euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko bi ordezkaritza paralelo bilduko dira uztailean Boiseko Jaialdin

2010/06/03

Patxi Lopez lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusia (argazkia Rafa Gutierrez-El Correo) Bi euskal ordezkaritza paralelo, Eusko Jaurlaritzarena bata, Lopez lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura sailburua buru, eta Bizkaiko Foru Aldundiarena bestea, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia eta Josune Ariztondo Kultura diputatua buru, batuko dira uda honetan Idahoko Boisen, Estatu Batuetan, hiriburu horretan Jaialdi izeneko euskal festa erraldoia --munduan Euskal Herritik kanpo egiten den handiena-- ospatuko den egunetan, uztaileko hondarreko astean. Zenbait iturriren arabera, lehia eta pultso modura uler daiteke bi ordezkaritzen presentzia leku eta egun beretsuetan Boisen. Orain artean beti jeltzaleen esku egon den euskal ordezkaritza ez omen du soilik Patxi Lopezen gobernuaren eskuetan utzi nahi izan EAJ-PNVk aurtengo Jaialdin. Gaiak prentsarainoko jauzia egin du Bilboko Correo egunkariak gaurkoan argitara eman duen artikulu bat medio.

Gehiago irakurri...


Euskal argentinarrak Iraultzaren Bigarren Mendeurrenean: inork galdu nahi izan ez duen jaia (III)

2010/06/03

Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxeko dantzariak Anibal Pitelli herriko alkatearekin Euskal etxeen munduan oso galdera ohikoa da hau: “Zer zara zu, argentinarra ala euskalduna?” Erantzuna ez da erraza euskara ikasle eta irakasle garenean; dantzari, txistulari eta txalapartari garenean; pilotari garenean; Euskal etxe bateko batzordekide garenean eta geure 'euskal lanak' aurrera ateratzeko denbora nondik ateratzen dugun ere ez dakigunean. Baina agian galdera hasia da erantzunik lortzen Argentinako Bigarren Mendeurrenaren inguruan: Argentinan jaio garen euskaldunak gara, Argentinaren historia eta eguneroko bizitza eraikitzen dihardugun euskaldunen ondorengoak. Bi aberri ditugu baina engaiamendu bera. Maiatzean zehar Argentinako hainbat euskal etxetan Maiatzeko Iraultzaren Bigarren urtemuga ospatu da, Euskal Herritik etorritako immigrante haiek gabe historia argentinarreko berrehun urte hauek oso ezberdinak izango zirelakoan. Euskal-argentinar bihotz baten hitzak dira honakoak. Gaur, Corpus Christi, Victoria, Tandil eta Chivilcoy.

Gehiago irakurri...


Ehun pertsonatik gora erakarri zituen Juantxo Viguria baztandarrari Mexiko DFko Euskal Etxean egin omenaldiak

2010/06/03

Juantxo Viguriaren presentzia, bere pianoa medio, bere piezak, bere insignia, bere lagunen atxikimendu eta maitasuna medio... somatu ahal izan zen Mexiko DFko Euskal Etxeko ekitaldian (argazkia Maricarmen Arrechea) Joan den larunbatean, maiatzaren 29an, omenaldia egin zioten bere lagun eta adiskideek Mexiko DFko Euskal Etxean iragan martxoaren 3an hiriburu mexikarrean hil zen Juantxo Viguria Iribarren musikari elizondarrari. Lekarozen aita Donostiaren ikasle izan zen pianojole eta musikaria zendu zen egunean bertan bere emazte Eva Aguilar-ek eta zenbait lagunek omen ekitaldia antolatzea pentsatu zuten, merezi zuen gisako azken-agurra egitearren. Ehundik gora izan dira hitzordura hurbildutakoak, musika, adiskidantza eta omenduarekiko konplizitatea ezaugarri izan dituen maitasun agerraldian. Maite izango zuen Juantxok, doaike.

Gehiago irakurri...


Mexikon kokatua den Mikel Alonso euskal sukaldaria Peru-n izan da, zenbait tailer eta eskola emanez

2010/06/02

Mikel Alonso sukaldari irundar mexikarra (argazkia Peru21) Hamabi bat urte dira Mikel Alonso sukaldari irundarra Mexikon bizi dela eta bertatik garatzen du sukaldaritza arloko bere jarduna. Irundarra, Bruno Oteizarekin batera, hiriburu mexikarreko 'Biko' jatetxeko nagusia da, esan nahi baita Pellegrinok urtero egiten duen munduko 50 jatetxe onenen zerrendan dagoen jatetxeko nagusia, eta horrek erreferentzia bilakatzen du bere lekua eta jarduna, Mexikon ezezik, Latinoamerika eta oro har nazioarteko testuinguru osoan. Duela egun batzuk osteratxo bat egin zuen sukaldarirza kontuetan gero eta izen handiagoa hartzen ari den Perura, zenbait tailer eta eskola emanez. Limako Peru21 egunkariak bertan elkarrizketatu zuen, guk euskaratu eta laburbildurik hona ekarri dugun solasaldian.

Gehiago irakurri...


Biltzar Nagusia egin du Paraguaiko Asuncion-en bertako Euskal Etxeak, Galo Eguez birrautatuz lehendakari

2010/06/02

Paraguaiko Jasone Euskal Etxeko kideak, bi banderon artean Galo Eguez, orain EEko lehendakari berrautatua izan dena dagoela, duela bi urte ateratako argazki batean Bere Urteroko Ohiko Biltzar Nagusia egin du joan den ostegunean, maiatzaren 27an, Paraguaiko Asuncion hiriburuan, bertako 'Jasone' Euskal Etxeak, elkarteko araudiak esaten duenari jarraiki. Ekitaldiko zeregin behinenetako bat Euskal Etxeak 2010-2011 epean izango duen Zuzendaritza Batzordea hautatzea izanik, aipatu hauteskundea burutu zen, Galo Eguez berrautatua izan zelarik erakundeko lehendakari kargurako. Berarekin batera arituko dira euskal etxea gobernatzen Hector Izaguirre, lehendakariorde; Alberto Urrutia, idazkari; eta Ramon Cueto, diruzain, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Argentinako eta Uruguaiko euskal dantzarien elkarretaratzea Paranán, Urrundik EEren 10. urteurrenean

2010/06/02

Artxiboko argazki honetan, Paranáko Urrundik-eko kideak Montevideon, 2006an bertako Eusko Jaia-n parte hartzera joan zirenean Paraná-ko Urrundik euskal elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu dute eta Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko ekitaldietako parte ere aldarrikatu dute, baina finean, horrekin batera, Uruguaiko hiriburuko euskal dantzarien eta Paraná hiri entrerriostarreko euren parekoen elkarretaratze eta lagun arteko biltze eta festa izango da datorren larunbatekoa, Uruguai eta Argentinako bi talde hauen bozkarioa adierazteko aitzekia euskal dantzari direla eta euskal kulturaren enbaxadari sentitzen direla adierazteko eta hori eurentzat garrantzitsua dela jakinarazteko euren ingurukoei. Hogeita hamar pertsonatik gorako ordezkaritza montevideotarra espero da Paranán datorren larunbatean, bertako 'Juan L Ortiz' Kultura Etxean egingo den nazioarteko euskal dantza ikuskizunean bertakoekin batera parte hartzeko.

Gehiago irakurri...


Euskaldunak ere partaide Argentinako Bigarren Mendeurrenaren inguruko ospakizunetan (II)

2010/06/01

Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako “Camerata de la Luna” abesbatzak bi kontzertu eman zituen Maiatzako Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko ospakizunen ohiartzunak heltzen ari dira oraindik ere geurera. Bistan da Argentina osoan ospatu zen urtemuga honek euskal etxeetan ere leku berezia izan zuela. Mota askotako ekintzak prestatu zituzten euskal argentinarrek euren arbasoak jaso zituen herrialdeari omenaldia egiteko. Kabalkadak, dantzak, musikak, hitzaldiak eta janari tipikoak, argentinarrak nahiz euskaldunak, gailendu ziren euskal erakundeetan bizitzan behin bakarrik ospatzen den honelako festa batean. Artikulu honetan, Azul, Villa Mercedes eta Lapridako jaiak.

Gehiago irakurri...


Bira Argentina eta Uruguaiko 9 euskal etxetara Kortajarena eta Celayak, azkenak Txile eta Brasil ere bisitatuz

2010/06/01

Julian Celaya eta Elvira Kortajarena FIVUko ordezkariekin Jaurlaritzako Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celayak eta Elvira Kortajarena Argentina, Brasil, Paraguai eya Uruguairako Euskadiko Ordezkariak Argentina eta Uruguaiko bederatzi euskal etxe bisitatu berri dituzte. Bidaia Celayak Ameriketako Hego Konoko herrialdeetara bere bulegoko Andoni Martin teknikaria lagun eginiko osteraren baitan kokatzen da, aurretik Txile eta Brasil ere bira bereko parte gisa bisitatu dituela, jakin arazi du euskal gobernuak ohar baten bidez.

Gehiago irakurri...


Eder Montero bilbotarra, New Yorkeko 'Txikito' jatetxekoa: «Euskal kultura sustatu nahi dugu Sagar Handian»

2010/05/31

Alexandra Raij eta Eder Montero, Txikito jatetxearen atean (argazkia El Correo) Euskal sukaldaritzaren enbaxadari da, zentzu askotan munduaren hiriburua kontsideratua den New Yorken. New York Times egunkarian patata tortilla on bat egiteko sekretua erakutsi zuen. Eta pintxoak eskaintzen dizkie Txikito jatetxera azaltzen zaizkion bezeroei, amerikarrak gehienbat, tartean baita bertako edo bisitan den euskaldun bat edo beste ere. Zalantzarik gabe euskal jatetxea da berea, eta Euskal Herrian arrain, jaki, pintxo eta platerak dastatu dituztenak ez dira batere kexu ateratzen bertako menua dastatu ondoren. Hamaika urte daramatza Etxeorratzen Hirian Eder Montero bilbotarrak, eta gustura bizi da, lankide emazte Alexandra Raij argentinar jatorriko estatubatuarra duela.

Gehiago irakurri...


Ikurrina eta Argentinako bandera jaso dira herrialdeko hainbat euskal etxetan Maiatzeko Iraultza ospatuz (I)

2010/05/31

Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxeko kideek hiriko kabalkadan hartu zuten parte Egun ahaztezinak bizi izan dituzte hil honetan Argentina osoko lagunek. Espainiako kolonia zen herri honek menpekotasun harreman hori haustea erabaki zuen duela berrehun urte, eta duela bi mendeko maiatzaren 25ean independentziaren hazia loratzen hasi zen. Iraultzaren oinarriak ezarrita, hasia zen askatasunerako bide geldiezina. Egunotan, argentinarrek, desadostasunak baztertuz, jai abertzale erraldoian hartu dute parte. Euskal etxeetako kideak ez dira festa honetatik kanpo geratu eta ikurrin eta Argentinako banderekin kaleetara irten dira aberriarekiko engaiamenduari eusteko. Hona ospakizunen kronika laburtuaren lehenengo zatia, Santa Fe, Jose C. Paz, Pehuajo eta Saladilloko euskal komunitateen ekitaldiak aipatuz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia