euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaldunentzat esangura berezikoa den apiril honetan, 'Gernika Astea' eratu du Buenos Airesko Laurak Batek

2012/04/03

Laurak Bat euskal etxean dagoen Gernikako kimua (argazkia 'La ruta de Gernika' bloga) 135. urtemugaren urtean, ekintzez betetako egitaraua proposatuko dio apiril honetan Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak komunitateari, izan Belgrano kaleko egoitzan ala hiriburuko beste instituzio adierazgarri batzuetan, hala nola Recoletako Kultur Gunean eta Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga betetzen den hil honetan, honako deia egiten du Laurak Baten barne buletinak: “Gernika Astean, biktimen memoria, indarkeriaren kontrako aldarrikapena eta justizia izango ditugu gogoan”. Testuinguru honetan, oroitzapen eta hunkidura bereziko apirila iragarri dute Laurak Bat-ekoek.

Gehiago irakurri...


Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxeak 117 urte bete zituen atzo; Norma Riosen artikulua kari horretara

2012/04/02

Marrazkian, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxearen aitzinaldea. Buenos Aires hirian, urtebetetze eguna zuten hiriko euskaldunek atzokoa, apirilaren 1ean bete baititu 117 urte hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeak, sortzez Centro Vasco Frances izena hartu zuenak. Kultura arloko militantea izateaz gain, Norma Rios da elkarteko egungo idazkaria. Urtebetetzearen karietara artikulua idatzi digu, gogoeta eginez 117 urteko bizitza luzea duen erakundeaz.

Gehiago irakurri...


Euskal kultura kanpoan zabaltzeko 2012ko diru-laguntza deialdia ireki du Etxepare Euskal Institutuak

2012/04/02

Etxepare Euskal Institutuaren logoa Etxepare Euskal Institutak kultura kanpoan zabaltzeko diru laguntzen 2012 urteko deialdia argitaratu du Euskal Herri Agintaritzaren Aldizkarian. Deialdia hobetzeko asmoarekin, Institutuak kultur eragileen laguntzarekin hausnarketa prozesua burutu du, zenbait aldaketa eginez. Bi arlotan banatzen dira laguntzak: batetik dago, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura 2012.ean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntza deialdia (370.000 €); bestetik, euskararen eremu geografikotik kanpo, 2012. urtean eta merkatu izaerarekin antolatutako azoka eta jaialdi profesionaletan parte hartzeko diru-laguntza deialdia (149.000 €).

Gehiago irakurri...


Erakundearen eta kideen arteko komunikazioa sustatzen ekin dio 2012ri Pergaminoko Lagun Onak EEak

2012/04/02

Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko dantzari gazteenetako batzuk (argazkiakEE) Ospakizun handien urtea izan zen iazkoa Pergaminoko euskal etxeko kideentzat. 2011an 60 urte bete zituen Buenos Aires probintziako hiri honetako Lagun Onak elkarteak eta urtemugari zegozkion bilera eta jaiak urte osoan zehar burutu ziren. Urteurren ekimenek lortutako arrakastak bultzarik, proposamen ugariko egitaraua luzatzen diote orain euskaldun pergaminotarrek komunitate osoari; 9 de julio kaleko egoitzan gauzatuko diren ekintzen artean aipa daitezke Pazko janari salmenta, dantza klaseak, topaketak eta abesbatza, besteak beste. Bitartean, Lagun Onak-en facebookeko tokiak aktibitate hauen berri, instituzioaren historia eta euskal kulturari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du. Izan ere, 2012 honetan, eta teknologia berriez baliaturik, erakundearen eta bere kideen arteko komunikazioa sendotzeko asmoa dute Pergaminoko euskal etxeko arduradunek.

Gehiago irakurri...


Julian Celaya Diasporako zuzendaria Medellingo eta Bogotako EEetan izan da Kolonbiara egin berri duen bidaian

2012/03/30

Iñaki Martinez ordezkaria eta Julian Celaya Diasporako zuzendaria omenduetako batekin (argazkia Irekia) Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Kolonbian izan da aste honetan eta bertako euskaldunekin biltzeko baliatu du bidaia. Celaya Bogotako euskal etxean eta Medellingo Luis Miguel Zulategui euskal etxean izan da, Iñaki Martinez Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako ordezkaria lagun. Medellingo euskal elkartean omenaldi hunkigarria egin zieten Antioquia departamentuko euskaldun beteranoei.

Gehiago irakurri...


