euskal diaspora eta kultura
2016/02/29
Euskal Herriko eta Ameriketako goi mailako profesionalen artean loturak eta lidergoa sustatzeko programa jarri dute abian Bizkaia:talent-ek eta Boiseko Cenarrusa Fundazioak. Programa honi esker Euskal Herriko lau profesionalek 21 eguneko egonaldia egingo dute AEBetan edo Kanadan, eta AEB edo Kanadatik bi etorriko dira Euskal Herrira. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 30ean itxiko da.
2016/02/29
Euren 10-15 urte arteko haurra uda honetan NABOk (Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioa) antolatzen duen Udalekura eraman nahi duten gurasoek erne ibili beharko dute aurten ere, aurrekoetan bezala asko izango baitira egoera berean egongo diren aita-amak eta mugatuak, berriz, parte hartzeko dauden tokiak. 2016an Utah-ko Salt Lake Cityn egingo den Udalekun izena emateko epea bihar asteartea, arratsaldeko 6etan irekiko da, emailez. Lekuak oso minutu gutxitan buruan betetzea espero da.
2016/02/26
Gaur ostirala azkeneko eguna da EuskalKultura.com otsail honetan zozketatzen ari den sariak eskuratzeko. Lau opari daude zozketagai: liburu bat, ingelesez, Boiseko euskal ondarea aipagai; eta hiru CD: bat, Maral talde euskal-argentinarraren azken lana; bi, Kalakan taldearen azkena; eta hiru, Xiberoko dantza jauzien CD bikoitza. Parte hartzeko email bat bidaltzea baino ez da behar. Oraino egin ez baduzu, gaur eta bihar azken aukera sariok doanik etxean eskuratzeko!
2016/02/26
Filosofia eta Artearen Historia ikasia, urte batzuk dira Ekaitz Garate Bartzelonan bizi dela, laketua. Euskal Etxeko kultura teknikari, Zinemaldia.cat jaialdia bukatu berria, jaia dute bertan larunbat honetan, Sagardo Eguna.
2016/02/26
Sagardoan aditua den Matthew Beason-ek eta John Eisensmith txefak “benetako euskal txotx-a” Ameriketaratuko duen jatetxea zabalduko dute, martxo bukaeran, Iparraldeko Karolinako Durham herrian. AEBetako 'fast casual food' edo kalitatezko janari lasterra eta mundu osotik ekarritako izen handiko sagardoak batuko dituzte; tartean, Euskal Herriko batzuk ere bai. “Nik dakidala, AEBetako toki bakarra izango da non, Euskal Herrian nola, mahaitik altxatu eta basoa sagardoz betetzera joango den jendea, txotx egitera”, esan du Beason-ek, EuskalKultura.com-ekin berbatan.
2016/02/26
Gaur bertan egingo da Buenos Airesn hiriko Lagun Onak abesbatzak antolatutako Koru Tailerraren itxiera kontzertua. Eskoletan parte hartu zuten 40tik gora abeslarik Vivaldiren errepertorio bat taularatuko dute, Laurak Bat-en instalazioetan, iluntzeko 8etan, sarrera doan. Martxoaren lehenengo astean, ahots berriak gehitzeko audizioak eta entseguak hasiko dira. Urteko lehenengo kontzertua, berriz, apirilean izango da, Konex Kultur Gunean.
2016/02/25
Bihar ostirala azkeneko eguna da EuskalKultura.com otsail honetan zozketatzen ari den sariak eskuratzeko. Lau opari daude zozketagai: liburu bat, ingelesez, Boiseko euskal ondarea aipagai; eta hiru CD: bat, Maral talde euskal-argentinarraren azken lana; bi, Kalakan taldearen azkena; eta hiru, Xiberoko dantza jauzien CD bikoitza. Parte hartzeko email bat bidaltzea baino ez da behar. Oraino egin ez baduzu, gaur eta bihar azken aukera sariok doanik etxean eskuratzeko!
2016/02/25
Datorren martxoaren 11n Liverpoolen izango dira Harkaitz Cano eta Ixiar Rozas idazleak, Oskar Alegria zinemagilea eta Peio Aguirre arte kritikaria, besteak beste, euskal arte eta literaturari buruzko hausnarketa egiteko "Hibridazioa eta sare berriak: esku-hartze kritiko garaikideak" jardunaldian. Liverpool Unibertsitateko Manuel Irujo Katedrak antolatu du mintegia, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin.
2016/02/25
Capitan Sarmiento, Buenos Aires, Pergamino eta Jose C. Paz hirietako lagunek bat egin zuten Arrecifeseko euskal gizataldearekin euren euskal etxearen 94. urtebetetzea ospatzeko. Afariaren baitan zorion agurrak eta opari bereziak jaso zituen Buenos Aires probintziako zaharrenetakoa den euskal elkarte arrecifestarrak.
2016/02/24
Hala iragarri dute Quebec-eko Euskaldunak euskal etxetik. Iragan igandean, hilaren 21ean, bertako euskaldunek Inauteriak ospatu zituzten lehenbizikoz. 40 bat lagun bildu ziren “3tik 86ra urte bitarteko haurrei” zuzendutako programara. “Belaunaldiz belaunaldi, (gure) kultura bizirik mantentzeko dira baliotsuak ekintza hauek”, esan dio EuskalKultura.com-i Sylvie Nadaud antolatzaileak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus