euskal diaspora eta kultura

2014/04/07
Argentinako euskal erakunde ugariko agintariak bertaratu ziren hiriburuko Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxera erakundearen 119. urteurrenean parte hartzera. Topaketa egoitzako kintxoan burutu zen, ‘giro informalean’, etxeko kide eta lagunak partaide. Gonbidatuen artean, aipa daiteke Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Sara Pagolak bat egin zuela, eta hitz batzuk egin zituela euskal etxekoen aurrean euren urtebetetze jaian.
2014/04/04
Euskal sortzaileek Mintzanet bidezko prestakuntza saioak eskainiko dizkiete munduko unibertsitateetako euskara eta euskal kultura ikasleei bihartik aurrera Sei idazle, unibertsitateko bi aditu eta bertsolari bat zuzenean solastuko dira Etxepare Euskal Institutuak Paris, Boise, Poznan, Brno, Bartzelona, Leipzig, Berlin, Konstantza eta Bologna hirietan dituen irakurletzetako ikasleekin. Mark Kurlansky, Eider Rodriguez, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaio idazleak, Iván Igartua eta Iñaki Martinez de Luna irakasleak eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira aurtengo hizlariak.
2014/04/04
Menu tentagarria eskainiko du Buenos Aires probintziako Olavarria herriko Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatzeko bihar burutuko duen festan. Aktibitatea elkarteak otsailean hasitako programa oparoaren barruan gauzatuko da. Izan ere, proposamen berriak ditu aurten euskal etxeak, batez ere txikienei begira. Urtean zehar, bestalde, Udalak antolatutako ekitaldi ofizialetan parte hartzeko konpromisua hartua du instituzioak euskal gizataldearen ordezkari; hori dela eta etxeko talde bat Malvinen Monumentura bertaratu zen apirilaren 2an, Malvina Irletako Gerrako Beterano eta Hildakoen omenezko zeremonian euskaldunen presentzia bermatzeko.
2014/04/03
Giro ederrarekin ospatu zuten joan den martxoaren 29an New England-eko Euskal Etxekoek (duela gutxi izena aldatu zuen arte, Rhode Island Basque Club Euskal Etxea zena) Aberri Eguna, Middletown-eko Knight Columbus Center-en. Aizkolarien erakustaldia, Ismael Biurrun-ek prestatutako bazkaria eta Mikel Aramberrik kantatutako euskal abestiekin gozatu ahal izan zuten bertara joan zirenek.
2014/04/03
‘Gure esku dago’ Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da; proiektuak euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea du helburu, aniztasuna eta partaidetza ezaugarri, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiz. 2013ko ekainean sortu zenetik, hainbat ekintza antolatu ditu herri mugimenduak baina dudarik gabe garrantzitsuena datorren ekainaren 8koa izango da. Egun horretan Durango eta Iruñea elkartuko dituen Giza Kate bat gauzatzera deitzen du. Euskal Diasporatik hainbat jendek bat egingo du deialdiarekin eta Kateari lotuko zaio hainbat herri eta hiritan.
2014/04/03
Gaur eta bihar euskarari buruzko mintegia hartuko du Pariseko Sorbonne III unibertsiateak, bertako Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak antolatuta. Gaurko saioan, Udane Atutxa eta Eneko Zuloaga EHUko ikerlariek Ipar Euskal Herriko euskara irakaskuntzaren historia izango dute hizpide. Bihar, aldiz, "Euskararen jatorria: enigma europar bat" dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da eguna eta, jarraian, bideokonferentzia bitartez Ivan Igartua EHUko irakaslearekin solasaldia egingo da.
2014/04/02
Hil honetan jarriko da abian Nevada-Renoko unibertsitate estatubatuarrean Jon Bilbao Katedra, Center for Basque Studieseko Euskal Liburutegiaren sustatzaile izan zen ikerlariaren omenez. Katedraren aurreneko irakaslea Pedro J. Oiarzabal historialaria eta Diasporan aditua izango da. Honekin, dagoeneko bost katedra sustatzen ditu Etxeparek munduko beste hainbeste unibertsitatetan: New York, Chicago, Frankfurt, Liverpool eta, orain, Reno.
2014/04/02
Urtealdi berri bat hasiko da laster Buenos Aireseko Eusketxe eta Ekin Argitaletxearen eskutik. Ekintzen programa apirilean jarriko da martxan, publiko orokorrari zuzenduta. Eskainiko diren aktibitateen artean, euskara klaseak, musika, dantza, literatura eta historia tailerrak, eta urtero garatzen den ‘Euskal Herria ezagutzen hasteko tailerra’ aipa daitezke. Horiez gain, Eusketxe-ko Arte Galerian erakusketak antolatzera gonbidatzen dute erakundeek, eta parte hartzera baita ere Ekin Dantzari Taldean. Gogora dezagun, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxea eta Ekin Argitaletxea Lizarraenea egoitzan daudela, Mexiko kaleko 1881. zenbakian.
2014/04/01
Joan den asteburuan Bartzelonan egin ziren euskal etxe bileren argazki kronika ekarri dugu hona. Ostiral gau eta larunbatez, Europa eta Asia-Australiako euskal etxeek eginiko bileraren txanda izan zen; eta igandean, berriz, Estatu espainiarreko euskal etxeen federazioarena. Bertan izan ziren eta talde-argazkia jaitsi nahi dutenentzat, testuaren eskuinean dagoen argazkian klik egin eta bereizmen handiko bertsioa lor daiteke, bertatik jaisteko. On egin!
2014/04/01
Louisiana Basque-American Society & Cultural Organization (LABASCO) euskal etxeak Aberri Eguna ospatzeko egitarau oparoa prestatu du aurten. New Orleans hirian egingo da topaketa, apirilaren 20an eta bertara bilduko dira estatuko euskaldunen ondorengoak eta gonbidatuak. Euskal etxeak zine emanaldiak, dantza erakustaldiak eta Louisianako euskaldunei buruzko hitzaldia eskainiko ditu, afari eta ikuskizunarekin batera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus