2012/12/24

Munduan zehar euskal familiak Eguberriak ospatzeko bilduko dira egunotan, eta askok Gabon kantak abesten emango dute afalostea, mahaiaren inguruan. Euskal Herrian oso ezagunak dira kanta gehienak eta haurrek txikitandik ikasten dituzte, kalean kantari. Diasporan, aldiz, badira kanten letrak ez dakizkiten euskaldunak, eta horientzako bildu ditugu Gabon kanten bideo hauek, karaoke eta guzti. Familiarekin eta lagunartean goza ditzazuela, eta Eguberri on!
Gehiago irakurri...
2012/12/24

Bisita polita jaso zuten, estreinekoa, Mendozako euskal erakundearen egoitzara bildutako lagunek. Urtearen amaiera eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako festan, Euskal Herriko ikazkin ospetsu eta maitatuena agertu zen Denak Bat-eko egoitzan helduen eta batez ere txikien bozkario. Jaiaren baitan, instituzioko euskara ikasleek prestatutako lanak aurkeztu ziren eta Mendozako Nafarroako Etxeko Abesbatzaren emanaldiaz gozatu ahal izan zen. Musika eta sukaldaritza proposamen onarekin, gaueko erromeria ordu txikiak arte luzatu zen Cuyo eskualdeko euskal etxe honetan.
Gehiago irakurri...
2012/12/24

Iragan abenduaren 16ean oso bisita berezia izan zuten Boiseko hainbat nagusien etxeetan, bertan azaldu baitziren Biotzetik abesbatzako kideak eta hiriko euskara ikasleak kantari. Urtero egiten duten legez, Idaho hiriburuko zahar-egoitzak bisitatu zituzten, bertan diren aiton-amonei kantuz Eguberriak alaitzeko asmoz. Boiseko euskara irakasle Izaskun Kortazarrek azaldu duenez, emozioz beteriko eguna izan zen eta nagusiek poz-pozik hartu zituzten bisitariak.
Gehiago irakurri...
2012/12/24

Ziklo berri bat hasiko da urtarrilean HABE institutuak kudeatzen duten Euskara Munduan proiektuaren baitan. Lau urteko epe honi hasiera emateko udako lehenengo ikastaro trinkoa egingo da San Nicolaseko Euskal Etxean eta bertara iritsiko dira Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo hainbat euskal etxetako ordezkari, aurrez aurreko eskoletan parte hartzera. Astebeteko ikastaroan, euskarazko oinarrizko kontzeptuak aztertzeaz gain, ‘erremoto’ izenarekin ezaguna den kurtsoan ibiltzeko jarraibideak ere emango zaizkie partaideei. Barnetegiko martxa urtarrilaren 19an hasiko da eta Kinku Zinkunegi teknikari euskaldunarekin batera Gabriela Mendia, Gabriel Arce eta Sabrina Otegui irakasle argentinarrak arduratuko dira klaseak emateaz.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Abenduaren 21a egun handia da Euskal Herriko zenbait tokitan. Bilbon eta Donostian esaterako, azoka bereziak egiten dira eta kaleak txistorra usainez eta baserritarrez jantzitako jendez betetzen dira. Eta, nola ez, festa giro berezi hori munduko beste hainbat tokitan errepikatu nahi izan dute Diasporako euskaldunek. New Yorkeko Txikito jatetxean txistorra eta sagardoa dastatu ahal izango dira, Mexiko Hiriko D.O. jatetxean Santo Tomaseko azoka egingo dute eta festa Kataluniako eta estatu espainiarreko zenbait euskal etxe eta lekutan ere ospatuko da, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez Ana Maria Rabe izango da Frankfurteko Eduardo Chillida Katedraren aurreneko irakasle gonbidatua. Katedra apirilean irekiko da, Frankfurteko Goethe Universität delakoan. Rabe Arte irakaskuntzan esperientzia handiko irakaslea eta Eduardo Chillidaren obraren jakitun handia da. Katedrak Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza, eta Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bildu du artistari buruzko bibliografia osoa. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, eta horrekin elkar hartuta, erreferente izango da Chillidaren obra ikertuko dutenentzat.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Euskal Herriko Agiritzaren Aldizkariak (EHAA) gaur argitaratu du 2013ko euskal etxeentzako dirulaguntzen deialdiaren ebazpena, hortaz, bihar bertan irekiko da eskabidadeak aurkezteko epea. Orotara, aurtengo deialdiaren zuzkidura 1.234.667 eurotakoa izango da. Horietatik 934.667 euro V. kapitulurako (Ekintzak eta jarduera) izango dira; eta 300.000 euro VII. kapitulurako (Azpiegiturak). Eskabideak aurkezteko epea datorren otsailaren 28an itxiko da.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Chascomuseko "Zingirako Euskaldunak" Euskal Etxeak 2013ko Udalekuan izena emateko epea ordu gutxi barru itxiko dela gogora arazi du. Udalekua urtarrilaren 4tik 8ra egingo da eta 11 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua da. Parte hartu nahi duenak abenduaren 21eko eguna bukatu arte du izena emateko epea. Edizio berri honetan ere Udalekuko ikastaroak emateko ardura Zingirako Euskaldunak elkarteko irakasleek eta Euskal Herritik etorritako begiraleek izango dute.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Venezuelatik, Argentinatik eta Txiletik hiru euskal etxeren buletinak heldu zaizkigu, hiru elkarte hauen azken jardueren berri emanez. Caracaseko Eusko Etxeak Jazoera buletinaren 21. zenbakia plazaratu du, Santiagoko Eusko Etxeak Berriketari albistariaren 46.a, eta Necocheatik Mezulari buletinaren abenduko alea heldu zaigu. Jarraian, hiru buletinak PDF formatoan.
Gehiago irakurri...
2012/12/21

Ekintzez betetako urtea izan da aurtengoa 2009an berpiztu zen Gure Etxe Maitea euskal etxearentzat. Otsailetik hona burututako egitarauan, bat baino gehiago dira gailendu diren ekimenak; baina dudarik gabe garrantzitsuen artean Eusko Jaurlaritzaren onarpena aipa daiteke. Arrazoi hau eta beste hainbat tarteko, alai eta irria ezpainetan eman diote azken agurra Olavarriako euskal etxeko kideek 2012 honi. Laurogei bat lagun bildu ziren Marita Echave sukaldariak zuzendutako taldeak prestatutako afaria dastatzera. Hitzordua joan den abenduaren 15ean izan zen eta ospakizunaren baitan, euskal egoitzako areto batzuk ohorezko kideen izenekin izendatu zituen erakundeak: Marisa Viguri, Juan Luis Urrutia eta Raquel Melendez.
Gehiago irakurri...