2012/04/13

Hegoamerikako euskal etxeetako euskara ikasleek 1go, 2. eta 3. maila egiaztatzeko aukera izango dute aurten Buenos Airesen. HABEk lehendabizikoz eskaintzen du aukera hau aurten eta, besteak beste, 2007-2011 tartean Euskara Munduan programaren barruan trebatu diren irakasleek ikasitakoa egiaztatzeko aukera izango dute horrela. "Argentinan 30 lagunetik gora aurkeztea espero dugu", azaldu dio EuskalKultura.com-i programaren koordinatzaile Kinku Zinkunegik. Horrez gain, Madrilen eta Bartzelonan ere egingo dira frogak, urtero legez. Hiru kasuetan matrikulazio epea datorren asteko asteazkenetik ostiralera izango da.
Gehiago irakurri...
2012/04/13

San Luis probintzia argentinarrean, Villa Mercedeseko Euskal Etxeari atxikitako 'Camerata de la Luna' abesbatzak bi ekintza berezirekin hasi du 2012 ikasturte berria. Batetik eta euskal etxeko egoitzan, hilabete iraun duen ikastaro bat eskaini die abesbatzan sartu nahi zuten abeslari berriei. Bestalde, eta probintziako Hezkuntza Ministerioaren babesarekin, Pazko Kontzertua eskaini zuen joan den igandean, hiriko Santo Domingo Elizan. Emanaldia 2012ko zikloko lehena izan da eta Cameratakoez gain, Mendoza eta San Juan hirietako musikariek hartu zuten parte. Bestetik, arte tailerrak eta umeentzako kantu klaseak ere laster hasiko direla jakinarazi digute Villa Mercedeseko Euskal Etxea-ko arduradunek.
Gehiago irakurri...
2012/04/12
Bidaiaren arrazoi nagusia pertsonala izan bada ere, 'Tasio' filmaren protagonistak euskal etxe batzuk bisitatzeko baliatu du Argentinara egin duen bidaia. Buenos Aires probintziako hiriak eta hiriburua bera ezagutzean, zuzenean egiaztatu ahal izan du Patxi Bisquertek hainbatetan entzundakoa, Argentinan euskal presentzia nonahi soma eta dasta daitekeela, alegia. Bere lehen aldia izan da baina ez dirudi azkena izango denik. Izan ere, "Pello Mari Otañori buruzko dokumental bat egiteko asmoa dut", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "Proiektua nahiko bideratuta dago eta dena ondo ateratzen bada, aurten egingo dut", esan du Argentinan errodatzeko asmoa duen filmaz.
Gehiago irakurri...
2012/04/12

Bartzelonako Euskal Etxeak ekimen berri bat jarri du abian aurten Literaldia 12 jaialdiaren barruan eta teknologia berriak erabiliz mundu osoko euskaltzaleen sormenari erronka bota dio. Batetik, #mikroipuina hasthtag-a erabiliz 140 karakteretan istorio txikiak idazteko gonbitea egin du; eta, bestetik, #ipuintzarra etiketarekin sarean ari dira ipuina sortzen, euskaraz biak. Elkartea katalanez ere ari da ekimena gauzatzen (#mikroconte eta #megaconte etiketekin). Atzo hasi ziren lehendabiziko txioak agertzen, parte har ezazu!
Gehiago irakurri...
2012/04/12

Hasi zaizkigu heltzen munduko hainbat leku eta herrialdetako euskal etxeek Aberri Eguna kari eginiko ospakizunen informazio eta irudiak. Jarraian iragan igandean Txilen eta Venezuelan egin ziren bi festaren berri ekarri dugu, hurrenez hurren. Txilekoa, Santiagoko Gure Etorkia euskal elkarteak antolatua, San Cristobal muinoan dagoen Gernikako Arbolaren kimurainoko ibilaldia izan zen, bertan ekitaldi bat eta erromeria egiteko; Venezuelako Valencia-Naguanagua-n, berriz, Caraboboko Eusko Etxeak bazkide eta lagun andana bildu zuen bere instalazioetara, eguna famili giroan bizitzeko.
Gehiago irakurri...
2012/04/11

Parisen da atzo asteazkena eta gaur osteguna, apirilaren 11 eta 12an, Bernardo Atxaga idazlea, bere obras mintzatu eta zenbait mahai inguru eta ekitaldi literariotan parte hartzeko. Frantses hiriburuan Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Argitxu Camus-Etchecopar xiberotarrak EuskalKultura.com-i zehaztu dionez, gaur ostegun iluntzean, 7etan, literatur ekitaldi batean arituko da Cervantes Institutuan eta bihar, berriz, egun odoan Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean, Galizia eta Kataluniako beste literaturgile batzuekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/04/11

Varsovia, Poznan eta eta Gniezno hiri poloniarrak "euskal udaberri" baten gune izango dira, Etxepare Euskal Institutuak bertako unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoek antolatu dituzten ekitaldiei esker. Etxeparek jakinarazi duenez bihar bertan hasi eta datorren apirilaren 20a arte luzatuko dira jarduerak. Egitarauak bi arlo ditu: batetik, Kimuak laburmetraiak izango dira ikusgai hiru hirietan eta, bestetik, poesia eta musika ikuskizuna eskainiko dute Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/04/11

Berlingo Euskal Etxea jarduera egitarau mardula burutzen ari da hilabete honetan, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari. Urteurrena apirilaren 26an beteko da, eta egun horretarako bidea ekitaldi ugariz ari da berotzen berlindar elkartea. Iragan apirilaren 1ean hasi ziren jarduerak, bonbardaketari buruzko erakusketa baten inaugurazioarekin. Horrez gain, bi dokumental izan ziren ikusgai: Klaus Ihlau-ren 'Gernika' eta Pia Kuhlmann eta Pedro Deltell-en 'Die sichtbare Stimme'. Bihar Emilio Majuela historialariak hitzaldia eskainiko du eta igandean beste bi dokumental dira euskal etxearen proposamena.
Gehiago irakurri...
2012/04/11

Apirilaren 14an goizeko 9:30etan eta Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxearen egoitzan burutuko da Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna-ren (FEVA) Urteko Ohiko Biltzar Orokorra. Bilkuran hauteskundeak gauzatuko dira Federazioaren lehendakaria, idazkaria eta Zuzendaritza Batzordeko beste hainbat kargu berritzeko. Erakunde euskal argentinarretik jakinarazi digutenez, zerrenda ofiziala aurkeztu da bakarrik. Ustekabe handirik gabe, beraz, Ricardo Basterra lehendakariak, Marta Abarrategui idazkariak eta Hugo Andiazabal diruzainak berrautatuak izatea espero.
Gehiago irakurri...
2012/04/10

Bartzelonako Euskal Etxeak bihar bertan jarriko du abian Literaldia 12 jaialdia eta maiatzak 12a bitartean literaturaren bitartez Euskal Herriaren gaur egungo ikuspegia emango dio kataluniar gizarteari. Aurtengo edizioan liburu aurkezpenak, hitzaldiak, irakurle kluba, bertsolariak, ipuin eta poema musikatuak eta Bartzelonako euskara ikasleen Mihiluze lehiaketa egongo dira, besteak beste. Berritasunen artean aipagarria da euskal etxeak Twitter bidez ipuinak osatzeko deia luzatu duela, bai euskaraz eta biata katalanez ere. Bartzelonatik pasako direnen artean Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Edorta Jimenez eta Hasier Etxeberria idazleak izango dira.
Gehiago irakurri...