euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Corpus Christiko Eusko Etxeak sortutako ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketa Udal Interesekoa izendatua

2012/04/25

2010eko ‘Kontaketa Harrigarriak’ lehiaketaren sari emanaldia (argazkia EE) Oso oihartzun polita lortu duen proiektu interesgarri bat abiarazi zuen Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak orain hiru urte: literatur sormena lantzeko lehiaketa bat zen, eta parte hartzera luzatu zuten deialdiak 'ipuinak liluragarriak' izan behar izana zeukan berezitasun. Gonbiteak hain erantzun ona izan du geroztik Eusko Etxearen ikur ere bihurtu dela, erakunde honen kultur ekintzaren zeinu. Kari horretara, Corpusko Udalak 'Udal Interesekoa' izendatu berri du eta horri lotuta, bere sari bat ere eskainiko dio idazle irabazleari. 2012ko lehiaketari dagokionez, euskal etxetik jakinarazi digute gazteen kategoriako lanak bidaltzeko epea ekainaren 30era luzatu dela. Bitartean, uztailean burutuko duen Euskal Jai Handiaren antolakuntzan jo ta ke dihardute Corpus Christiko Eusko Etxeko lagunek.

Gehiago irakurri...


Perun ere Gernika gogoratuko dute; urte hasieran Irizar apezpikua omendu zuten zortzi mila pertsonek

2012/04/25

Limako Euskal Etxeko Raul Noblecilla eta Eliseo Olalla, Irizar apezpikua eta Juan Kruz Mendizabal (eskusoinuaz) "Agur Jaunak" kantatzen Irizarri egin zioten omenaldi jendetsuan (argazkia LimaEE) Hiru urte zituenean Jon Guarrotxena Limako Euskal Etxeko kideak Gernikako bonbardaketa ikusi zuen. Gertakari hark eta bere ondorioek eragin nabarmena izan zuten bere eta bere ingurukoen bizitzan eta bihar horri buruz mintzatuko da Euskaletxeak bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta antolatu duen ekitaldian. Bestalde, Limako euskal elkarteak iragan igandean ospatu zuen Aberri Eguna, bazkari batekin eta Irizar apezpikuak eman zuen meza elizkizunarekin. Irizar Callaoko apezpikua izan da oraintsu arte eta aurten kargu honetan egindako 22 urteengatik omenaldi jendetsua egin zioten: 8.000 lagun bildu ziren ekitaldira.

Gehiago irakurri...


Laguntza bonoak salgai Saladilloko Itxaropen-ek, egoitzaren eraikitze lanak bukatzeko azken txanpan

2012/04/24

Saladilloko Itxaropen euskal etxearen egoitza (argazkia Saladillo egunkaria) Euskal etxearen egoitza bukatzeko lanen azken txanpari ekin nahi diote Saladilloko euskal etxeko arduradunek. Kari horretara komunitate osoari eskatu diote laguntza, baina trukean sari batzuk emanez. Izan ere, eta aurreko urteetan egin duten legez, euskal erakundeak 200 pesoko bonoak kaleratu ditu pasa den astean eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko txartelak irabazteko aukera izango dute. Baliabideak biltzeko helburu berarekin, apirilaren 30ean ohiko ‘buseca’ salduko du Euskal Etxeak. Eraikina ordurako prest izango dutelakoan, 2013ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza izan nahi dute Saladilloko euskaldunek.

Gehiago irakurri...


Paraguaiko hiriburuko Jasone Euskal Etxeak Urteko Biltzarra egingo du eta Gernika oroituko du ostegun honetan

2012/04/24

Asunciongo Jasone Euskal Etxeko bazkideak hiriburu paraguaitarreko euskal elkartearen iazko Biltzar Nagusian, Galo Egüez lehendakariak emaniko urteko balantzea entzuten Asunciongo 'Jasone' Euskal Etxeak deia luzatu die bere bazkideei datorren ostegunean egingo duen Urteko Biltzar Nagusian parte har dezaten. Aurreko egunean, ostegunean, apirilak 26, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratuko du hiriko Gernikako Arbolaren monumentuaren aurrean gauzatuko duen lore eskaintzan, bertan egingo diren hitzetan data honek euskaldunentzat duen esangura berezia azpimarratuko delarik, ondoren hiriburuko Club Union delakoan sarraskia hizpide hartzeko Pedro Gamarra Doldan doktorearen eskutik.

Gehiago irakurri...


Berlingo Euskal Etxeak hiriko Gernika Plazan omenaldia egingo du, 1937ko bonbardaketaren egun eta ordu berean

2012/04/23

Emilio Majuelo historialaria iragan astean Berlinen eman zuen hitzaldian (argazkia BerlinEE) Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai Berlingo Euskal Etxeak, eta hilean zehar jarduera ugari egin eta gero, ostegun honetan burutuko du ekitaldi nagusia, apirilaren 26ean, naziek bizkaitar herria erasotu zuten egun berean. Omenaldia Berlingo Guernica Platz izeneko enparantzan egingo da, bonbardaketa gertatu zen ordu berean. Euskal Etxeak alemaniar elkarteen parte hartzea lortu du eta ekitaldian plazaren inguruko elizek kanpaiak joko dituzte.

