euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Mikel Menaya eta Julia Ercorecari, Aralargo San Migel Mus Txapelgoa antolatu duen Macachin-en

2012/09/21

Macachingo Euzko Alkartasuna euskal etxearen armarria (argazkia EuskalKultura.com) Pampa heze argentinarretik, bertako Macachin herriko Euzko Alkartasuna euskal etxeak omenaldia iragarri du eskainiko diela irail honetako azkeneko igandean, San Migel egunean, hilaren 29an, Mikel Menaya eta Maria Julia Ercorecari, plaka desestaliz euren izenak modu egonkorrean gogoratuak gera daitezen. Ekitaldia, elkarteak 'Aralarko San Migel' izenaz asteburu horretarako antolatu duen Mus Txapelketarekin batera egingo da, Euskal Herriko zaindaria kontsideratua den San Migeli eskainiko zaion mezaren ondoren, jaiean.

Gehiago irakurri...


Antzar Eguna, Valenciara txangoa eta Eusko Etxea-ko bi lagunen gomuta, Caracaseko Jazoera buletinean

2012/09/21

Eusko Etxea-ko lagun talde honek Valenciara bidaia egin zuen Caraboboko euskal elkartearen Begoñako Ama Birjinaren jaian parte hartzeko (argazkia Jazoera) Caracaseko Eusko Etxeak Jazoera albistari digitalaren azken alea argitaratu du --hemezortzigarrena-- eta azken asteetan Caracasko eta Valencia-Caraboboko elkarteetan egin diren ekimenak bildu ditu bertara. Horien artean aipagarria da Eusko Etxean egin zen San Antolin eguneko jaia --azken urteetan utzita zegoen Antzarren Jokoa berreskuratuz-- edo Valenciako Begoñako Ama Birjinaren jaia. Horrez gain, buletinak berriki hil diren komunitateko bi kideri --Guillermo Ramos eta Alatz Mugica-- agur egiten die eurei buruzko artikuluekin.

Gehiago irakurri...


Kukai konpainiak euskal dantza garaikidea erakutsi zuen Quebec-en, Montrealeko karriketan

2012/09/20

Kukaiko dantzariak Montrealen eskaini duten erakustaldi batean (argazkia QuebecEE) Kukai dantza konpainia Quebec-en izan zen irailaren 11tik 14era eta Montreal hirian hainbat ikuskizun eman zituzten taldeko lau kidek. Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzentzen du Kukai eta taldea euskal tradizioa dantza garaikideekin uztartzen eta berritzen ahalegintzen da. Quebec-era Montrealeko Festival Quartiers Danses jaialdiak gonbidatuta etorri zen taldea eta Euskaldunak Euskal Etxeko kide asko lagun izan zituzten emanaldietan (dantzarien hitzak frantsera itzultzen aritu ziren, gainera).

Gehiago irakurri...


Arrakasta Chivilcoyn bertako euskal etxearen 'euskal-argentinar peña'k; dei berria larunbaterako dantzarien alde

2012/09/20

Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko dantzari txikiak, joan den larunbatean elkartearen egoitzean egindako 'peña euskal argentinarra'ren baitan (argazkia La Campaña) Chivilcoyko euskal etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, atseginez eta arrakastaz bururatu zuen joan den larunbatean aurten antolatu duen bigarren 'Euskal Argentinar Peña', elkarteko dantzariak emanaldia eskainirik haren baitan. Urtea bukatu orduko hirugarren peña bat egitea ere pentsatzen ari dira. Datorren larunbaterako, ostera, 'Eguberri Afaria' antolatu dute, hau ere euskal etxearen egoitza espaziotsuan egiteko, izan ere elkarteko dantza taldearen alde, urrian Rosarioko Euskal Argentinar Aste Nazionalera egin behar duten bidaia gastuak laguntzeko. Leku guztiak salduak daude dagoeneko. Informazioa atzo bertan eman zuen argitara Chivilcoyko La Campaña egunkariak eta bertatik ekarri dugu hona.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-en 2013 NABO egutegien zozketaren emaitzak: 11 saridun Europan eta Ameriketan

2012/09/20

NABOren 2013 egutegiaren azala Agindu bezala, zozketa egin da eta EuskalKultura.com-ek NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioa lankide antolatutako zozketaren emaitzek hamaika saridun ondorioztatu dituzte, honako hiri eta herrialdeetakoak hain zuzen: Barakaldo (Euskal Herria), Arrecifes (Argentina), Alberta (Kanada), Wageningen (Holanda), Reno (Estatu Batuak), La Plata (Argentina), Iruñea (Euskal Herria), Queretaro (Mexiko), Valparaiso (Txile), Jerome (Estatu Batuak) eta Sao Paulo (Brasil). Irakur ezazu saridunen zerrenda osoa. Berehala deituko dugu datorren zozketa. Egon adi!

Gehiago irakurri...


Aralarko Mikel Deunaren eguna astebeteko jai egitarauarekin ospatuko du Mar del Platako Denak Batek

2012/09/20

Denak Bat-eko Aralarko Mikel Deunaren jaietako afitxa Urtero legez, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak jai egitarau zabala antolatu du Aralarko Mikel Deunaren eguna ospatzeko. Elkarteko patroia da santua eta ospakizun hauek euskal etxearen tradizioaren parte bilakatu dira jada. Jarduerak atzo bertan hasi ziren, pilota txapelketa batekin, eta irailaren 29a arte (Mikel Deunaren eguna) luzatuko dira. Tartean, genealogia hitzaldiak, Itziar Aguirre sukaldariaren "pilpileando" ekimena, irakurketa maratoia eta Euskal Taberna jaia egingo dira Denak Bat-en.

Gehiago irakurri...


Euskal kultura leiho bat zabalik New Yorken urriaren 1etik 13ra "Basque Cultural Exchange" jardunaldietan

2012/09/19

Emanaldien egitaraua, New Yorkeko Etxeorratza eta Arantzazuko Basilikako Dorrea elkarren ondoan ezarrita, New Yorkeko eta Euskal Herriko sormenaren ikur gisa Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, New York hiria "Basque Cultural Exchange" ekimenaren leku izango da urriaren 1etik 13ra bitartean, aukera emanez bertako biztanleei egitarauko film, mahai-inguru eta kontzertuak medio euskal kultur emaitza garaikideetara hurbiltzeko, aurten, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gai gisa harturik. City University of New York-en (CUNY) egoitza duen Bernardo Atxaga katedrak aurten irakasle hautatu duen Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izanik, ekimenak hainbat film emango ditu historiako pasadizo horren inguruan 'Gernika eta Espaniako Gerra Zibilia Euskal Herrian' izenburupean. Beste saio batzuk 'Euskal ikonoak munduan' eztabaidatuko edota euskal kantagintzaren historia aurkeztuko dituzte kontzertu multimedia batean, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.

Gehiago irakurri...


Etxeparek euskal kulturari buruzko liburu saila jarri du sarean, doan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez

2012/09/19

Euskal Kultura sailaren aurkezpenean izan ziren aurreneko hamar aleak idatzi dituzten adituak, Mari Jose Olaziregi editorea eta Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria (argazkia Etxepare) Euskal Kultura saila du izena bilduma honek eta atzo Donostian aurreneko hamar aleak aurkeztu zituen Etxepare Euskal Institutuak. Sailak jorratzen dituen gaiak euskara, euskal literatura, euskal musika klasikoa, euskal kantagintza, ikusizko arteak, euskal zinema, arkitektura eta diseinua, euskal dantza, bertsolaritza, tradizioak, euskal sukaldaritza eta antzerkia dira. Bildumaren helburua euskal kulturaren arlo hauek nazioartean zabaltzea da eta hirueletan plazaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta gure irakurleentzako interesgarriena: doan deskargatu daitezke Etxepareren webgunetik.

Gehiago irakurri...


"Baztan" luzemetraiak bailara nafar horretako agoteen istorioa ekarriko du Donostiako Zinemaldira

2012/09/19

Unax Ugalde aktorea, "Baztan" pelikularen irudi batean Datorren irailaren 24ean Donostiako Zinemaldian estrenatuko da "Baztan" luzemetraia, Zabaltegi Bereziak izeneko sailean. Iñaki Elizalde zuzendari nafarraren lehen filma da "Baztan" eta izen bereko bailaran sortu eta grabatutako lana da. Bi garai desberdinetan gertatzen diren istorioak uztartzen ditu filmak: batetik, XVII mendean agoteek jasan zuten diskriminazioa eta horren aurka borroka egiten saiatzen den Joxe gaztearen istorioa; eta bestetik, gaur egun bailarara filme bat errodatzera doan zine ekipo batena. Unax Ugalde eta Carmelo Gomez dira protagonistak, aurrenekoz kamera aurrean jarri diren hainbat baztandarrekin batera.

Gehiago irakurri...


Larunbatean itsasoratuko da Alaskara bidean Euskal Etxeen 35. Munduko Mus Txapelketa

2012/09/18

Txapelketako partidak jokatzen dituzten bitartean muslariek Glacier Bay Parke Nazionala bezalako lekuak ezagutu ahalko dituzte Vancouver-eko Zazpirak Bat euskal etxe kanadiarreko bazkideak ilusio handiz bizi dituzte Euskal Etxeen 35. Mus Txapelketa hasi aurreko egunak. Ilusioz eta urduritasun puntu batekin; izan ere, txapelketa oso originala prestatu dute: mus partidak Vancouver-etik Alaskara bidea egingo duen kruzero batean egingo dira. Larunbatean itsasoratuko dira muslariak Sapphire Princess izeneko ontzian. Orotara 135 bidaiari izango dira txapelketan: 11 herrialdetako 24 muslari, 13 ordezkari eta euren lagun eta senitartekoak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia