euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara, dantza eta sukaldaritza lantegiak egin zituen Mallorcako Artea Euskal Etxeak asteburuko barnetegian

2012/05/28

Ikasleak jo eta ke lanean Mallorcako Euskal Etxearen 2012ko barnetegian (argazkia MallorcaEE) Ekimen ugari ari da burutzen azken asteotan Mallorcako Artea Euskal Etxea: dantza ikastaroa, Athletic-en partidak ikusteko afariak, hiriko azokan standa jartzea.. Bereziki aipagarria da apiril hondarrean elkarteak gauzatu zuen barnetegia, lehen aldia zelako eta emaitza bikaina lortu zuelako. Euskal etxeko bi euskara taldeek elkarrekin ikasi eta elkar ezagutu ahal izan zuten ikastaro trinko honi esker eta, horrez gain, ordutegi arazoeangatik klaseetan parte hartzeko aukera ez daukaten bazkideek ere parte hartu ahal izan zuten. Datorren urtean esperientzia errepikatzeko asmoa du elkarteak.

Gehiago irakurri...


Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak erakundearen 89. urteurrena ospatu eta Zuzendaritza Batzordea berritu du

2012/05/28

Comodoro Rivadaviako Euskal Echea euskal etxearen 89. urtemuga (argazkiaEE) Patagonia argentinarreko handienetako bat da Comodoro Rivadaviako euskal etxea. Are gehiago, laurogeita bederatzi urterekin, eskualdeko zaharrenetako bat ere bada Atlantikoari begira dagoen hiri honetako euskal erakundea. Zaharra bezain aktiboa da eta urtebetetze berria ospatzeko, instituzioa osatzen duten lagunei elkarretaratzeko deia egin zien egoitzako trinketean, eta hala egin zuten zuzendaritza batzordekideek, abesbatzako kantariek, dantzariek eta euren ahaideek. Aurreko hilabetean, buruzagitza berritzeko biltzarra gauzatua zuen euskal etxeak, lehendakari gisa Antonio Baztanek segitzen duelarik.

Gehiago irakurri...


Madrilgo eta Diaspora osoko athleticzaleek taldeari animoak emango dizkiote gaur Kopa finalean

2012/05/25

Jendez mukuru, horrela zegoen Madrilgo Euskal Etxea Europa League txapelketako finala ikusteko; beste horrenbeste espero dute bihar Kopa finalaren karira (argazkia MadrilEE) Bucarest-en Europa League txapelketaren finala galtzeak ekarri zuen kolpe latza eta gero, Athletic-eko jokalariek aurten titulu bat eskuratzeko aukera berri bat izango dute gaur gauean Madrilen, Vicente Calderon zelaian. Horretarako Bartzelona ahaltsua mendean hartu beharko dute; balentria galanta, zalantzarik gabe, baina athleticzaleen gogo eta animoak izango dituzte akuilu. Milaka zaletu izango dira gaur Madrilen, guztien buru bertakoak; Espainiako hiriburuko athleticzaleak inoiz baino harroago egon ahalko dira, uholde zurigorriko parte. Diasporatik ere asko dira taldeari erronka honetan bultzada emateko goiz jaikitzeko edo gaupasa egiteko prest daudenak, bertaratuta zein munduko hainbat lekutatik irratia, telebista eta internet lagun.

Gehiago irakurri...


Euskal Herrirako bidaian Villa Maria-ko euskal etxeko lagun talde bat hartu zuen Lopez lehendakariak

2012/05/25

Emilia Zugasti, Gabriela Ugo, Eugenio Onnainty, Raul Onnainty, Ana Maria Irastorza, Carlos Yanzon, Americo Ugo, Nestor Giraudo, Martha Olaviaga eta Mariana Papa Patxi Lopez Lehendakari eta Julian Celaya Gizataldeentzako zuzendariarekin (argazkia EE) Apirilean burutu zuten bidaia Cordoba probintziako hiri honetako lagunek. Arbasoen lurra ezagutzeko helburua zuen bidaiak Euskal Herriko hainbat tokitara eraman zituen, tartean, Donostia, Baiona, Maule, Donibane Garazi, Iruñea, Gasteiz eta Bilbora. Gasteizen, talde argentinarra Lopez Lehendakariarekin eta Julian Celaya Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariarekin bildu zen Legebiltzarrean. “Bidaia ez zen ofiziala izan eta ez ginen, beraz, erakundearen izenean joan; hala ere, bertan egonda, egoki iruditu zitzaigun Lakuako agintariekin elkartzea”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Euzko Etxea-ko hautetsi nagusia den Raul Onnaintyk.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza berritu du Pehuajó-ko Etxe-Alai Euskal Etxeak; Alejandro Maggio Curutchet, lehendakari

2012/05/24

Pehuajó-ko Etxe-Alai Euskal Etxearen egoitzaren kanpoaldea gure artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Elkartearen araudiak finkatzen duenari segituz, Pehuajó-ko Etxe-Alai Euskal Etxeak, Buenos Airesko probintzia argentinarraren barnealdean, bere buruzagitza berritzeko Urteko Ohiko Batzarra egin eta, ondorioz, Zuzendaritza Batzorde berrituko buru Alejandro Maggio Curutchet hautatu zuen, berarekin batera arituko direlarik, besteak beste, Liliana Esther Uztarroz, lehendakariorde; Maria del C. Bevilacqua Escudero, idazkari; eta Maria Elena Azurabarrena, diruzain.

Gehiago irakurri...


Eusko Brasildar Etxeak jardueraz eta bizitasunez bete du jada hil hasieran inauguratu zuen egoitza berria

2012/05/24

Giroa bikaina izan zen inaugurazio festan; irudian Oskar Goitia chef/presidentea dantza taldeko kideekin (argazki Eusko Brasildar EE) Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak jai handia egin zuen iragan maiatzaren 5ean, elkartearen egoitza berria inauguratzeko. Bertan izan ziren euskal etxeko bazkide eta lagunak, eta baita hizkuntza ikastaroetako ikasleak ere. Bazkaltzeko ikurrina eta lauburuekin atonduriko paella izan zuten eta ondoren, dantza erakustaldia eskaini zuten hizkuntza ikasle batzuek. Egoitza giroz bete da jada aste hauetan eta jarduera ugari egiten ari dira bertan euskal-brasildar lagunek: hizkuntza ikastaroak, musa, gitarra eskolak, ospakizunak eta beste zenbait kultur ekimen.

Gehiago irakurri...


‘Emakumeak’ antzezlana, omenaldia eta 16. urteurren jaiaren data aldaketa, Jose C. Paz-eko Toki Eder-en

2012/05/24

Fuego Otoñal antzerki taldea euskal etxeko lagunekin (argazkia EE) 2012ko egitarauari zintzo jarraituz, Fuego Otoñal taldeak ‘Emakumeak’ antzerki lana aurkeztu zuen joan den larunbatean Jose C. Paz-eko Toki Eder euskal etxean. Emanaldia bukatzean, aktoreek euskal erakundeko lehendakaria den Maria Angeles Oñederra gonbidatu zuten agertokira omenaldi bat egiteko. Datozen hilabeteei begira, Toki Eder-etik jakinarazten digute aurrera jarraitzen dutela euskal etxean gauzatzen diren tailer eta ikastaroek eta erakundearen 16. urtemugari dagokionez, festaren data aldatu dela: hitzordua ekainaren 24an izango da, Altube Klubean.

Gehiago irakurri...


Asteburuan egingo da Bakersfield-eko euskal festa, Euskal Herriko pilotari ordezkaritza eta guzti

2012/05/23

Euskal festa Bakersfield-eko euskal etxeko pilotalekuan, klika jotzen ari delarik (argazkia EuskalKultura.com) Dena prest da Kaliforniako Bakersfield-en datorren asteburu honetan garatuko den bertako euskal piknik eta festa abiarazteko. Estatu Batuetan urtero maiatzean hasita egiten diren euskal jaien artean, sasoin-hasierako klasiko bat da Bakersfieldekoa. Ezin dira ukatu hemen euskal giroa eta euskal tradizio bertan errotuak. Euskal dantzen, berbenen, erakustaldien, kliken, mus partiden eta gainerakoen artean, zati garrantzitsua dira pilota eta pilotariak. Aurten, ohitura denez, Euskal Herritik propio etorritako pilotariak bertakoei juntatuko zaizkie.

Gehiago irakurri...


Bakersfield-eko euskal piknik eta festa kaliforniarra bere 40. ediziora iritsi da aurten: egitaraua

2012/05/23

Bakersfield-eko 40. Euskal Besta eta Piknikaren afixa Kaliforniako Bakersfield herrian urtero maiatzean egiten den euskal festak zenbaki biribila lortu du aurtengoan, bere 40. ediziora iritsi baita, eta osasun onean gainera. Besta antolatzen duen Kern County Basque Club harro egon daiteke. Bertaratzeko aukera dutenek ohiko eta bilatutako osagaiak aurkitu ahal izango ditu: euskal musika, dantza tradizionala, berbena dantza, mus partidak, euskal janaria, kantuak, apezpikuak emandako meza, pilota partidak, klika eta batez ere euskal amerikar giro jatorra. Aurreko berrogei urteetan bezala, eta 40 urteko hurrengo epeari hasiera ematen. Asteburuko egitaraua bildu dugu hona.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxeak Erresuma Batuan errefuxiatu ziren Gerrako Umeen lekukotza jasoko du gaur

2012/05/23

Erresuma Batuko Gerrako Euskal Umeei buruzko hitzaldiaren afitxa Susana Sabin Fernandez historialari eta filologoa London Basque Society elkartean izango da gaur arratsaldean, 1937an Erresuma Batuan errefuxiatu ziren haur euskaldunei buruzko hitzaldia emateko. Ikerlariak gai honi buruzko tesia egin zuen eta haurren esperientzia ikertzeaz gain, historiak herrialde anglosaxoian izan duen oihartzuna aztertu du. Eusko Jaurlaritzak tesian oinarritutako liburua argitaratu zuen iaz, ingelesez, "The "niños vascos": memory and memorialisation of the Basque refugee children of the Spanish Civil War in the UK" izenburupean. Aurten Gerrako Umeen etorreraren 75. urteurrena bete da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia