2012/05/04

Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariak atzo osteguna maiatzaren 3ko zenbakian argitara emandako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiaren ebazpen baten bidez, Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren baitan arituko diren lau bekadunen izenak adierazten dira. 2012an eta 2013an Zuzendaritza horretan jarduteko puntuaketarik altuena lortu dutenak Lehendakaritzan Gasteizen (2k), Euskadiren Argentinako Ordezkaritzan (1ek) eta Estatu Batuetako dagokion euskal bulegoan (1ek) gauzatuko dute euren lana.
Gehiago irakurri...
2012/05/04

Euskara ikasteko eta praktikatzeko mila era daude, baina Boiseko euskaltzale talde honek proposatzen duena bereziki gustagarria izan daiteke zalantzarik gabe: gaur arratsaldean, 'kantu-poteoa' egingo dute Basque Block delakoan eta kantuan ariko dira bertan dauden euskal tabernetan eta euskal etxean. Euskal abestiak kantatuko dituzte, baina euskaraz ez dakitenek ere parte har dezakete, izan ere letrak banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. Antolatzaileek eskatzen duten gauza bakarra ondo pasatzeko gogoa da, Izaskun Kortazar AEBetako euskal etxeen euskara koordinatzaileak EuskalKultura.com-i esan dionez.
Gehiago irakurri...
2012/05/04

Fresno herri kaliforniarreko euskal piknikak abiaraziko du datorren larunbatean Estatu Batuetako euskal jaialdien 2012 udako egitaraua. Maiatzetik urrira bitartean, batez ere herrialde mendebaldeko estatuetan kokatzen diren euskal elkarte eta komunitateek euren urteko festa giroko elkarretaratzeak egingo dituzte. Abuztuak bilduko du, ohi bezala, festarik gehien, baina hitzordu zentrala uztailaren 6tik 8ra izango da Nevadako Elkon, bertan gauzatuko baita aurten NABO Convention delakoa, Elkoko National Basque Festivalaren 49. edizioarekin eta AEBetako Pilota Txapelketarekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/05/04

Tradizio handia du Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak sorginen inguruko ekitaldiak antolatzen. Gogora dezagun bertoko Kultur Azpibatzordeak urtero ospatzen duela 'Sorgin Afaria' ekaina aldera. Orain, Euskal Herriko tradizio batzuekin lotura handia duen gai honi buruzko beste proposamen bat luzatu diote instituzioko lagunek komunitateari: 'Sorginkeria Euskal Herrian' izeneko Narrazio Lehiaketa abian dago jadanik eta lanak bidaltzeko epea ekainaren 15ean bukatuko da. Sari emanaldia, abuztuaren 16an izango da. Hona lehiaketan parte hartzeko oinarriak.
Gehiago irakurri...
2012/05/04

Manhattaneko txakolinzaleak irrikaz daude igandearen zain, Txikifest izeneko New Yorkeko Txakolin Azokaren bigarren edizioaz gozatzeko prest. Txikito euskal jatetxeak antolatzen du azoka; Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako txakolindegien laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren sostenguarekin. Horrez gain, hiriko zenbait jatetxek ere bat egin dute ekimenarekin eta zintzurra busti ostean sabela goxo-goxo betetzeko plater sorta bikaina prestatu dute. Eta dena, edaria eta janaria, musu-truk! Edo ia musu-truk: azokan sartzeko 45 dolarreko tiketa erosi behar da, baina ondoren egun osoan zehar nahi adina jan eta edan dezakete bisitariek. Gainera bertaratzen direnen artean Euskal Herrira bidaia zozketatuko da; zozketan bildutakoa New Yorkeko Euskal Etxeari laguntzeko erabiliko da.
Gehiago irakurri...
2012/05/03

Euskaraz dakizu nahiz eta atzerrian jaioa zara? Eta ez dizu axola uda honetan Euskal Herrian festarik festa ibiltzea? Bada Pausokak emango dizu aukera. Ekoiztetxea udako euskal jaiei buruzko telebista saio bat ari da prestatzen eta atzerriko lau gazte euskaldun bila ari da, saioa aurkez dezaten. Gazte hauen lana euskal hiri eta herrietako jaietaz gozatzea litzateke, euren ikuspuntu eta lekukotasuna eskaintzea eta uda bukatzean jairik onena aukeratzea. Tentagarria, ezta?
Gehiago irakurri...
2012/05/03

Jarduera ugari burutu ditu azken asteetan Madrilgo Euskal Etxeak, eta hasi berri dugun maiatz honetan ere baditu makina bat egitasmo martxan. Horien artean aipagarria da futbol arloko bat: 25ean Athletic-ek eta Bartzelonak Kopa finala jokatuko dute Espainiako hiriburuan, eta hori dela-eta euskal elkartea egitarau berezia ari da antolatzen. Hasteko, euskal musika talde batek kontzertua emango du arratsalde horretan euskal etxean eta ondoren partida telebista erraldoian ikusteko propio irekiko da egoitzako Pello Aranburu aretoa.
Gehiago irakurri...
2012/05/03

Bere kaperaren akustika ederraz eta bertoko organo bereziaz baliaturik, aurten ere kontzertu ziklo berezia abiarazi da Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuan. Aurreko edizioen haritik, maila handiko musikariak programaratu dira Sarandi kaleko elizan eta topaketei ez zaie euskal kutsua faltako, obren edo jotzaileen aldetik. Apirilean ‘Los ministriles’ taldea eta Ana Paula Segurola organistaz gozatu ondoren, erantzun bikainaz, hurrengo hitzordua datorren astean izango da, maiatzaren 11an Gabriela Navarro Landaverria eta Leonardo Petroni organo-jotzaileen eskutik, sarrera doan.
Gehiago irakurri...
2012/05/03

Atzoko edizioan jakinarazi genuen bezala, Buenos Aires probintziako Junin herria izango da 2012ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza. Hala ere, eta antolatzaileek plazaratu duten ohar berri baten haritik, bertaratu nahi dutenentzako prezioak errepikatuko ditugu, gaizki-ulerturik ekiditzeko. Partaidetzaren prezioa, lehiaketan parte hartuko duten euskal etxeen kasuan 800 dolarrekoa izango da, voucherra. Laguntzaileen voucherraren prezioa, berriz, 800 pesokoa. Gogoratu, erreserbak maiatzaren 10aren aurretik behar direla egin, data horretarako jende-kopurua behintzat adieraziz.
Gehiago irakurri...
2012/05/03

La Platako Euzko Etxea euskal etxeak Urteko Biltzar Nagusia egin zuen apirilaren 22an, iragan urte honetako Zuzendaritza Batzordearen jarduna baietsiz eta elkarteko zenbait kargu berrituz, horien artean lehendakaria bera. Agintealdi berrirako, orain arte lehendakari zen Javier Clua epe berri baterako hautatu zuten eta, berarekin aritzeko, idazkari segituko du Maria Fernanda Astigarragak, batzordean lagun izango dituztela, besteak beste, Sergio Ochotorena, diruzain, eta Patricia Pulido, diruzainorde.
Gehiago irakurri...