euskal diaspora eta kultura
2014/09/19
Hasi berria den ikastaroko bigarren klasea bihar izango da, irailaren 20an, arratsaldeko 2:30etan. Aktibitatea doan da eta Euskara Munduan programaren barruan garatuko da, Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko irakasle den Elisabet Echegaray arduradun. Asteburu honetan ere, baina ostiral gauean, Udaberriaren hasiera ospatuko dute Olavarriako euskaldunek afari-ikuskizun batekin.
2014/09/18
Liburua AMESen (Esteban Semino Museoaren Lagunen elkartearen) hirugarren argitalpena da eta Argentinako General Las Heras herrira iritsi ziren euskal familien istorioak batzen ditu euren ondorengoek bildutako informazioan oinarrituta. “Euskaldunak Las Heras-en” lanak argazkiak eta Carlos Moreno arkitektoaren irudiak ere badakartza. Hitzaurrea, berriz, Mikel Ezkerrok egina da.
2014/09/18
Euskal Herriko Argitaritzaren Aldizkariak (EHAA) atzo eman zuen Euskal Etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzeko Dekretuak izango dituen aldaketen berri. Aldaketa hauen argitalpena aurtengo deialdiaren argitalpenaren aurreko pausoa da. Aldaketak indarrean dira gaurtik aurrera, eta euren helburua, besteak beste, diru-laguntzen balorazio- eta hautaketa-irizpideak hobeto zehaztea da, testuak azaltzen duenaren arabera. Euskal Etxeentzako diru-laguntzen 2014ko deialdia datozen asteetan argitaratzea espero da.
2014/09/18
Bere lanean oso gustura ari dela dioski. Eguna, radiografia eta zintigrama artean pasatzen du. Hori baita Txilen 'medikuntza-teknologoa' deitzen dutenen zeregina: azkerketak egitea, emakumeei bereziki, neurtzearren zein den euren egoera minbiziari dagokionez. Euskara da bizitzan gustura ibilarazten duen beste alorra.
2014/09/18
Gure Txokoa euskal etxeak gonbidaturik, euskal kulturari buruzko tailer trinkoa eskaini zuen Mariana Fernandez Castelli irakasleak Buenos Aires probintzia argentinarreko Azul herrian. Ekintzaren programa oso zabala izan zen, historiaurretik hasita gaur egun arte, anitz gai barne. Berri honekin batera, Udaberria ospatzeko ‘Mateada'ra gonbidatzen du euskal etxeak, datorren igande honetan, Udal parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren gerizpean.
2014/09/17
Bide luzea du egina Begoña Echeverria euskal-kaliforniarrak akademia munduan. Soziolinguistika, linguistika historikoa, antropologia eta hezkuntzari buruzko hamar gehi bat artikulu idatzi ditu eta, azkenengoan, “euskal kantutegian eta hamazazpigarren mendeko Inkisizioaren paperetan sorginak nola aurkezten diren” konparatzen du, Euskalkultura.com-i esan dionez. Baina, antza, bazuen gai horretaz zer gehiago kontatu. Izan ere, horren gainean idatzi baitu bere lehenengo nobela.
2014/09/17
Euskarazko errepertorioa duten bi kontzertu emango ditu irail honetan honetan Buenos Airesko Lagun Onak Elkarte Koralak, bere 75. urtemuga ospatzeko antolatutako egitarauko parte. Lehenengoa datorren igandean, Buenos Aires-en bertan, La Usina del Arte delako La Boca auzoko Kulturgunean, eta bigarrena, hilaren 25ean, Euskal Echea Eskolako kaperan. Biak musutruke eta sarrera libredunak.
2014/09/17
Bizkaiko Foru Aldundiak networking topaketa antolatu du Londresen, bizkaia:talent elkartearen bidez, kualifikazio handiko profesionalak Bizkaira erakartzeko helburuarekin. Hamabi euskal enpresek parte hartuko dute bertan, eta Erresuma Batuan bizi diren goi mailako 85 langilekin biltzeko aukera izango dute. Horietariko gehienak (77,6%) Londresen bizi diren euskaldunak dira, eta ekimen honen bitartez euren ibilbide profesionala Bizkaian jarraitzeko aukerak aztertu ahal izango dituzte. Aurtengo edizioak, zortzigarrenak, Automozioa, Aeronautika eta Informazio eta Komunikazio teknologien alorrak landuko ditu.
2014/09/16
Brasil hegoaldeko Rio Grande do Sul Euskal Etxean genealogista talde bat anbizio handiko egitasmo bat ari da sustatzen: Brasilgo euskal familien genealogía ikertu eta argitara ematea. Diego Moreira Larrabeiti da proiektuko arduraduna, Elimar Insaurriagarekin batera, eta bere esanetan, brasildar askok ez dakite euskal jatorria dutenik, baina egon, badira makinatxo bat. “Nik neuk, 2012a arte ez nekien ezta munduan euskal etxeak zaudenik ere. Gaur, aldiz, nik neuk lagundu dut bat sortzen", adierazi dio EuskalKultura.com-i.
2014/09/16
Nevada Renoko Unibertsitateko doktoretza ikasle den Iker Saitua getxotarra izango da Carson City-ko Leisure Hour Club (LHC) elkarteko aurtengo programako lehen hizlaria. Historialari euskaldunak (Bizkaia) euskal artzainen egoeraz egingo du berba, XIX. mendetik abiatuta eta 1960. hamarkadara arte. “Nevadako historiari buruz ikastea gustatzen zaigu eta aukera paregabea izango da hau”, aitortu dio Dorothy Link LHC-ko kideak Euskalkultura.com-i. Kideentzat baino izango ez den hitzaldia bihar izango da, Carson City Nugget kasinoan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus