euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hegoalde Argentinarra EEak Rio Gallegoseko Gizataldeen Azokan eman zituen 2012ko bere zozketako sariak

2012/10/22

Azokako txokoaren arduradunak Liliana Victoria, Alba Esperón Oyarzun, Marta Goyheneix eta Cecilia Martínez euskal etxeko lehendakari Cesar Arizmendirekin (argazkiaEE) Kopa altxatu eta topa egiteko arrazoi asko izan zituzten Santa Cruz probintziako Hegoalde Argentinarra Euskal Etxeko kideek irailaren azken asteburuan, Kolektibitateen Jaiaren baitan. Eta lagunez inguratura egin zuten. Batetik, jaian izandako partaidetza bera bihurtu zen ospagai. Bestetik, 'Sala euskaldun' izeneko telesaioaren hirugarren denboraldiaren arrakasta ere aipatu zen topa egiteko momentuan. Festaren baitan eta publikoa euskal erakundearen ekintzetan parte hartzera animatzeko, Euskal Herrira bidaiatzeko bi txartelen zozketan irabazle gelditutako bikoteari bertan eman zion Euskal Etxeak saria, esan nahi baita bi txartelak eta mila euroko bidai-saria.

Gehiago irakurri...


Caracaseko Jazoera buletinean hauteskundeei buruzko iruzkinak, Mus Txapelketa eta datozen ekitaldiak

2012/10/22

Caracaseko pilotariak, Jazoerak argitaratu duen argazki historikoan Kalean da jada Jazoera buletinaren urriko alea. Oraingoan, Caracaseko Eusko Etxeak argitaratzen duen albistari honek, elkartearen jardueren berri emateaz gain, hauteskunde garaian Diasporako euskaldunen artean sarri entzuten den kexa jasotzen du: atzerritik botoa emateko dituzten traba eta zailtasunak. Iruzkin honez gain, Jazoerak Eusko Etxeko mendi taldeak egin zuen txangoaren berri dakar, Alaskako Munduko Mus Txapelketan hartu ziren erabakiak jasotzen ditu eta datozen ekitaldi eta hitzorduak iragartzen.

Gehiago irakurri...


Xarnege talde euskal-gaskoiak Mexikon bira egingo du urriaren 30etik azaroaren 3a arte

2012/10/19

Xarnege talde euskal-bearnotarra kontzertu batean Xarnege taldeak harreman oso berezia du Mexikorekin eta mexikar entzulegoarekin eta hil honen bukaeran hirugarren bira abiatuko du herrialde ipar amerikarrean. Xarnegek Pirinioetako bi aldeetako tradizioa uztartzen du: euskalduna eta gaskoia; eta Atlantikoz bestaldeko publikoak oso ondo konektatzen du musika horrekin, taldekideek aurreko biretan egiaztatu dutenez. Kontzertuak Taxcon (Guerrero), Mexiko DFn, Morelos-en eta Aguascalienteseko Calaveras 2012 jaialdian izango dira.

Gehiago irakurri...


EHUko irakasle Olatz Gonzalezen 'Carmen' filmak Amerikar Elkarte Antropologikoaren saria eskuratu du

2012/10/19

Carmen, filmaren protagonista, zaintiratuak sendatzen dituen emakume bizkaitarra da Lau minutuko film labur antropologikoa da 'Carmen' eta Bizkaian bizirik dirauen 'Santiritu' izeneko sendatzeko errituala azaltzen du. Filmaren protagonista Carmen, Gamiz-eko emakume bat, da eta teknika honen bitartez bihurdurak edo zaintiratuak sendatzen ditu. Olatz Gonzalez Abrisketa EHUko Antropologia irakasleak egin du filma eta azaroaren 16ean San Frantziskon American Anthropological Association (AAA) elkarteko Society for Visual Anthropology sailaren film laburren saria jasoko du. Gonzalez Abrisketak pilotari buruzko liburua argitaratu zuen 2006ean eta egun gai honi buruzko dokumental antropologikoa ari da egiten.

Gehiago irakurri...


Santiagoko Eusko Etxeko Berriketari buletinak Donostian egin zen euskal-txiletarren bileraren berri dakar

2012/10/19

Bileran izan ziren lagun batzuk Claudio Bravo Errealeko atezainarekin (alkandora urdinarekin) eta Txileko kontsul Iratxe de Madariagarekin (arrosaz jantzita) (argazkia Berriketari/MAyçcaguer) Santikagoko euskal etxearen albistari digitalak, Berriketarik, elkarteko iraileko eta urriko ekimenak jaso ditu azken alean. Oraingoan, gainera, buletinak Atlantikoaren bi aldeetako euskal-txiletarren berri dakar, eta Santiagoko jarduerez gain Donostian egin zen txiletarren bilerari buruzko erreportaia argitaratu du. Iragan irailaren 15ean izan zen bilera hau eta bertan izan ziren, besteak beste, Iratxe de Madariaga, Txileko ohorezko kontsula Bilbon, eta Claudio Bravo, Realeko atezaina.

Gehiago irakurri...


El Salvador-eko EEak EAJ-PNV eta EH Bildurekin bideokonferentzia egin zuen hauteskundeei begira

2012/10/18

El Salvadorreko Euskal Etxeak euskal politikariekin egin zuen bideokonferentziaren une bat (argazkia ElSalvadorEE) El Salvador-eko Euskal Etxeak Diasporaren munduan aitzindaria izan daitekeen jarduera egin zuen hil honen hasieran: euskal alderdi politikoekin bideokonferentzia bat, datozen igandeko haustekundeak direla eta. Internet bidez egin zen konferentzia eta EH Bilduko eta EAJ-PNVko bi ordezkarik parte hartu zuten bertan. PSEren ordezkari gisa Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari Guillermo Echeniquek parte hartu behar zuen, baina azken orduko arazoengatik ezin izan zen konektatu. Euskal Etxea PPrekin ere harremanetan jartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Gehiago irakurri...


Itzuleraren fenomenoa aztertuko dute bihar Deustuko Unibertsitatean emigrazioari buruzko jardunaldian

2012/10/18

Deustuko Unibertsitatea, Bilbon (argazkia FPascullo) Deustuko Unibertsitateak Euskal Herrira itzuli diren Diasporako kideei emango die hitza bihar, Bilboko kanpusean emigrazioari buruz egingo den jardunaldi batean. Hizlariak Veronica Domingo (Argentina), Laura Igantzi (Estatu Batuak), Izar Errandonea (Uruguai) eta Irantzu Leunda (Venezuela) izango dira, eta Joseba Etxarrik, EuskalKultura.com-eko zuzendariak, gidatuko duen mahainguruan parte hartuko dute. Aurretik, Pedro J. Oiarzabal historialariak Bizkaira itzuli den emigrazioari buruzko hitzaldia emango du.

Gehiago irakurri...


Villa Mercedeseko EEak bertako plazari Ordiziakoaren itxura emateko proiektua aurkeztuko du bihar

2012/10/18

Ur tanke Plaza goitik ikusita - maketa Urriaren 19an, bihar ostirala, aurkeztuko diote Villa Mercedeseko Euskal Etxeko arduradunek proposamena probintzia eta hiriko agintariei. ‘Amancaya’ izeneko proiektuaren helburua hirian dagoen ur tankeari eta tankearen inguruari Ordiziako enparantzaren itxura ematea da. Zaharberritzearekin batera, Goierriko tradizio handiko plazan burutzen diren ekitaldien antzeko aktibitateak ere bultzatu nahi dituzte euskal gizataldeko ordezkariek. Azpimarratu behar da, gainera, planaren oinarriak Magdalena Mignaburu lizentziatuak idatzi zituela euskal etxeak eskaturik. Mario Merlo alkatea eta Jorge Diaz gobernadoreordea bertan daudela egingo da aurkezpena bihar iluntzeko 7etan.

Gehiago irakurri...


Mintegia Euskal Nazioaz Resistencia-ko UCASAL Unibertsitatean, Cesar Arrondo irakasle

2012/10/18

UCASAL, Saltako Unibertsitate Katolikoaren logoa. Unibertsitatearen Resistencia hiriko adarrak antoilatu du biharko, euskal gaiak jorratuko dituen jardunaldia Resistenciako UCASALek (Saltako Unibertsitate Katolikoa), Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak eta FEVAk elkarlean antolaturik, "Euskal Nazioari buruzko Mintegia" egingo da bihar osteguna Chacoko hiriburuan, Cesar Arrondo irakaslea eskolaemaile. Berez, bi hitzaldi izango dira, eta hala eskatzen duten ikasleei partaidetza-agiriak emango zaizkie. Nafarroako Erresumaren bostehun urteak eta euskal nazioa izango dira aipagai hartuko diren bi gaiak. Izenemateak kitorik da eta unibertsitatean egin daiteke lanegunetan bulego-orduetan.

Gehiago irakurri...


Bertsolaritzaren bitartez aurkeztuko da euskera Londresko The Language Show azokan

2012/10/17

Frankfurteko Liburu Azokan izan berria da Etxepare Institutua; irudian Etxepareko Mari Jose Olaziregi eta Laura Ferrero editorea (argazkia Etxepare) Ostiralean eta larunbatean euskarak bere lekua izango du Londresko The Language Show azokan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu dituen hainbat ekitaldien bidez. Urtero bezala euskal standa jarriko du Institutuak azokan eta horrez gain, hitzaldiak, topaketak eta bertsolaritzari buruzko saio bereziak egingo ditu. Xabi Paya bertsolaria --Birmingham-eko Unibertsitateko euskara irakurlea-- ariko da kantari bertso-saio berezi hauetan, eta Ivan Igartuak eta Juan Aranak hitzaldi bat eta euskara klase bat emango dute, hurrenez hurren.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia