euskal diaspora eta kultura
2016/03/14
Kirmen Uribe idazlearen hurrengo eleberria aldi berean lau hizkuntzatan argitaratuko da, euskal literatura munduan inoiz gutxi gertatu den balentria. "Elkarrekin esnatzeko ordua" izenburua du lanak, eta Susa argitaletxeak plazaratuko du euskaraz. Aldi berean beste hiru hizkuntzatan ere argitaratuko da: gaztelaniaz (Seix Barral), katalanez (Edicions 62) eta galizieraz (Xerais). Kuadro batean oinarritu da Uribe lan hau egiteko: Antonio Gezalaren 1927ko "Artisten gaua Ibaiganen". Bertan agertzen zen Txomin Letamendia musikariaren bizitza jorratzen du lanak.
2016/03/14
Zozketa berria antolatu du EuskalKultura.com-ek. Zozketagai, liburu bat (ingelesez) "Modern Basque History", Cameron Watson-ena; eta Iparraldetik datozkigun hiru musika CD: Kalakan hirukotearen "b_aldeak"; "Arbailan", Xiberoko ahots onenen sormen lan dagoeneko klasikoa; eta "Euskal kolore", zenbait kantari eta talderen kantu hautuen bilduma. Ohi bezala, parte hartzeko, email bat bidaltzea besterik ez.
2016/03/14
Euskarazko zein gaztelaniazko errepertorioa eskaintzen du Bahia Blancako Euskal Etxearen baitan sortutako Otxoteak, ohiko kantuak, taberna kantu herrikoiak. Taldeak bi helburu argi ditu: Euskal Etxearen ekitaldiak alaitzea, eta batez ere, ondo pasatzea Euskal Herriko abesti ezagunenak kantatzen. Eta bistan da aukerarik ez zaiola faltako apirilaren 3an Aberri Eguneko bazkarian arituko den taldeari.
2016/03/11
Global Training 2016 programak atzerriko enpresetan proiektuak garatzeko aukera emango die Euskal Herriko gazteei. Une hauetan, Garapen eta Donostiako Sustapena enpresek garatuko proiektuak jasotzen ari dira eta gero horien artean onenak hautatuko dituzte gazteei eskaintzeko. Gaztea proiektua egiten ari den bitartean egitasmoak ordainduko du haren soldata.Proiektu horiek apirila baino lehen aurkeztu behar dira. "Esperientziaren emaitza oso ona izan ohi da eta gazteen %80a gelditzen da gero enpresetan lanean", esan dio EuskalKultura.com-i Garapeneko Izaskun Kortazarrek.
2016/03/11
Urtean zehar eta hainbat ekitaldi antolatuz ospatuko du Buenos Aires probintziako Maipuko Euskal Etxeak urtebetetze berezi hau. Eta lehenengo deialdietako bat urteurrenaren logotipoa diseinatzea izango da. Lanak bidaltzeko epea martxoaren 30an bukatuko da eta gonbitea Euskal Etxeko kideei dago bereziki zuzenduta.
2016/03/10
Elgoibarren duela 47 urte jaioa, aspaldi bizi da Alex Garate Cordoban. Fisikan doktore, Andeetan mendizale, musika talde bateko soinujole, bere eskola-irakasle lana bereziki maite du, eta hezitzaile definitzen du bere burua.
2016/03/10
Gaur bertan hasiko da Madrilen SGAE Fundazioak antolatu duen "Nuevos Cineastas Vascos" (Euskal Zinemagile Berriak) zikloa. Emanaldiak martxoaren 16a arte luzatuko dira eta besteak beste, honako lanak izango dira ikusgai: Ander (Roberto Castón, 2009); Izarren argia (Mikel Rueda, 2010); Loreak ( Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2013); La casa Emak Bakia (Óskar Alegría, 2013) eta Amama (Asier Altuna, 2015).
2016/03/10
Urtero ospatzen da Buenos Aires probintziako Carmen de Patagones hirian "Patagoniaren Burujabetza Jaia" (Fiesta de la soberanía patagónica) izeneko ekitaldia. Euskal gizataldea ordezkari, Patagones eta Viedma hirietako Euskal Etxeak bere ekintza programa hasten du urtero ere, jai honetako desfilean parte hartzen.
2016/03/10
Boiseko Euskal Museoak antolatuta, euskal espezia eta gozagarrietan oinarritutako sukaldaritza ikastaro berezia segitzeko aukera izango dute gaur arratsaldean, su artean ibiltzearen zaleek. Marla Gungen izango da irakaslea eta, EuskalKultura.com-i esan dionez, “gozagarriak nola erabili ikasiko dugu, jatorrizko jakien zaporea hil gabe”. Ardo pixka batekin lagunduta, bertaratutakoek, prestatutako jakiak probatu ahal izango dituzte, bai eta etxera eraman ere, errezetekin batera.
2016/03/09
Bordeleko Euskal Etxearen webguneak zabaldu du taldearen berri, nahi duen orori asteazkenero biltzen diren euskaltzale hauekin bat egin eta euskara praktikatzeko gonbitea luzatuz. Taldea euskal etxe ondoan dagoen Chez Fred tabernan biltzen da asteazkenero, zeozer hartu eta lagunartean euskaraz hitz eginez tarte polit bat pasatzeko asmoarekin. Gaur bertan hantxe izango dituzue, 21.00etatik aurrera! Bestalde, EEak aldi berri baterako izendatu du orain arteko presidentea, David Mugica, bere lan ona egiten jarrai dezan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus