoaren 10ean izango da, arratsaldeko 4etatik gaueko 11ak arte.
Gehiago irakurri...
2012/03/07

HABEk deiturik, Europako euskal etxeetako euskara irakasleak Bartzelonan bilduko dira bihar, bi eguneko lantegia egiteko. Europa mailako irakasleek horrelako topaketa egiten duten lehen aldia da; izan ere, aurreko bileretan espainiar estatuko irakasleek soilik parte hartu izan dute. Jauzi handia da eta maila oso desberdinetan lanean ari diren kideei elkar ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera emango die: batzuk ikasle gutxi dituzte edo klaseak abiatzen ari dira, eta beste zenbaitek, berriz, eskarmentu handia dute eta ikastaro jendetsuak kudeatzen dituzte. Bilkura honekin batera Bartzelonako Euskal Etxeak euskal etxe europarretako ordezkari gehiago ere bilduko ditu ostegun eta ostiralean, elkar-ezagutze eta koordinazio asmo berarekin.
Gehiago irakurri...
2012/03/07

Euskal Gizataldeetako Aholku Batzordea atzo bildu zen Gasteizen, lehenengo aldiz iragan azaroan eginiko Mundu-Batzarraren ondotik. Legez bederen urtean behin bildu behar duen batzorde honetara aurreneko aldiz bertaratu dira, beraz, euskal etxeen hiru kide berriak Mundu-Batzarrak Jaurlaritzaren aurrean munduko euskal etxeen ordezkari izan daitezen hautatuak. Ricardo Basterra (Argentina), Adelaide Daraspe (Quebec) eta Aitor Arruti (Barcelona) neurriz satisfatuak atera ziren bileratik, bilera eta euren lehenengo hitzordu hau baliagarria izan dela esanez. Bertako gai nagusia Kongresuko konlusioak errepasatzea eta Lau-Urteko Plana prestatzea izan zen. Horrekin batera, besteak beste, 'kanpoko herritarrak' eta 'etxeratuak' egokien atenditzearren Deustuko Unibertsitateak Pedro Oiarzabal-ek aurkeztutako lana ere izan ziren mintzagai.
Gehiago irakurri...
2012/03/07

Irekita dago jadanik -apirilaren 20ra arte- 2012ko Hator Hona programan parte hartzeko izena emateko epea. Necocheako Euzko Etxea euskal etxeak zabaldutako deialdia 18 eta 30 urte bitarteko Euskal Herriko gazteentzat dago zuzenduta eta proposatzen dena Argentinako Necocheara etortzea da, euskara, euskal musika, dantza, sukaldaritza eta kirol tailerrak ematera, egonaldiaren truke. Aurtengo edizioaren behin behineko data uztailaren 13tik abuztuaren 5erakoa da. Animatu (edo interesa izan lezakeen inor ezagutzen baduzu, esaiozu), esperientziak balio du-eta.
Gehiago irakurri...
2012/03/07

Ana Olazabal diseinaitzaileak Espainiako Diseinatzaile Gazte Onenari saria irabazi berri du eta Gaztezulo aldizkariak elkarrizketa egin dio. Saria 'Release' izeneko bilduma batekin irabazi zuen eta epaimahaiak lehiaketako puntuaziorik altuena eman zion petroliak itsasoan duen mugimendua irudikatzen duten soineko eta jantzi hauei esker. Irailean diseinu hauekin eta egunotan prestatzen ari den beste batzuekin Pariseko Pret-a-Porter azokan izango da. Gaztezulo aldizkaritik jaso dugu elkarrizketa.
Gehiago irakurri...
2012/03/06

Proposamen anitz luzatzen dizkio urtero Gral. Rodriguezeko euskal etxeak bere komunitateari eta aurtengo aldia ez da salbuespena izango. Irekita dago jadanik euskara, dantza, mus eta txalaparta tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Bestetik, Ohiko Batzar Nagusia izango dute Eusko Aterpea-ko arduradunek martxoaren 24an eta biharamunean “Baietz egin!” izeneko ekitaldia, Guillermo Larregui Eskorgaren Euskaldunaren omenean. Lujan hirira joango dira oinez, eta eskorga bultatuz. Iristean otordu legea partekatuko dute ibiltariek eta Lujango Garraio Museora hurbiltzen direnek. Hitzordua martxoaren 25ean izango da eta euskal etxetik aterako da goizeko 9etan.
Gehiago irakurri...