euskal diaspora eta kultura
2014/09/16
58 urte bete berri dituen Mendozako euskal etxeak La Platako Goierri taldekideak lagun ospatu du bere urtemuga. Ekintzak Cesar Arrondo irakaslearen hitzaldi batekin hasi eta Goierri taldeko sukaldariek prestatutako urteurren afari batekin bukatu ziren. Urtebetetze programa, berriz, ez da hor amaitu; datorren ostiraletik urriaren 10era arte, zine ziklo bat antolatuko du euskal etxeak hiriko mikrozinean; datorren larunbatean, bestalde, Te-Bingoa egingo du Denak Bat-ek bere egoitzan.
2014/09/15
Bi deialdi Erroma eta Italiatik datozkigunak. Batetik, "2014-2015 ikasturtean Eroman eta beste zenbait hiri italiarretan izango diren euskara eta euskal kultur ikastaroetarako irakasle bila" ari da Euskara.it plataforma. "Ikastaroak tipologia desberdinetakoak izanen direnez (etengabeko heziketa, unibertsitateko ikastaroak, mintza praktika...), curriculum anitzak jasotzeko prest" daudela eman dute aditzera. Bestetik, Euskara.it webgune eta plataforma koordinatzeko komunikazio koordinatzaile bila ere ari dira Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea, UPTER Euskal Saila eta Roma3 Unibertsitatea.
2014/09/15
Abian da Sao Pauloko “31a Bienal de Arte Moderna” eta aurreneko aste hauetan euskal arteak leku nabarmena izan du bertan, Asier Mendizabal eta Juan Pérez Agirregoikoa artistei esker. Inaugurazioan izan zen ere Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Aizpea Goenaga. Era berean, Sao Pauloko Casa Basco Brasileira euskal etxearekin eta USP unibertsitatearekin bildu zen Goenaga, Euskara eta Euskal Kultura irakurletza bat sortzeko aukerak aztertzeko.
2014/09/15
Gastronomiak protagonismoa bereganatu du Rosario hiriko euskal etxean, oraingo honetan Baratxuri Lehiaketa deitu duten norgehiagokarekin. Hiru elkarte gastronomikok hartu zuten parte Sukaldaritza Txapelketan, euskal errezeta liburuetatik ateratako menuekin. Bigarren aldiz jarraian, ‘Miercolinos’ izeneko lagunarteko kideek irabazi dute, aurten, 'abadira'z eginiko euren marmitakoarekin.
2014/09/12
Lehenbiziko aldiz batuko dira, Boiseko Euskal Etxearen inguruan, bizikletan ibiltzeko. Bihar ospatuko dute “Txirrindulari Bike Ride” bataiatu dutenaren lehen edizioa eta “erabat irekia izango da, Euskal Etxeko kide zein kide ez direnak batu daitezen, eta doakoa izango da”, Izaskun Kortazarrek Euskalkultura.com-i esan dionez. Kortazar bera eta Geneva Ayarra laguntzaile ibili dira, baina ideia eta antolakuntza Delfina Krakau-rena izan da. Hirurak dira Euskal Etxeko kide.
2014/09/12
Euskal Zine eta Kultura zikloa Lujango Unibertsitate Nazionalaren “UNLugar para compartir” izeneko kultur programaren barruan ari da garatzen eta unibertsitateko egoitzetan ez ezik, Lujan hiriko Florentino Ameghino Eskolan eta baita General Rodriguez herriko Eusko Aterpea euskal etxean ere eskainiko ditu emanaldiak. Izan ere, Eusko Aterpea da datorren igandeko saioko antolatzailea, Julio Mendem-en “Behiak” luzemetraia ikusgai, sarrera librea eta doakoa.
2014/09/12
Urteroko piknika ospatu zuten, joan den igandean, Kaliforniako Marin Sonoma Basque Association-eko euskaldunek, San Frantziskotik milia batzuk iparraldera. “Plan ona eta lasaia izan zen, ohi bezala”, esan dio Arrecheak Euskalkultura.com-i. Ehun lagun inguru batu ziren, hain juxtu, euskal etxeak mende laurdena betetzen duen urtean.
2014/09/12
Chubut probintziako Euskal Echea (sic, izen honekin orain dela 91 urte abiatua) elkarteak zeregin handia du aurten ere Immigrantearen Eguna ospatzeko hiriak antolatu dituen ekitaldietan. Hori dela eta buru belarri ari dira etxeko dantzari eta sukaldariak ostiral honetan hasiko den Azoka Gastronomikorako dantzak eta plater tipikoak prestatzen. Jaiko programa barruan, Comodoroko euskal etxea Euskal Herriaten ordezkari izan zen desfilean eta hogei dantza talde batu zituen Gala Gauean.
2014/09/11
University of Nevada Reno-ko (AEB) Euskal Ikasketen Zentroak antolatuta, gaur bertan hasiko da euskal gaien inguruko bederatzigarren hitzaldi sorta. Hizlari desberdin bat arituko da ostegunero, azaroaren 20ra arte, Euskal Herriarekin harremana duten hamar bat gai jorratuz. Euskal enpresen ekodiseinuaren kudeaketari buruz egingo du berba, adibidez, Beñat Landetak eta Therese Laxalten poesiaz Nagore Sedanok. “Caro Barojak esan zuen legez, aldi berean bizi dira tradizioa eta modernitatea euskal historian”, baitetsi dio Iker Saitua arduradunak Euskalkultura.com-i.
2014/09/11
Ziortza Gandarias galdakaoztarra da eta 27 urte dauzka. Euskal Filologian lizentziatua, lan aski segurua zeukan Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle, bapatean urrats berria ematea erabaki --"orain ala sekula ez"-- eta Estatu Batuetara aldatu denean, beka batekin, gutxienez lau urte hartuko dion doktoretza egitera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus