2012/09/29

Aurten Rosarion urriaren 26tik 28ra bitartean egingo den Euskal Argentinar Aste Nazionalak deitutako Testu eta Kartel Lehiaketan, helduenean edo txikienenan, parte hartzeko asmoa bazeneukan eta oraindik egin ez baduzu, erne egon zaitezke, azken aukera baitaukazu zure lanak bertara bidaltzeko. Irailaren 30a izan da ipinitako epe muga, nahiz eta, antolatzaileek EuskalKultura.com-i adierazi diotenez, malgutasunez jokatuko duten epeari begi zabalez begiratuz, baina dena den, epea gainean da eta zeure lana(k) nabarmentzeko aukerak ere datozen ordu edo egunetan ahituko dira. Parte hartu nahi izatekotan, egizu berehala!
Gehiago irakurri...
2012/09/28

Santiago Euzko Etxearen albistari digitalak, Berriketarik, irailean zehar euskal elkartean egin diren jarduerak jasotzen ditu azken alean. Horietako bat izan zen, adibidez, Euzko Etxeko frontoian jokatu zen Txileko Trinkete Txapelketa (eta irabazlea, gainera, etxeko bikote bat izan zen: Yona Dannuncio eta Miguel Ramirez). Horrez gain, euskal etxeak Winnipeg ontziaren etorreraren 73. urteurrena gogoratu zuen. Barku honetan heldu ziren errefuxiatuek abesbatza osatu zuten bidaian, eta handik sortu zen egungo elkarteko Euskal Abesbatza. Koruko kideek omenaldi berezia jaso zuten ospakizunean.
Gehiago irakurri...
2012/09/28

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari ekitaldi bereziak antolatzen ari da aurten Berlingo Euskal Etxea eta ekitaldi horietako bat da urriaren 30ean abiatuko den Euskal Zinemaldia. Euskal elkarteak tamaina honetako egitasmoa burutzen duen lehen aldia izango da eta egitarau zabala prestatzen ari da. Behin-behineko programaren barruan Alemaniako hiriburuan ikusgai izango dira besteak beste "Bertsolari" eta "Zuloak" dokumentalak, "Izarren Argia" luzemetraia eta "Gartxot" animazio-filma, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2012/09/28

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Bereziak atalean aurkeztu zuen Zuloak dokumentala Fermin Muguruzak. Zuloak musika taldearen ibilbidea jarraitzen du filmak, eta haren kontzertu eta entseguen irudiak biltzen ditu. Dokumentala aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, ordea, dokumentala 'faltsua' dela argitu du Muguruzak, hau da, taldea dokumentala egiteko propio sortu dutela. Dena den, badirudi fikzioa errealitate ere bihurtu dela, eta dokumentalaren harira taldea egiazki oholeratu eta bira bat egingo du atzo bertan Donostian egindako emanalditik hasita eta azaroaren 24ra bitartean. Euskal Herrian ez ezik, Madril, Bartzelona, Ourense, Berlin eta Mexiko Hirian izango dira.
Gehiago irakurri...
2012/09/27

Datorren astean Noka talde kaliforniarrak Estatu Batuetako Oesteko euskal elkarteetan kontzertu bira abiatuko du. Bira NABO (North American Basque Organizations) Federazioaren Gurea kultur egitasmoaren parte da eta euskal etxeetan AEBetako euskaldunek sortzen duten kultura sustatzea du helburu. Bira Oregonen hasiko da, Ontario Basque Club elkartean. Ondotik, taldeak kontzertuak emango ditu Mountain Home-en (Idaho), Stanford Unibertsitatean (Kalifornia) eta Iparreko Ibarra euskal etxean (Kalifornian ere). Catherine Petrissans, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria euskal-amerikarrek osatzen dute Noka.
Gehiago irakurri...
2012/09/27

Londresko hiriburuan London Spanish Film Festival izeneko zinemaldia egingo da bihartik urriaren 10a bitartean. Euskal zinemak sail berezia izango du bertan "Basque Window" edo Euskal Lehioa izenburupean. "Arriya" luzemetraiak abiatuko du sail berezi hau, igandean egingo den emanaldiarekin. Datorren astean "Bertsolari" eta "Emak Bakia Etxea" dokumentalak eta "Extraterrestre" filma izango dira ikusgai, zenbait euskal laburmetraiarekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/09/27

Bihar ostirala egingo da Cordoban, Argentinan, 'Cordoba Loiolari kantari' (Córdoba canta a Loyola) kantu topaketa, Cordoba hiriko Gure Txokoa Euskal Etxeak Jesusen Lagundiaren bertako elizan antolatua, hiru abesbatza argentinar partaide. Euskal Etxetik adierazi digute baita ere, arrakastaz aritu zirela etxeko Cordobatarrak dantzari taldeko kideak hiri erdigunetako oinezkoen eremuan dantzari Immigrantearen Eguneko ekitaldiak kari.
Gehiago irakurri...
2012/09/26

Euskaldun aditu talde batek sortu du HitzApp aplikazioa, Suitzako teknologia enpresa batekin elkarlanean. Aplikazioa hau iPad gailuetan eta iPhone mugikorretan erabiltzeko diseinatua da eta momentuz, gaztelaniazko bertsioa bakarrik dago. Erabiltzaileek hainbat joko eta ariketen bidez ikasiko dute euskara, arduradunen esanetan. Aplikazioaren prezioa 6.95 eurokoa da, eta enpresak beste hizkuntza batzuk ikasteko aplikazioak ere saltzen ditu. Aurki laster euskaldunentzako ingelera, frantsesa eta alemaniera ikasteko aplikazioak aterako dituzte.
Gehiago irakurri...
2012/09/26

Iragan asteburuan kontzertua eman zuen Maral talde euskal-argentinarrak Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko frontoiean Euskaltzaleak euskaltegiaren alde. Irabaziak 1944tik Buenos Airesen bere izenari ohore eginez euskara irakasten duen elkarte honentzat izan zen. Euskaltzaleak-ek egoitza berria eskuratu zuen iaz, "Teila bat Argentinan euskararen alde" kanpainan bildutako dirua lagungarri. Kontzertu honekin Maralek, Iparraldeko Euskal Etxeak, eta bertara bildutako lagunek giro ederra sortu eta aldi berean elkartasunezko bultzada berri eta beroa eman diote kanpainari.
Gehiago irakurri...
2012/09/26

FEVA Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak buruzagi formakuntzarako bi lantegi antolatu ditu datozen bi larunbatetarako General Las Heras eta Trenque Lauquen herrietan, datorren larunbatean Gral Las Herasekoa eta urriko lehenengo larunbatean Trenque Launquengoa, beti ere "euskal etxeetako kudeaketa, planifikazio eta administrazio tresnak landu" eta, tailer tankeran eratuz, "partaidetza sustatu, banakako eta taldekako lana butzatu eta eskarmentu trukea erraztu". Bi ikastaroak egun bakarrekoak izango dira, gozieko 9etatik iluntzeko 8ak arte. Izena emateko epea asteazken honetan bertan, irailaren 26an, bukatuko da.
Gehiago irakurri...