Gehiago irakurri...


Giro ederra Argentinako hainbat euskal etxek antolatutako 2012ko Aberri Eguneko festa eta ekitaldietan

2012/04/23

Patagonisn, besteak beste Gizataldeen Ibilbidean ospatu zuten Barilocheko euskaldunek Aberri Eguna (argazkia Alejandra Bartoliche) Segitzen dute Diaspora osoan Aberri Eguneko ospakizunek, eta beraz pazientzia eskatzen dugu, pixkanaka argitaratzen joango baikara bateko eta bestekoak, informazioa heldu bazaigu bederen. Soilik Argentinan, Patagoniatik Mesopotamiaraino herri askotako euskal erakundeek bat egin dute ospakizunekin. Sarritan, herri, probintzia eta nazio mailako agintariak bertaratu dira zeremonietara egun berezi honetan bat eginik euskaldunekin. Hona euskal etxe eta datu multzo berri bat, honako euskal elkarteena: Barilocheko Mendiko Euzko Etxea, Olavarriako Gure Etxe Maitea, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Chivilcoyko Beti Aurrera, Pergaminoko Lagun Onak eta Misioneseko Euskal Jatorri.

Gehiago irakurri...


"Goierri" Euskal Elkarte Gastronomikoa sortu du euskaldun talde batek Argentinako La Plata hirian

2012/04/23

Joan den ostegunean, apirilaren 19an, La Platako Lazkao jatetxean Goierri Euskal Elkarte Gastronomiko berria fundatzeko bildu ziren kideak (argazkia GEEG) Buenos Aires probintziako hiriburu den La Platatik datorkigu berria, izan ere joan den ostegunean bertan sortu baitzen Goierri izena hartu duen euskal elkarte gastronomikoa, euskaldun multzo bat bildurik euskal gastronomia landu, sustatu eta hedatzeko, modu teorikoan eta baita praktikoan ere, euskal sukaldaritza dastagai eta mintzagai finkatuta. Helburu horietan ados egon daitekeen nornahi kide hartzeko prest agertu dira elkarte berriko kideak.

Gehiago irakurri...


Eraskusketa ibiltari batek Gernikako bonbardaketaren memoria zabalduko du Europa eta Ameriketako 50 hiritan

2012/04/20

Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentruak utzitako irudia Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak herri bizkaitarraren bonbardaketaren lekukotza munduan zabalduko duten erakusketa ibiltari sorta bat aurkeztu dute gaur goizean. Sei erakusketa dira guztira, eta ostegun honetan inauguratuko dira Brusela, Buenos Aires, Txileko Santiago, Bogota, Mexiko eta New Yorken. Ondoren Europako eta Ameriketako beste 44 hiritan izango dira ikusgai datozen hilabeteetan, bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta.

Gehiago irakurri...


Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena kari Jaurlaritzak munduan antolatutako ekitaldien zerrenda

2012/04/20

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta bulegoek munduan zehar antolatutako ekitaldiak iragartzen dituen afixa edo kartela, kasu honetan Buenos Airesko bertsioan. Egitarau zabala bultzatu eta aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, munduan dituen Euskadiren Ordezkaritzak medio, datorren ostegunean, 2012ko apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dela-eta. Kronograma, honako hiri eta herrialdetara iritsiko da, besteak beste: Belgika (Lieja, Brusela, Leper, Huy), Argentina (Buenos Aires), Uruguai (Montevideo), Paraguai (Asuncion), Brasil (Brasilia), Txile (Santiago), Peru (Lima), Kolonbia (Bogota), Ecuador (Cuenca), Mexiko (Mexiko Hiria) eta Estatu Batuak (New York). Hona ekitaldien xehetasuna.

Gehiago irakurri...


Dni Baskijskie!: Poloniako Poznango Unibertsitateak 2012ko Euskal Egunei bukaera emango die gaur

2012/04/20

Euskal Egunak jaialdiaren kartela Urtero egiten da Euskal Astea Poloniako Poznan hirian, Adam Mickiewicsz Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoko ikasle eta irakasleek antolatuta. Aurtean asteak "Dni Baskijskie" edo "Euskal Egunak" izenburua izan du eta zinea, musika eta poesia uztartu ditu. Apirilaren 12an hasi zen euskal astea eta atzo, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi izan ziren bertan, poesia irakurraldia eskaintzen. Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariak izan zituzten taulagainean lagun. Gaur Hana-Bi tabernan euskal jaia egingo da, aurtengo ekitaldiei bukaera ipiniz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia