2012/03/14

Arrakastatsutzat jo du Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak iragan martxoaren 2an Arkaitz Moreno irakasleak bertan eman zuen herri kirolei buruzko mintegia. Bi zati izan zituen ekitaldiak: batetik, herri kirolei buruzko hitzaldi klasikoa; bestetik, taller praktikoa. Bigarren zati honetan entzuleak patiora irten eta proba desberdinetan lehiatu ziren; ohiko aurkezpenez oso bestelakoa izan zen eta biziki gozatu zuten partaideek probalarien lekuan jartzeko aukera hau. Ekitaldiak lortutako harrera ona dela-eta datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu dute Santa Barbara unibertsitateko arduradunek eta, are gehiago, Bakersfield eta Boisekoan ere egiteko aukera ari dira aztertzen.
Gehiago irakurri...
2012/03/14

Eskualdeko festa garrantzitsuenetakoa da 'Moxalaren Jai Nazionala' eta urtero burutzen da otsail amaiera aldean Buenos Aires probintziako Coronel Vidal hirian. Izatez Harro euskal etxean bildurik, bertoko euskaldunek gero eta parte hartze handiagoa dute denboraren poderioz euskal kultura zabaltzeko hitzordu ezin hobea bihurtuz joan den herri topaketa honetan. Bukatu berria den 34. edizioan, Fernando Mandagaran-ek zuzentzen duen erakundeko standa, euskal etxeko kide eta bisitarien arteko topagunea izan zen, Euskal Herriari eta euskal argentinarrei buruzko informazioa trukatzeko. EEaren aldizkaria opari jaso zuten bertoratu zirenek.
Gehiago irakurri...
2012/03/13

Buenos Aireseko Laurak Bat-en egoitzan sortu bazen ere, Euskaltzaleak “independente, autonomo eta garrantzi handiko helburu batekin jaio zen: euskara, euskaldunen nortasunaren eta izaeraren erroa, zaintzea”, dio euskaltegiaren sorrera-agiriak. Kari horretara, eta euskara Argentinan ahalik eta ondoen irakatsi, landu eta hedatzeko, erakundeko lagunek ahalegin handia egin dute azken bolada honetan Euskaltzaleak-ek bere etxe propioa izan zezan. Buruhausteek, baina, fruituak eman dituzte eta otsailaren amaieratik erakundeak berea den etxea du, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian (B. de Irigoyen eta Independencia), Obeliscotik hamar bat kaletara.
Gehiago irakurri...
2012/03/13

Tarte berezia eskainiko dio aurten ere euskal zineari ostegunean hasiko den Nanteseko Zinemaldiak, "La Fenêtre Basque"edo Euskal Lehioa zikloaren baitan. Jaialdiaren 22. edizioa etzi abiatuko da eta martxoaren 25a arte luzatuko. Edizio honetako izarretako bat, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra izango da eta zinemaldiak sail berezia eskaini dio. Horrez gain "Bernardo Atxaga zineman" izeneko atalean idazle gipuzkoarraren eleberrietan oinarrituta egin diren hiru luzemetraiak eskainiko dira: Montxo Armendarizen "Obaba", Imanol Rayoren "Bi anai" eta Aizpea Goenagaren "Zeru Horiek".
Gehiago irakurri...
2012/03/12

Eusko Jaurlaritzak argitara eman du Kanpoko Euskal Gizataldeen eta Euskal Etxeen eremuan trebatzeko deitu zituen lau beketako selekzio prozesuan aurrera egin duten pertsonen zerrenda. 45 dira onartutako hautagaiak eta 16 baztertutako eskabideak. Beketako bi Jaurlaritzan Gasteizen, beste bat Argentinan eta laugarrena Estatu Batuetan aritzeko dira. Hona bildu ditugun onartu eta baztertuen zerrendetan Euskadiko zein Diasporako partaidean agertzen dira, ohi bezala Euskadiko zein Diasporako pertsonek legez eskubide berdina baitute parte hartzeko.
Gehiago irakurri...
2012/03/12

Zenbait ekintza eskainiko dira urte osoan zehar Laurak Bat Euskal Etxean, munduko euskal etxea zaharrena den honen 135. urteurrena ospatzeko. Urtebetetzearen eguna, bihar da eta bihar egingo da ekintza nagusia. Iluntzeko 7etan, Lagun Onak abesbatzak kontzertua eskainiko du euskal etxearen omenez eta ondoren gaur egungo arduradunek Etxeak izan dituen lehendakari guztiak gogoan izango dituzte urtemuga zeremonian. Ospakizunarekin jarraituz, martxoaren 16an Itziar Aguirre sukaldari euskal-argentinarrakak “Pilpileando Argentina” programaren emanaldia eskainiko du Belgrano kaleko euskal elkartean.
Gehiago irakurri...
2012/03/12

Martxoaren 22tik 25era Panaman egingo den Arte Eszenikoen 5. Nazioarteko Jaialdian izango da Kulunku Teatro konpainia gipuzkoarra "André & Dorine" antzezlan arrakastatsua aurkezten. Alzheimer-ari eta maitasunari buruzko hausnarketa hunkigarria da lana eta hitzik gabe antzezten dute aktoreek, maskarak jantzita. "Hitzik ez dugu erabiltzen eta, paradoxikoki, horrek lana edonon ulergarri izatea dakar; Kuban zein Nepalen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Kulunkako Garbiñe Insausti aktoreak. Azken urtean gelditu gabe ibili da taldea nazioartean eta, antza, horrelaxe segituko du aurten ere: Panamaren ostean Turkia, Errusia, Finlandia, Norvegia, AEB, Txina... etorriko dira.
Gehiago irakurri...
2012/03/12

Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak sarean ezarri du 2011ko Gaztemundu eta Gizataldeen V. Mundu-Batzarra gau harturik errodatu zuen bideoa. Bideoa Mundu-Batzarraren azkeneko egunean proiektatu zen Donostiako Kursaalen eta bi ekimen hauetako iazko edizioko laburpen bat egiten du hamar bat minutuz. Hona irudiok.
Gehiago irakurri...
2012/03/09

Liverpoolgo Unibertsitateak Iberian Week izeneko jardunaldiak burutuko ditu astelehenetik landa eta iberiar penintsulan hitz egiten diren hizkuntzei buruzko solasaldiak, literatur irakurraldiak eta kontzertuak eskainiko ditu. Euskarak bere lekua izango du, unibertsitate honetan ematen den Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoari eta Etxepare Euskal Institutuari esker. Liverpool-en izango dira, besteak beste, Kirmen Uribe poeta eta Mikel Urdangarin musikaria, Xabi Paya irakasle eta bertsolaria, Argitxu Camus historialaria eta Zea Mays rock taldea.
Gehiago irakurri...
2012/03/09

Cañuelaseko Euskal Etxeak urtero Aberri Eguna ospatzeko antolatzen duen Dantzarien Elkarretaratzea Argentinako euskal egutegian marra gorriz markatuta dagoen horietakoa da, hitzordu garrantzitsua bilakatu baita azken urteotan herrialde honetako hainbat euskal etxetako dantzari batez ere gazteentzat. Seigarren edizioa du aurtengoa eta, lehenengo deian, martxoaren 31 eta apirilaren 1eko astebururako iragarri bazen ere, euskal etxe antolatzailetik atzo adierazi zutenez, apirilaren 14 eta 15era pasatu da azkenean, "ostatatzeko kontuak medio, horretarako erabili ohi dituzten Smata-ko instalazioak hasieran aipatutako datetan ez baitira egoki erabiltzeko moduan egongo".
Gehiago irakurri...