2011/02/01

Larunbatean bukatu zen Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuarton FEVAren 2011ko udako barnetegia, 'Gure Ametza' Euskal Etxeak antolaturik. Argentina, Txile, Uruguai eta Brasilgo euskal etxeetako euskara irakasleentzat ikastaro trinkoa izan dira barnetegiaren bi asteak: lan asko eta ikasteko eta trukatzeko esperientzia asko. Alta, aspaldiko lagunak berriz ere ikusteko aukera aparta ere izan da, eta, batez ere, egunean 24 orduz euskara hutsean bizitzeko aukera. Partaide askok euren oporrak baliatu dituzte barnetegian egon ahal izateko, Hego Ameriketako diasporan euskararekiko dagoen engaiamenduaren seinale. Eskerrik asko!
Gehiago irakurri...
2011/02/01

Argentinan, Misiones probintziako Corpus Christi herriko Eusko Etxeak zabaldu berria du Kontaketa Harrigarrien III. Literatur Lehiaketan parte hartzeko deia. Aurreko aldietan bezala, gai gisa gertaera eta pasadizo misteriotsuak har daitezke, edo herrietan ohikoak diren pertsonaia berezko edo xelebreak, bertako bizitzako parte koloretsua direnak. Luzera, gehienez hiru orrialde ordenagailuz idatziak. Originalak aurkezteko azken epea 2011ko martxoaren 30a izango da.
Gehiago irakurri...
2011/02/01

Necocheako Euskal Etxeak urte hasiera oso aktiboa eta, aldi berean, gazi-gozoa izan du joan berri den hilabetean. Elkarteak jarduera ugaritan parte hartu du, hala nola urtarrilaren 8ko Haurren Jaian; San Sebastian eguneko festa handian; edo, orain astebete pasatxo, Gizataldeen Azokan. Hala ere, ekitaldi horiek guztiak ilun gelditu dira Zubillaga anaien heriotza dela eta. Bi anaiak elkarteko zuzendaritza kideak ziren, eta euskal etxearekiko engaiamendu handia zuten euskaltzaleak. Omenaldi onena euren lanarekin jarraitzea dela eta, euskal etxeak urtarrileko ekimenen berri eman digu.
Gehiago irakurri...
2011/01/31

FIVUk, Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak, ostegunean jarriko du abian haur eta gazteentzako bere Udaleku-ren aurtengo edizioa. Topagune honen helburua Uruguaiko gazteei euskal kulturan sakontzeko aukera ematea da, beti ere joko eta jarduera dinamikoen bitartez. Era berean, antolatzaileek euskal etxe desberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta elkarren lagun egitea suspertu nahi dute. Aurtengoa 10. Udalekua izango da eta Canelones departamentuan egingo da, Montevideotik 60 kilometrotara.
Gehiago irakurri...
2011/01/31

"Mundu guztia Alta Graciara" lelopean, Cordobako probintziako hiri honek 2011ko Gizataldeen Topaketa ospatuko du datorren bihartik hasita eta iganderaino. Euskal Komunitatea Cordoba hiriburuko Cordobatarrak dantza taldea medio bertaratuko da, eta larunbatean, otsailaren 5ean, dantza erakustaldia eskainiko du ekimenaren agerleku nagusian. 18 kolektibitateren partaidetza espero da, bakoitzak, gastronomia, dantza, musika ikuskizun eta kultura elementu ezberdinez osatutako stand-ak aurkeztuko dituelarik.
Gehiago irakurri...
2011/01/31

Miren Aizpitarte gazte euskal amerikarrak Idaho estatuko 'Distinguished Student Award' saria jaso du hilabete honetan, eta komunikabideek eskaini dizkioten artikuluetan bere euskal ondareari buruz mintzatu da. Miren Boiseko Oinkari dantza taldeko kidea da eta erakustaldietan alboka jotzen du sarri. AEBetako albokari bakarra da ziurrenik Miren eta, hori dela eta, beraz, bakarrik ikasi behar izan zuen, euskarazko liburuxka batekin eta bideoak ikusiz eta entzunez. Boiseko 'Amuma Says No' taldearekin ere jotzen du eta gazteei euskal dantzak eta akordeoia irakasten dizkie. Diasporako gazte euskaldunentzat engaiamendu eredugarria duzu, zorionak Miren!
Gehiago irakurri...
2011/01/28

Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako apezpiku den Francisco Perez Gonzalez Nafarroako Elizako ordezkari arituko da datorren igandean Mexiko Hiriko Jesusen Bihotzaren Elizan egingo den Orreagako Santa Mariaren jargiratze ekitaldian. Elizkizunean 'Fratellum Ensamble' taldeak Emiliana Zubeldia musikagile nafarraren Jasokunde Meza kantatuko du, eta jatorri baztandarreko Antonio Barberena akordeoilari mexikarra ere arituko da edertzaile.
Gehiago irakurri...
2011/01/28

Jose Javier Abasolo, Jon Arretxe eta Aingeru Epalza idazleek parte hartuko dute datorren astean hasiko den Bartzelonako nobela beltzaren jaialdian, euskal literatura beltza eta kriminalaren errealitate eta etorkizunaren berri emateko. Eurekin batera Asier Muniategi, Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, ariko da. Erein argitaletxea ere jaialdian izango da, 'Uzta Gorria', nobela beltzari eskainitako euren sail berria aurkeztuz. Ostegunean mahaingurua egingo dute hiriburu katalanean.
Gehiago irakurri...
2011/01/28

Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeko kideak datorren hilean bilduko dira 2011ko jarduera egutegia adosteko. Euren helburua, urtero legez, elkartearen bidez Kanadako Pazifikoko kostako euskaldunei topagunea eskaintzea izango dute. Euskal etxe txikia da kanadarra, Elena Sommer presidentak onartzen duenez, eta sarri Seattle-go Euskal Etxearekin indarrak batzen dituzte ekimenak antolatzeko. Zazpiak Batek Gabon afari batekin itxi zuen iazko urtealdia, Olentzero euskal-kanadarra eta guzti.
Gehiago irakurri...
2011/01/27

Danborradaren doinuak izan ziren nagusi joan den larunbatean Mexiko DFko Euskal Etxeak egin zuen San Sebastian eguneko afarian. Gau aparta izan zuten euskal mexikarrek: janari ona, musika eta parranda. Jon Astigarragak eta Juan Jose Arrietak prestatu zuten afariaren ostean, bertaratu zirenek sukaldari txanoak jarri, makilak eskutan hartu eta San Sebastian martxa jotzeko aukera izan zuten, elkarteko danborradarekin batera. Alfredo Jober donostiarra izan zen danborradako danbor nagusia.
Gehiago irakurri...