2012/10/03

Hilaren 1ean sarera bueltatu zen Dantzan.com webgunea, azken urteetan mundu osoko euskal dantza taldeentzat erreferente eta topaleku bihurtu den orria. Urte hasieran Dantzan.com-eko arduradunek webgunea itxi egin behar izan zuten, erakundeen laguntzen murrizketa dela eta. Orain, dantza munduak bultzaturiko sostengu-kanpainari esker erakundeen laguntza lortu du, baina webgunea berriz martxan jarri ahal izateko adina baino ez da, eta ez da nahikoa epe luzerako. Laguntza kanpainak indarrean dirau eta datozen asteetan ekimen berriak iragarriko dira.
Gehiago irakurri...
2012/10/03

Indartsu dator aurten Bartzelonako Euskal Etxearen euskal musika jaialdia, EH Sona! delakoa. Urtero legez Euskal Herriko musika estilo eta talde sorta zabala ekarriko du euskal elkarteak hirira, eta aurtengoan gainera entzule asko bilduko dituzten izen handiak dira tartean. Jaialdia urriaren 26ean abiatuko da, Lauroba taldearekin eta abenduaren 16ean itxiko du Berri Txarrak talde nafarrak. Sarrerak salgai dira jada eta internet bidez eskura daitezke.
Gehiago irakurri...
2012/10/03

Duela bi hamarkada elkartearen proiektua abian jarri zutenen omenez, erakundearen hogeigarren urteurreneko bazkaria burutu zuten Zelaiko Euskal Etxea-ko kideek joan den uztailaren 29an. Gonbidatuei dagokienez, azpimarratu behar da herriko euskaldunak ez ezik, Macachingo dantza taldeko neska-mutilek ere hartu zutela parte Hiriaren inplikazioa izan zuen jai honetan. Elkarretaratzean, garai guztietako etxeko lagun eta kolaboratzaileak izan ziren gogoan. Eta festari amaiera emateko, brindisa eta urtebetetze tarta partekatu zuten bildutakoek.
Gehiago irakurri...
2012/10/02

Nazioartean bide polita egiten ari da Itzaltzuko bardoaren istorioa kontatzen duen "Gartxot" filmea, iragan azaroan estrainatuz zenez geroztik. Berriki Australiako Auburn Zinemaldian Ikusleen Saria irabazi du eta azaroan Berlingo Euskal Etxeak antolatu duen Euskal Zinemaldian izango da ikusgai. Horrez gain, sarean ere ikus daiteke, www.filmotech.com webgunearen bidez. Ikustaldiak 2.95 euro balio ditu. Filmea jatorrizko euskaran eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz azpitulatuta dago. Beste 19 hizkuntza gutxituetara ere itzuli dute, elkartasun sare baten bidez.
Gehiago irakurri...
2012/10/02

Sortu berria baina pauso tinkoz hazi eta sendotzeko bokazioz ekin dio ibiltzeari Polonian jaio berria den GU elkarte euskal poloniarrak. Abiatu ere, argazki lehiaketa baterako deia zabalduz abiatu da, hauxe baita jendaurrean plazaratzen duten lehendabiziko proposamena. Parte hartu nahi duen orori dago zabalik eta argazkitu beharreko gaia "Erakutsi ezazu Polonia edo Euskal Herriko hoberena, ezezagunena, bertakoena" leloarekin adierazi dute. Animatu zaitez, irakurle, eta hedatu deialdiren berri. Euskal Herrikoa edo Poloniakoa bazara, argazki berri esanguratsuren bat egin eta bidal dezakezu. Diasporako beste lekuren batetik irakurten baduzu, baliteke inoiz Euskal Herrian egindako argazki dotoren bat egokia izatea lehiaketarako. Ahal duzula, ez utzi eta parte hartu. Lanak aurkezteko epea urriaren 30a da.
Gehiago irakurri...
2012/10/02

Argentinako gizatalde euskaldunak eta bereziki Rosario hiriak Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunak lagundu zituen euren erakundearen ehungarren urtemugan. Ospakizunak urte hasierarekin abiatu baziren ere, abuztuan gauzatu dira ekimen garrantzitsuenak, Mendeurreneko Afaria barne. Oraintxe bertan, ordea, Rosarion egingo den 2012ko Euskal Aste Nazionalari zuzentzen zaizkio begirada guztiak. Izan ere, Rosariora ekarri zuen Zazpirak Bat-ek Argentinako euskal jai nagusiaren antolakuntza, Mendeurreneko ospakizunen barne.
Gehiago irakurri...
2012/10/02

Irailaren bukaera aldera Medellinera bidaia egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako ordezkari Iñaki Martinezek, Antioquiako hiri honetan euskal komunitateak antolatutako hitzaldi batean gonbidatu gisa parte hartzeko. Solasaldiaren gaia "Picasso y Jorge Oteiza, hilo de continuidad en la obra Gernika", Libe de Zulategi euskal-kolonbiarrak emanik, Udal Liburutegi Publikoan. Bestalde, aste honetan Kolonbian da SPRIko zuzendaria, Tomas Orbea. Barranquillako Hiri Iraunkor Nazioarteko Foroan parte hartuko du Orbeak, Euskal Herriko esperientzia eta Bilboren birsorkuntzaren kasua azaltzeko.
Gehiago irakurri...
2012/10/01

Donostiako Gaztelupe Ganbera Abesbatzak bidaia abiatuko du gaur Estatu Batuetako Mendebalde kostaldera, urtero ohi duen bezala turismoa eta emanaldi batzuk, euskal etxeetan edo euskal gizataldeei lotuak, uztarturik. Kantariekin batera, hirurogei pertsonako taldea doa laguntzaile. Bi emanaldi eskainiko dituzte, Nevadako Renon eta Kaliforniako San Frantziskon, lehenengoa Bilbo, Donostia eta Pauera ikasle amerikarrak bidaltzen dituen USAC unibertsitate-erakundeko buru den Carmelo Urza medio antolatua eta bigarrena, San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en eskutik, elkarte honek South San Frantziskon duen egoitzako auditorium-ean.
Gehiago irakurri...
2012/10/01

AEMIk, Migrazioen Elkarte Europarrak, urteroko bilkura eta mintegia egin zituen iragan astean, irailaren 26tik 30era, Poloniako Cracovia hirian. Europako migrazio erakunde, museo eta elkarteetako ordezkari asko bildu ziren bertara, eta horien artean euskal ordezkaritza bat ere izan zen. Bileran parte hartzeaz gain euskal ordezkariek --Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzako teknikari Benan Oregi eta Oscar Alvarez Gila, EHUko historialaria-- hitzaldia eman zuten mintegian. Txinarako euskal emigrazioa izan zen gaia, aurreneko misiolariekin hasi eta gaur egungo Shanghaiko Euskal Etxea sortu duten profesional gazteenganaino helduz.
Gehiago irakurri...
2012/10/01

Madrilgo Euskal Etxearen egoitzaren 30. urteurrena gaur eta bihar urriaren 1 eta 2an beteko da eta euskal elkarte madrildarrak gaurtik aurrera ospatuko du, astean zehar egingo dituen hainbat ekitaldi berezi antolaturik. Ospakizunak larunbatean bukatuko dira, elkartearen urteroko Euskal Jaiarekin. Aurreko bi edizioetan bezala, festa Retiro parke ezagunean egingo da eta Euskal Herritik iritsiko diren taldeak gonbidatu dituzte bertara: Kukai dantza taldea, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi euskal dantza taldea, Bilbao Mapa Mundi taldea eta Iñaki Plaza & Band euskal folk taldea.
Gehiago irakurri...