euskal diaspora eta kultura

2012/09/20
Kukai dantza konpainia Quebec-en izan zen irailaren 11tik 14era eta Montreal hirian hainbat ikuskizun eman zituzten taldeko lau kidek. Jon Maia dantzari eta koreografoak zuzentzen du Kukai eta taldea euskal tradizioa dantza garaikideekin uztartzen eta berritzen ahalegintzen da. Quebec-era Montrealeko Festival Quartiers Danses jaialdiak gonbidatuta etorri zen taldea eta Euskaldunak Euskal Etxeko kide asko lagun izan zituzten emanaldietan (dantzarien hitzak frantsera itzultzen aritu ziren, gainera).
2012/09/20
Chivilcoyko euskal etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, atseginez eta arrakastaz bururatu zuen joan den larunbatean aurten antolatu duen bigarren 'Euskal Argentinar Peña', elkarteko dantzariak emanaldia eskainirik haren baitan. Urtea bukatu orduko hirugarren peña bat egitea ere pentsatzen ari dira. Datorren larunbaterako, ostera, 'Eguberri Afaria' antolatu dute, hau ere euskal etxearen egoitza espaziotsuan egiteko, izan ere elkarteko dantza taldearen alde, urrian Rosarioko Euskal Argentinar Aste Nazionalera egin behar duten bidaia gastuak laguntzeko. Leku guztiak salduak daude dagoeneko. Informazioa atzo bertan eman zuen argitara Chivilcoyko La Campaña egunkariak eta bertatik ekarri dugu hona.
2012/09/20
Agindu bezala, zozketa egin da eta EuskalKultura.com-ek NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioa lankide antolatutako zozketaren emaitzek hamaika saridun ondorioztatu dituzte, honako hiri eta herrialdeetakoak hain zuzen: Barakaldo (Euskal Herria), Arrecifes (Argentina), Alberta (Kanada), Wageningen (Holanda), Reno (Estatu Batuak), La Plata (Argentina), Iruñea (Euskal Herria), Queretaro (Mexiko), Valparaiso (Txile), Jerome (Estatu Batuak) eta Sao Paulo (Brasil). Irakur ezazu saridunen zerrenda osoa. Berehala deituko dugu datorren zozketa. Egon adi!
2012/09/20
Urtero legez, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak jai egitarau zabala antolatu du Aralarko Mikel Deunaren eguna ospatzeko. Elkarteko patroia da santua eta ospakizun hauek euskal etxearen tradizioaren parte bilakatu dira jada. Jarduerak atzo bertan hasi ziren, pilota txapelketa batekin, eta irailaren 29a arte (Mikel Deunaren eguna) luzatuko dira. Tartean, genealogia hitzaldiak, Itziar Aguirre sukaldariaren "pilpileando" ekimena, irakurketa maratoia eta Euskal Taberna jaia egingo dira Denak Bat-en.
2012/09/19
Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, New York hiria "Basque Cultural Exchange" ekimenaren leku izango da urriaren 1etik 13ra bitartean, aukera emanez bertako biztanleei egitarauko film, mahai-inguru eta kontzertuak medio euskal kultur emaitza garaikideetara hurbiltzeko, aurten, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gai gisa harturik. City University of New York-en (CUNY) egoitza duen Bernardo Atxaga katedrak aurten irakasle hautatu duen Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izanik, ekimenak hainbat film emango ditu historiako pasadizo horren inguruan 'Gernika eta Espaniako Gerra Zibilia Euskal Herrian' izenburupean. Beste saio batzuk 'Euskal ikonoak munduan' eztabaidatuko edota euskal kantagintzaren historia aurkeztuko dituzte kontzertu multimedia batean, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz.
2012/09/19
Euskal Kultura saila du izena bilduma honek eta atzo Donostian aurreneko hamar aleak aurkeztu zituen Etxepare Euskal Institutuak. Sailak jorratzen dituen gaiak euskara, euskal literatura, euskal musika klasikoa, euskal kantagintza, ikusizko arteak, euskal zinema, arkitektura eta diseinua, euskal dantza, bertsolaritza, tradizioak, euskal sukaldaritza eta antzerkia dira. Bildumaren helburua euskal kulturaren arlo hauek nazioartean zabaltzea da eta hirueletan plazaratu da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta gure irakurleentzako interesgarriena: doan deskargatu daitezke Etxepareren webgunetik.
2012/09/19
Datorren irailaren 24ean Donostiako Zinemaldian estrenatuko da "Baztan" luzemetraia, Zabaltegi Bereziak izeneko sailean. Iñaki Elizalde zuzendari nafarraren lehen filma da "Baztan" eta izen bereko bailaran sortu eta grabatutako lana da. Bi garai desberdinetan gertatzen diren istorioak uztartzen ditu filmak: batetik, XVII mendean agoteek jasan zuten diskriminazioa eta horren aurka borroka egiten saiatzen den Joxe gaztearen istorioa; eta bestetik, gaur egun bailarara filme bat errodatzera doan zine ekipo batena. Unax Ugalde eta Carmelo Gomez dira protagonistak, aurrenekoz kamera aurrean jarri diren hainbat baztandarrekin batera.
2012/09/18
Vancouver-eko Zazpirak Bat euskal etxe kanadiarreko bazkideak ilusio handiz bizi dituzte Euskal Etxeen 35. Mus Txapelketa hasi aurreko egunak. Ilusioz eta urduritasun puntu batekin; izan ere, txapelketa oso originala prestatu dute: mus partidak Vancouver-etik Alaskara bidea egingo duen kruzero batean egingo dira. Larunbatean itsasoratuko dira muslariak Sapphire Princess izeneko ontzian. Orotara 135 bidaiari izango dira txapelketan: 11 herrialdetako 24 muslari, 13 ordezkari eta euren lagun eta senitartekoak.
2012/09/18
Bihar asteazkena, gaueko 24:00etan, bukatuko da EuskalKultura.com-ek bere lagun eta irakurleen artean opari ematearren antolatutako 2013ko NABO egutegien zozketan parte hartzeko epea, esan nahi baita Estatu Batuetako eta Kanadako 43 euskal etxe eta elkarteren biltzaile den erakunde honek bere 40. urteurrena beteko duen 2013 urterako prestatu duen egutegia doain eskuratzeko aukera berezia, egutegia bestela berehala jarriko baita salgai Iparrameriketako euskal etxeetako bakoitzean. Parte hartzeko, aski da email bat bidaltzea, zure izen-deiturak eta helbidea (kale, herri eta herrialdea) idatzita. Emaitzak ostegunean webgunean eta buletinean emango ditugu argitara.2012/09/18
Emaitza bikaina izan dute iragan asteburuan Bordeleko Euskal Etxeak Ondarearen Eguna dela eta antolatutako ekimenek. Horien artean nabarmenetakoa izan zen euskal etxeak eta Idoki euskal produktore elkarteak eratu zuten merkatua; izan ere, ia mila lagun igaro ziren bertatik larunbat-igandean. Euskal kutixiekin bisitarien arreta eurenganatu eta gero, musikarekin biribildu zituzten ekitaldiak Eskualdunen Biltzarra elkartekoek. Julian Celaya, Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria, eta Bordeleko alkatea, Alain Juppé, bertan izan ziren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus