euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zuzenean internetez segitu ahal izango den kontzertua emango du gaur Donostian Maddi Zubeldiak

2012/03/22

Maddi Zubeldia Xano Urtxegi eta Txomin Arizaga musikariekin (argazkia Maite Deliart-Eke.org) Gaur ostegun arratsaldez kontzertua eskainiko du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Maddi Zubeldia kantariak Xano Urtxegi eta Txomin Arizaga musikariek lagundurik, "Iparraldea bertan" zikloaren barne. Emanaldia zuzenean segitu ahal izango da internetez, streaming bidez [gogoratu zuzenean izango dela, Donostian arratsaldeko 7:30ak direnean; Londresen 6:30ak; Argentinan 3:30ak; Mexiko Hirian eguerdiko 12:30ak; Kalifornian goizeko 11:30ak; Australiako Sydneyn ostiraleko goizaldeko 5:30ak...]. Aukera polita bestela bertaratu ezin dutenentzat, etxetik internetez kontzertuko partaide izateko Donostian.

Gehiago irakurri...


Rio Cuartoko Gure Ametzaren eta Cordoba-ko gobernuaren arteko harremanak gero eta sendoagoak

2012/03/22

Gure Ametza euskal etxeko kideak Walter Paez herri etxeko zuzendariarekin (argazkiaEE) Protokolozko bisita egin zion joan den martxoaren 16an Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak bertoko herri-etxeko zuzendaria den Walter Paez-i. Hainbat gaiz hitz egiten zuten euskal etxeko kideek eta probintziako gobernuaren ordezkariak, tartean, Euskal Herria Enparantzaren etorkizunaz. “Plazari dagokion proiektu bat eskuratu genion Paez-i, Rio Cuartoren ibaiertzea hobetzeko probintziako gobernuak daraman planean sar dezan”, adierazi diote EuskalKultura.com-i azken azaroan hautatuak izan ziren euskal erakundeko batzordekideek.

Gehiago irakurri...


Ehun urtetik gora darama pilotak bizi-bizi Tandil-en: Asquet-en kantxatik, 1895ean, gaurdaino

2012/03/21

Tandilgo Euskal Etxeak bere baitan daukan pilotalekua (argazkia EuskalKultura.com-en artxiboa) "oroitzapenen frontoia: desagertu diren antzinako kantxak" izenburupean, pilotari buruzko artikulu interesgarria zekarren atzokoan Tandil herriko Tandil Diario egunkariak, euskal pilotak Buenos Aires probintzia argentinarreko hiri horretan izan duen historia historia bilduz. Claudio Acevedok sinaturik, artikuluak hiriak izan dituen pilotalekuen historia egiten du, Asquet delako batek 1895ean eraiki zuen kantxatik abiatu eta gaur egungoetara iritsiz, aipatuz azken hauen artean Club Hipiko eta 'ferrocarril Sud'ekoa, Club Nahuel-ekoa, La Florida eta Banco Provincia-koa eta, bistan da, Euskal Etxeak bere baitan duena. Artikulua ekarri dugu hona.

Gehiago irakurri...


Emakumearen Egunean, argazki erakusketa eta saria Maria Rosa Ibarguren-i, La Plata Hiriak emana

2012/03/21

Maria Rosa Ibarguren de Macuso Udaletxeko atarian, saria hartu zuen egunean, martxoaren 12an (argazkia EE) La Platako Euzko Etxearen baitan zabalik segitzen duen “Atzoko eta gaurko emakumeak: beraiek ere gure historiako partaide” izeneko argazki-erakusketa estreinatu zen euskal elkartearen egoitzan martxoaren 12an. Egun berean, eta Buenos Aires probintziako hiriburu den herri berean, Udaleko Urrezko Aretoan, Erakunde eta Gizatalde Atzerritarren Udal Zuzendaritzak euskal etxeko kide den Maria Rosa Ibarguren de Macuso gailendu zuen “Kolektibitateetako Emakume Nabarmenen Hautaketa” ekitaldian.

Gehiago irakurri...


Murtziako Euskal Etxeak hamar urte beteko ditu aurten, prest euskal kultura zabaltzen jarraitzeko

2012/03/21

Murtziako Euskal Etxeko bazkideak eta Zuzendaritza Batzordea 2012ko bilkura orokorrean (argazkia MurtziaEE) Murtziako Euskal Etxeak urteurren biribila ospatuko du aurten, bere lehendabiziko hamarkada betetzen baitu 2012honetan. Euskal elkarteak bere bilkura nagusia egin zuen iragan martxoaren 11an eta, besteak beste, aurten egingo diren ekimenen berri eman zuen. Ohiko jarduerez gain --euskera eskolak, musa, hileroko bazkaria...-- beste sail batzuk ere ari dira prestatzen: emakumeari buruzko hitzaldi bat, liburu aurkezpen bat, poesia eta musika irakurraldi bat, sukaldaritza ikastaro bat... Urtea bizi bizi hasi da Murtziako Euskal Etxean.

Gehiago irakurri...


AEBetako euskal etxeak euskara barnetegiak antolatzen ari dira uztailerako NYen eta EHan

2012/03/20

NABOko euskara irakasleek ikasbilera egin zuten San Frantziskon otsailean (argazkia NABO) NABO Ipar Amerikako Euskal Etxeen federazioak euskara barnetegiak antolatu ditu aurtengo uztailerako, urtean zehar euskal elkarteetan ikasten ari diren pertsonek ikastaro trinkoagoak egiteko aukera izan dezaten. Barnetegietako bat Euskal Herrian egingo da, Arantzazuko barnetegian, uztailaren 1etik 15era. Bigarrena New Yorken izango da, astebetekoa, ziurrenik bigarren edo laugarren astean. Arantzazuko barnetegian izena emateko epea apirilaren 15ean bukatuko da; New Yorkekoa, ostera, 8-9 laguneko taldea osatzea lortzen bada bakarrik egin ahal izango da.

Gehiago irakurri...


Frankfurt eta Berlinen izango da aste honetan Txalamobila, munduan zehar ibili den txalaparta ibiltaria

2012/03/20

Triniak Txalamobilarekin, Frankfurtera egin zuten aurreko bisitan "Txalamobila" proiektuaren bitartez txalapartaren soinuak munduan zehar eraman nahi ditu 'Komando Trini' izeneko sortzaile eta musikari taldeak. Bihar bertan Frankfurten izango dira, Euskal Ikasketen Alemaniako Etxeak gonbidatuta, eta "Musikmesse Frankfurt" izeneko musikatresnen azokan parte hartuko dute. Horrez gain, txalapartari buruzko lantegi bat emango dute Institut für vergleichende Irrelevanz (IVI) ikastetxe alternatiboan. Igandean taldea Berlinera hurbilduko da eta hiriburu alemaniarreko kaleetan, Mauerpark eta Kreuzberg-en, joko du.

Gehiago irakurri...


Argentinako banderaren omenaldiko partaide izan da eta urteko ekintzak abiatu ditu Azul-go Gure Txokoa EEak

2012/03/20

Margarita Galarza Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko banderaduna ikurrinarekin Argentinako banderaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunetan (argazkia EE) Argentinar banderaren sorreraren bigarren mendeurrenean hamaika ekitaldi gauzatu dira karia horretara herrialde osoan zehar. Buenos Aires probintziako Azul herrian, Udalak antolaturik, Udal Parkean burutu zen ospakizun ofiziala, Jose Inza alkatea buru eta herriko beste hainbat agintari eta kanpoko kolektibitate eta kultur elkarteetako ordezkariak lagun. Ikurrina zeremoniako partaide izan zen, Gure Txokoa-ko kideen eskutik. Ikasturte hasiera honetan, Azulgo euskaldunak hasiak dira euskal etxean lagun arteko afariekin eta hurrengoa, izan ere, datorren ostiralerako iragarri dute. Erakundeak eskaintzen dituen ikastaroei dagokienez, euskara klaseak martxoaren azken astean hasiko dira instituzioko egoitzan.

Gehiago irakurri...


Santiagoko Euzko Etxeak itsasoz bi aldeetako lagunak partaide ospatu zuen bere mendeurrena

2012/03/19

Manuel Huarte de Salazar hizlari, ondoan Maritxu Bastarrica, 'Itxaropen gaztea' dantza taldeko gidaria bere ahizpa Mairerekin batera (argazkia EuskalKultura.com) Aste gogoangarria izan da iragan dena Santiagon. Bertako Euzko Etxeak bere mendeurrena ospatu du eta, ospatu ere Bizkaitik Foru Aldundia antolatzaile etorritako ordezkaritza bat lagun ospatu du, astelehenean Vitacurako Udaletxean eginiko euskal-txiletar jardunaldi batzuekin hasita, bi herrialdeotako enpresari eta gastronomiazaleak partaide. Bilbao-Bizkaia markaren aurkezle izan den asteak hainbat bilkura eta kontaktu ekarri ditu, baita sukaldaritza erakustaldiak ere, baina gailurra ostegun iluntzean harrapatu zuen Santiagoko Euzko Etxearen Mendeurrenaren karietara euskal elkarte honen egoitzan eginiko festan. EuskalKultura.com ere bertan izan zen, Laida Zabala kolaboratzailearen eskutik. Hona bere kronika.

Gehiago irakurri...


Iban Zaldua eta Mari Jose Olaziregi euskal hizkuntzaz eta literaturaz ariko dira gaur eta bihar Bolonian

2012/03/19

Iban Zaldua idazle euskalduna Boloniako Unibertsitateak "España plural" izeneko mintegia egingo du gaur eta bertan, gaztelania, katalana eta galegoarekin batera, bere lekua izango du euskarak ere. Unibertsitateko Atzerriko Hizkuntza eta Literatura Sailak antolatu du mintegia espainiar estatuko hizkuntz aniztasuna aztertzeko helburuarekin, Artea, Historia eta Hizkuntzalaritzaren ikuspegitik. Topaketan euskal ordezkari izango dira Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregi eta Iban Zaldua idazlea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia