2011/04/05

Interneten nabigatzen ari garela hamaika euskal hiztegi eskura izaten ohituak gara Euskalbar delakoari esker. Software hau diseinatzen duen aditu taldea teknologia munduko azken berrikuntzekin bateratsu ibiltzen gogotik saiatzen da eta oraintsu Firefox 4 nabigatzailea atera badute, hara!, hemen dugu jada horretara egokitutako Euskalbar berria, Euskalbar 3.9 bertsioa. Aurrekoak bezala, doan deskarga daiteke. Oraingoan azalpenak bideotxo baten bitartez datoz, gainera. Sustatu.com webgunetik jaso dugu berria.
Gehiago irakurri...
2011/04/05

Luzaroan New York arte garaikidearen meka gisa hartua izan da eta euskal artistek, munduko gainerakoek bezala, helburu izan dute bertara joatea, bertan bustitzeko eta munduan zer gertatzen zen ikasteko. Gaur egun badirudi munduak ez daukala erdigune bakarra eta honetan ere dibertsifikazioa eta leku eta 'ikastegi' gehiago daudela munduko artista gazte eta abangoardien erakarle eta higitzaile. Hala ere, Etxeorratzen Hiriak segitzen du bere marka uzten eta hainbat artista gazterengan utzi duen markak hor segitzen du, indartsu.
Gehiago irakurri...
2011/04/04

'Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte' liburuak pertsonaia historiko hauen arbaso euskaldunen berri ematen du, eta hirugarren edizioa ari dira prestatzen dagoeneko Argentinan. Aste honetan Euskal Herrian da liburuaren egilea, Ignacio Cloppet, eta aurkezpenak egingo ditu Baionan eta Lapurdiko eta Nafarroa Behereko zenbait herritan. Herri horietatik joan ziren Argentinara Evita eta Peronen arbasoak eta agian aurkezpen hauei esker baten batek Ameriketako lehengusuen artean aurkituko du bikote historiko hau. "Gustura asko joango nintzateko liburuari buruzko hitzaldiak ematera Argentinako euskal etxeetara", esan dio Cloppetek Euskalkultura.com-i, Euskal Herrian zehar bira hasi aurretik.
Gehiago irakurri...
2011/04/04

Kultura, kirola, enologia eta gastronomia alorreko zenbait proposamen burutuko dira aste osoan zehar Uruguaiko Flores departamenduan, bertako Euskal Etxearen eskutik. Euren lehenengo Euskal Astea ari dira ospatzen eta festaren testu-inguruan Udalak herriko euskal elkarteari bere egoitza propioa eraikitzeko utzitako eremuaren lagapena sinatuko da. Joan den larunbatean hasi eta zortzi egunez luzatuko den jai honetan Europako zein Hego Ameriketako lagun mordo bat bilduko dira, ekitaldiak datorren igandean, apirilaren 10ean, bazkari herrikoi eta ikuskizun batekin ixteko.
Gehiago irakurri...
2011/04/04

Bizimodua ez da erraza Mexikon, aitortzen du Gurutzne Etxeberriak, baina jendearen esker onak sobera gainditzen du segurtasun ezaren mamuak sortzen duen ezinegona. Universidad Nacional Autonoma de Mexicon (UNAM) Euskara eta Euskal Kultura irakurle da Gurutzne, eta, sarri, ikasleek gauean klase on batengatik eskerrak emanez idazten diotela azaldu digu. Klaseko lehen egunean bere burua euskara hutsean aurkezten duenean aho bete hortz gelditzen omen dira --"zer da hori?", "Ez da ulertzen!!"--, baina kurtsoa aurrera joan ahala euskaldunon mundu ikuskerarekin duten miresmena hazi egiten dela dio. "Horrek arima asebetetzeaz gain neuri ere gehiago ikasteko gogoa ematen dit, elkar-elikatu egiten dugu", dio.
Gehiago irakurri...
2011/04/04

Bihar asteartea, apirilaren 5ean, arte erakusketa bat zabalduko dute Mexiko Hiriko Euskal Etxean, 'Venus-en Xarma eztia' izenpean, 'Summa de Talentos'ek deiturik. Erakusketak 43 lan bilduko ditu Euskal Etxeko erakusketa aretora, egile zein belaundi eta estilo diferentetakoak. Margolarien artean, baztandar jatorria duen Lourdes Arretxea ere topa daiteke, euskal jatorrizko pintore mexikarra, duela hilabete gutxidanik euskal etxe mexikarreko lehendakari dena. Inaugurazio ekitaldia bihar 19:30etan izango da Aristoteles 239 kalean, Homero eta Horacio artean, hiriburuko Polanco kolonian.
Gehiago irakurri...
2011/04/04

Lehenengoa joan den ostiralean egin zen, arrakastaz. Ekimena Argentinako 'Euskal Herriaren Lagunak' (EHL) taldearen proposamena izan da eta helburua, euskal giroko momentu goxo batzuk lagunekin pasatzea, euskal mokadu, pintxo eta jakiak dastatzen, aldi berean EHL-i laguntzen zaiola. Banderak, ikurriñak eta euskal zein argentinar pankarta militante eta aldarrikatzaileak inguratuta, deiak hainbat lagun bildu zituen, janariarekin gozatu zutenak eta Silvia Iriondo, Hugo Fernandez Pantoni eta beste zenbait lagunen zuzeneko musika eta hitza txalotu zutenak. Euskal Herriko Taberna hau ostiralero errepikatuko da, San Telmoko Asanblearen lokaletan, Chacabuco eta Mexiko kaleetan.
Gehiago irakurri...
2011/04/01

Argentinako Pellegrini herriak --Buenos Airesko probintzia muturrean, La Pampakoarekin mugan-- euskal jantzi tradizionalei buruzko erakusketa bat zabalduko du datorren astelehenean, Magdalena Mignaburu Berho euskal jatorrizko hezitzaile eta ikertzailea egile eta Pellegriniko Udalaren urteurreneko ekitaldien baitan. 'Gure arropa-Nuestra ropa'k (sic) zazpi probintzietako 20 jantzi biltzen ditu, bakoitzari buruzko azalpena emanez, zein eskualdekoa den eta zein langintzan eta eguneroko bizitza motan erabiltzen zen azalduz. Apirilaren 4 eta 5ean Pellegrinin egon ostean, Pehuajó-ko 'Etxe Alai' Euskal Etxera pasatuko da, bertako Aberri Eguneko egitarauko parte. Magdalena Mignaburuk, bestalde, astelehenean bere webgune berria sareratuko duela iragarri du.
Gehiago irakurri...
2011/04/01

Anuska eta Maia Uribarrena argentinar neska gazteak dira, Mendoza hirian jaioak. Euskal jatorria dute, noski, baina orain urte gutxi jakin zuten euren euskal familiari buruz. Joan den asteburuan Euskal Herrian izan ziren lehen aldiz, Elorrion, familiaren oinetxea izan zen Ortuguren baserria bisitatzen. Francisco Javier Iruarrizaga senideak 1560ean hasten den familiaren historia azaldu zien eta bere etxeko ateak ireki zizkien. "Euskaldunok 'gure' baserria esaten dugu beti, ez 'nire' baserria. Argentinako familia hona datorrenean etxea duela jakin dezan nahi dut", dio Iruarrizagak.
Gehiago irakurri...
2011/04/01

Hilabete batzuk falta dira oraino, baina Argentinako 2011ko Euskal Aste Nazionala datorren azaroan bertan egingo delarik, Necocheako alkateak herriko Euzko Etxea euskal elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak errezibitu ditu joan den asteazkenean, Felipe Muguerza lehendakaria buru. Urte berezia da hau necocheatarrentzat, hiriak 130 urte betetzen dituela-eta ospakizun-egitarau bat eratu baita. Euskaldunentzat ere urte berezia da, duela 30 urte eginiko aurreko Euskal Aste esanguratsu baten urtemuga baita. Felipe Muguerza EEko lehendakariarekin batera, Antonio Alustiza lehendakariordea; Carlos Bilbao eta Horacio Yacomini batzordekideak, eta Joseba Bilbao gazte pilotari eta munduko paleta txapelduna hurreratu ziren udaletxera.
Gehiago irakurri...