Argentina, Uruguai, Peru eta Txileko muslariak partaide, Mercomus 2012 txapelketak aurrera darrai Santiagon

2012/03/30

Mercomus 2012 Mus Txapelketa honetako larunbateko programa Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Hego Ameriketako Mercomus Mus Txapelketa 2012 delako muslari elkarretaratze eta norgehiagoka antolatu du Txileko Santiagoko Euzko Etxeak, Argentina, Uruguai, Peru eta Txile bertako jokalariak bildurik. Asteazken gauean eginiko protokolozko ekitaldi baten ondotik, egitaraua bihar larunbatera arte luzatuko da, Euzko Etxean egingo den gala-afarian sariak banatu eta euskal eta txiletar folklore emaitzak aurkeztuta. Txapelketa hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako Ordezkaritza babesle.

Gehiago irakurri...


Berritze lanak burututa, Macachingo ‘Euzko Alkartasuna’ hotelaren inaugurazioa apirilaren 4an izango da

2012/03/30

Macachingo Euzko Alkartasuna hotelako Macachin erdiguneko plazan dago kokatua. Instalazio itzelak dauzka eta bertako euskal etxearen egoitza da. Euskal ezaugarriak, muralak eta apaindurak dauzka bere instalazio guztietan 15 hilabeteko zaharberritze prozesuaren ostean, Pazko asteburu luzerako irekiko ditu berriro ateak La Pampa argentinar probintziako hotel esanguratsu honek. Euzko Alkartasuna hotel berrituak kalitate handiko 36 logela eta goi mailako zerbitzuak eskainiko dizkie Macachinera heltzen diren bidaiariei, hori guztia apaindura eta giro erabat euskaldunean. “Instalazioak berritu baditugu ere, hotelaren muina ez dugu aldatu. Alegia, euskal kulturarekin lotzen gaituena mantendu dugu, horrela izan behar duelako, Macachingo gizatalde euskaldunaren lekua delako eta Argentina osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen delako”, azaldu dio Euzko Alkartasuna-ko kontseziodun berria den Oscar Prosperik EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Greba Orokorra Euskal Herrian

2012/03/29

Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek deiturik greba orokor eguna da gaur osteguna martxoaren 29a Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta baita Espainiako estatuan ere, izan ere estatuko gobernuak onartu duen lan erreformaren kontra protestatzeko. Horregatik gaurko EuskalKultura.com-en ez da albisteen atal nagusia berrituko eta gaurko buletina soilik 'Nire talaiatik' sailarekin aterako da. Barkatu eragozpenak.

Gehiago irakurri...


Antton taldearen saioaren ondotik Euskal Etxean, Londres Berri Txarrak-en bi kontzertuen zain apirilean

2012/03/28

Antton taldeak joan den larunbatean Londresko Oxford Housen, bertako Euskal Elkarteak antolatura eskaini zuen kontzertuko irudiak (argazkia EuskalKultura.com) Antton talde euskaldunak bere lehenengo grabaketa aurkeztu zuen joan den larunbatean Londresen, bertako Euskal Elkartearen eskutik. Emanaldia, Bethnal Green barrutian, euskal etxearen egoitza den Oxford Housen egin zen. Euskal musika segitzen duten Londresko biztanleak, emanaldi gehiagotara bertaratzeko aukera izango dute heltzear dagoen apiril honetan, bi kontzertu eskainiko baititu heldu den hilabetean hiriburu bretainiarrean Berri Txarrak-ek, iragarritako lehenengorako sarrerak agortuta, bigarren bat moldatu behar izan baitute hurrengo egunean.

Gehiago irakurri...


Berlingo EEak zinea, hitzaldiak eta erakusketa bat medio gogoratuko du apirilean Gernikaren 75. urteurrena

2012/03/28

Gernikako sarraskiaren 75. urteurrena gogora ekartzen duen afitxa Datorren apirilaren 26an 75 urte beteko dira Kondor Legio alemanak, matxinatu frankisten zerbitzura Gernika herria bonbardatu eta birrindu zuenetik. Berlingo Euskal Etxea, berez sarraskia gogoratzeko sortu zen elkarte batetik hazia da, eta modu berezian gogoratuko du data, bi hirien arteko senidetasuna bultzatuz eta egitarau oso bat gauzatuz, datorren igandetik hasita eta bonbardaketaren eguneraino, apirilaren 26raino, tartean hitzaldiak, zinema eta erakusketa bat zabalduz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia