euskal diaspora eta kultura
2016/02/10
Cordoba probintziako gizatalde jai garrantzitsuenetako bat da ‘Todo el Mundo en Alta Gracia' (Mundu guztia Alta Gracian) jaialdia eta euskal kolektibitatea ezin zen kanpoan geratu. Urtetan zehar, beraz, inguruko euskal etxeetako dantza taldeak txan dakatu izan dira euskal partaidetza bertan bermatzearren. Aurten, hirugarren urtez jarraian, Villa Mariako Jai Alai taldeak hartu du bere gain euskal kulturaren ordezkari izateko ardura. Euzko Etxea-ko dantzari gazte eta helduak desfilean eta taula gainean aritu dira.
2016/02/09
Etxepare Euskal Institutuak deialdi berria ireki du Berlingo Freie Universität unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakatsiko duen irakurle bat hautatzeko, 2015-16 ikasturterako, 2016-17 ikasturtera luzatzeko aukerarekin. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 20an amaituko da.
2016/02/09
Bigarren urtez jarraian San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko lagunek hiriaren urteurren desfilean hartu dute parte. Hitzordua aukera paregabea izan da euskal erakunde gaztearentzat herriari bere izaera eta nortasuna erakusteko, aurten gainera, gonbidatu berriekin: Buruhandiek nagusitu ziren desfilean, jendea harrituz eta inauteriak iragarriz.
2016/02/08
Iragan ostiralean Valentziako Euskaltzaleok eta Laurak Bat euskal etxeek Diasporaren Gutunen III. Lehiaketaren sariak banatu zituzten, horretarako antolatu zuten literatur afariaren baitan. Aurreneko saria, euskara ikasleena, Rocio Risquez Baezarentzat izan zen, eta bigarren saria, euskaldun osoen mailakoa, Tuterako Amets Oyonek irabazi zuen.
2016/02/08
2016. urteko egutegiari hasiera emateko, ‘Pintxo Eguna’ antolatu zuten bahiablancatarrek euren euskal etxearen urtebetetzea ospatzeko. Proposamenak oso harrera ona izan zuen eta 120 lagun bildu ziren etxeko instalazioetan. Jaia girotzeko, Otxote taldeak euskal kanta tipikoenak abestu zituen Buenos Aires probintziako hego-ekialdean dagoen kostaldeko hiri honetan.
2016/02/05
Pariseko Euskal Etxea bere 60. urtebetzea ari da ospatzen aurten, eta makina bat jarduera prestatu ditu horretarako. Iragan asteburuan hasi ziren ospakizunak, eta gaur, esaterako, Benito Lertxundi kantari ezagunak kontzertua emango du Parisen, euskal etxeak gonbidatuta. Bihar Sagardotegi Gaua egingo da eta etzi, igandean, elkarteko konpartsa Pariseko kaleetara aterako da Inauteriak ospatzera.
2016/02/05
Urtarrilaren lehenengo egunetan egin bazen ere polita da argazki esanguratsu batzuk eskura izatea, noizean behin, urtea aurrera joan ahala, berriro begiratu ahal izateko. Batez ere ekintzak ondo asko merezi duenean. Euskalkultura.com-en artikulu honetan 2016ko Udalekuaren argazki galeria partekatu dugu gure irakurleekin.
2016/02/05
Kalifornian euskaldunek txorizoaren inguruan antolatutako elkarretaratze bat da. Izan ere berrogei urte beteko ditu, heldu den asteburuan, Yuba City-ko (Kalifornia, AEB) Txorizo Lehiaketak. Familia eta lagunarteko plana izatetik 250 pertsona baino gehiago biltzen dituen txapelketa izateraino, hainbat fase iragan ditu sukalde norgehiagoka honek, “eta hazten jarraitzen du”, esan dio EuskalKultura.com-i John Belza antolatzaileak.
2016/02/04
Eder Montero sukaldari bilbotarra arrakastatsu ari da lanean New Yorken eta laugarren jatetxea ireki berri du, bere kide Alex Raijrekin. Udaberrian euskal sukaldaritzari buruzko liburu bat argitaratuko dute, eta bien bitartean, Euskal Herriko ohiturak New Yorken zabaltzen ari dira. Atzo, esaterako, bezeroen artean banatu zituzten San Blas kordoiak, tradizioak dionez, gripe eta katarroetatik babesten dutenak.
2016/02/04
Garaiz zabiltza oraindik, baina ez zazu azken egunerako utzi. EuskalKultura.com-ek zozketa berria antolatu du bere irakurleen artean, oraingoan hiru CD eta liburu bat zozketatuz. Lehenengo CDa, Maral talde euskal-argentinarraren azkena da, hainbat euskal kantu tridizional bildurik; bigarrena, Kalakan taldearen azkena; hirugarrena --bi CDko bilduma-- Xiberoko jauziena; eta, azkenik, liburua, ingelesez, Boiseko euskal ondarea aipagai hartzen duena. Parte hartzeko, aski duzu email bidaltzea, beherago adierazten dizkizugun jarraipideak gogoan. Zorte on!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus