euskal diaspora eta kultura

2012/10/15
Datorren astean, Paraguaiko euskal komunitateak bertan bigarren urtez antolatzen den Euskal Astea egingo du Asuncion hiriburuan, orain arte herrialdean bakarra izan den Asunciongo Jasone Euskal Etxea medio. Euskal Asterako giroa berotuz, ordea, ekitaldi berezi bat egingo da latunbatean, urriaren 20ean, San Juan Bautista hirian, hiriko eta departamentuko euskal jatorrikoen komunitatea, Asunciondik gerturatutako euskal ordezkaritza eta bateko eta besteko gonbidatuak ere, tartean Buenos Airestik propio bidaiatutako Eusko Jaurlaritzako ordezkari Elvira Kortajarena, lekuko izateko San Juan Bautistako euskal etxe berriaren sortze-agiriaren sinaduran.
2012/10/15
Mikel Laboaren musikarekin bukatu zen larunbatean New Yorken Etxepare Euskal Institutuaren "Basque Cultural Exchange" egitasmoa. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantariek, Laboaren "Baga, biga, higa" kantua oinarri hartuta, euskal musikagintzaren historiari buruzko kontzertu multimedia eskaini zuten New Yorkeko Cervantes Institutuan. Iragan urriaren 1etik hona, hiri estatubatuarrean euskal zinea, artea eta kulturari buruzko hainbat hitzaldi, emanaldi eta mahainguru egin ditu Etxeparek, eta harrerarekin pozik agertu dira euskal institutuko arduradunak. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak azaldu duenez jardunaldietan izan diren hainbat ikusleentzat "gure errealitatearekin sekula izan duten lehen kontaktua izan da. Zabalkunde mailan egiten ari garen ahalaginean oso interesgarria da hori guretzat”.
2012/10/15
Euskal Gizataldeen arteko Mundu Txapelketaren XXXV. edizioa bukatu berria delarik, Vancouver-ko (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile, hartuak dira dagoeneko erabakiak datozen urteetako planei begira, tartean zein herrialdeetan gauzatuko diren heldu diren laupabost urteetako txapelketak. Datorren urteko XXXVI. Txapelketari dagokionez, Txileri egotzi zaio norgehiagoka antolatzeko ardura eta hurrengokoei dagokienez, honela deliberatu da: 2014ean, Mexiko; 2015ean, Uruguai; 2016an Donostia, Euskal Herrian; eta 2017an Las Vegas, Estatu Batuetan.
2012/10/15
Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak (NABOk) elkarteko kide izendatu zuen Boiseko Estatu Unibertsitateko (BSU) Basque Studies Program egitasmoa, iragan urriaren 6ean Mountain Home-en egin zen bileran. BSUko Euskal Ikasketa Programa jakintza-alor anitzeko zentro bat da eta bere helburua unibertsitateko ikasleei Euskal Herriaren historia, hizkuntza eta kultura ezagutaraztea da. Programa honen bitartez ikasleek Euskal Ikasgaietan 'Minor' (hautazko ikastaroa) egin dezakete edo urtean zehar egiten diren ikastaro eta lantegitan parte hartu.
2012/10/15
Oihartzun politeko bi ekimen batu zituzten La Platako Euzko Etxea Euskal Etxeko lagunek joan den irailaren 22an: dantzarien topaketa eta Iñaki Deuna festa. Proposamena arrakastatsua suertatu zen oso, eta gonbidatuek egoitzako Toki Alai aretoa bete zuten. Izan ere, dantzarien eta Iñaki izenekoen jaia izan arren, erakunde osoak hartu zuen parte ordu txikiak arte luzatu zen jaian, tartean, Zuzendari Batzordeko kideak, Evangelina Bertola zuzendari duen abesbatzak eta etxeko hockey taldeko neska eta gurasoek.
2012/10/12
2012/10/11
EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Paueko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak itzulpengintza lantegia egingo dute Pauen datorren asteartetik ostegunera. Tailerrean Eider Rodriguez idazlearen 'Katu jendea' narrazioaren itzulpenak egingo dituzte --frantsesera, neerlanderara eta alemanerara- eta azken egunean irakurraldi publiko batean aurkeztuko dituzte Paueko Gazteluan. Ekitaldi horretan izango dira, besteak beste, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara zuzendaria eta Paueko Unibertsitateko zenbait ordezkari.
2012/10/11
Bi berri datozkigu Chaco probintziako euskal erakundetik. Biek instituzioko kideek kulturarekiko duten engaiamendua ez ezik, euskal etxeak berak gizartean duen oihartzuna ere islatzen dute. Alde batetik, Resistencia-ko ‘Euskal etxearen ahotsa’ irratsaioa frekuentziaz eta ordutegiz aldatu dela jakinarazi digute Kotoiaren Lurra-tik; bestalde, Gizatalde Helenikoaren omenezko ekitaldian izan zuten partaidetzaren berri ere partekatu nahi izan dute euskal-chacotarrek EuskalKultura.com-eko irakurleekin.
2012/10/11
Noka taldeak --hiru emakume dira partaide, Catherine Petrissans Parker, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria-- kontzertua eman zuen iragan ostiralean Oregonen eta emanaldi horrekin abiarazi zuen udazkenean AEBetako euskal etxeetan egiten ari den bira. Ontario Basque Club-en izan zen emanaldia eta elkarteko bazkide kopuru polita bildu zen. Taldeak giro ederra sortu zuen eta entzuleak kantuan jarri zituen euskaraz. Biharamunean Idahoko Mountain Home-en jo zuen Nokak. Taldeak bihar ekingo dio berriz ere birari, Kaliforniako Stanford Unibertsitatean emango duen kontzertuarekin. Etzi, berriz, NABOk urtero antolatzen duen Kantari Egunean arituko da, Rocklingo Iparreko Ibarra euskal etxearen eskutik.
2012/10/10
Larunbatean abiatuko da Poznanen "República Femenina" (sic) izeneko jaialdiaren hirugarren edizioa, eta hiriak hainbat lantegi, hitzaldi eta kontzertu hartuko ditu hilaren 21a bitartean. Aurtengo egitarauan Euskal Herriak leku zabala izango du, Katalunia, Andaluzia eta Mexikorekin batera. Hilaren 16ean Napoka Iria bikoteak kontzertua emango eta 18an Amaia Donés Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara irakurleak “Euskal kultura emakumeen ikuspuntutik” hitzaldia eskainiko du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus