euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abenduaren 1etik 9ra Settimana Basca euskal jaialdiak berotuko du giroa Erroman, musika, bertso eta zinearekin

2012/11/23

Anari kantariak kontzertua emango du Erroman abenduaren 9an Erromako Associazione Culturale Euskara eta Upter Unibertsitateko Euskara sailak Settimana Basca edo Euskal Astea jaialdiaren edizio berri bat antolatu dute. Jaialdia abenduaren 1ean abiatuko da, Tapia eta Leturia eta Patres Vitiorum Otiorum Que taldeen kontzertu batekin. Ekitaldiak abenduaren 9a arte luzatuko dira eta, besteak beste, liburu aurkezpenak, kontzertuak, irrati nobelak, zine emanaldiak eta kontzertuak eskainiko dira. Erroman euskal kulturaz gozatzeko eta abenduko hotza musika, bertso eta gastronomia dastaketekin goxatzeko parada ederra izango da.

Gehiago irakurri...


Parte har ezazu San Telmo Museoko "Badu, bada" erakusketan: internet bidezko ekarpenekin osatuko da

2012/11/23

Erakusketan gidari izango diren euskaldun ezagunak. Ezkerretik hasita bigarrena Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da (argazkia Etxepare) Donostiako San Telmo Museoak euskarari buruzko erakusketa inauguratu berri du, "Badu, bada" izenburupean. Erakusketak euskararen etorkizunari eta egun bizi dugun mundu eleanitzean gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei buruzko hausnarketa proposatzen du. Hausnarketa hori bisitari fisiko zein birtualen ekarpenarekin osatzea da erakusketaren helburua, eta horretarako, internet bidez argazkiak, iruzkinak eta bakoitzaren esperientziak bidaltzeko gonbitea luzatu dute. 'Badubatzen' hasi nahi al duzu? Sar zaitez webgunean eta ekin!

Gehiago irakurri...


'Ongi Etorri, Joakin', euskal jatorriko immigranteen omenezko liburua, igandean aurkeztuko da 9 de Julio-n

2012/11/23

'Ongi Etorri, Joakin' liburuaren azala Buenos Aires probintziako 9 de Julio herriko Jose Ingenieros Liburutegian Elene Kortejarenak idatzitako 'Ongi Etorri, Joakin’ liburua aurkeztuko da igande honetan. Komunitate osoari luzatutako gonbitean adierazten den bezala, “Euskal Herrira egindako bidaia, bihotzetik kontatuta” da testua eta “guztion arbasoen oroimenean dago oinarrituta”. Ekitaldia azaroaren 25ean izango da, iluntzeko 8etan Jose Ingenieros Liburutegian, eta obraren pasarte batzuk irakurriko dira, gaztelaniaz zein euskaraz.

Gehiago irakurri...


Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe idazleak Guadalajarako Liburu Azokan izango dira, Etxepare Institutuarekin

2012/11/22

Harkaitz Cano, Mari Jose Olaziregi, Aizpea Goenaga eta Mikel Ayerbe aurkezpenean (argazkia Etxepare) Larunbatetik aurrera euskal literaturak ordezkaritza zabala izango du Guadalajarako Liburu Azokan, Mexikon, Euskal Editoreen Elkarteak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu dituzten ekimenei esker. Berta izango dira Harkaitz Cano idazlea eta Mikel Ayerbe literatur aditua, euren azken lanak aurkezteko: "Twist" eleberria eta "Our Wars. Short Fiction on Basque Conflict" ipuin bilduma, hurrenez hurren. Abenduaren 1ean Mexiko Hirirako bidea hartuko dute eta hitzaldiak emango dituzte UNAMen (Universidad Autónoma de México) eta Universidad Iberoamericana Ciudad de México delakoan, Etxeparek bertan sustatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzen baitan.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxeak sukaldaritzako I. saria bereganatu zuen Villa Mercedeseko Immigrantearen Jaian

2012/11/22

Marita Echave eta bere sukalde lagunak piperrada koloretsu bat prestatzen (argazkiak M. Echave) Azaroaren 10ean eta 11an egin zen Villa Mercedesen San Luis probintziako Immigrantearen Jaia. Ekitaldia hiriko hiri argentinar honetako 'Calle Angosta' izeneko kulturgunean burutu zen, hogei bat kolektibitatetako ordezkariak lagun. Euskal gizataldeari dagokionez, Villa Mercedeseko Euskal Etxeko kideek prestatutako standak sukaldaritza arloko I. saria irabazi zuela aipa daiteke, jaialdiaren XII. edizio honetan. Izan ere, eta bertako sukaldaritzazale talde baten buru, euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, Coronel Moldeseko Marita Echavek ere hartu zuen parte euskal plater tipikoen prestaketan. Euskal standaren baitan, bestalde, euskal etxeak Villa Mercedesko plaza zaharberritu eta birmoldatzeko planoak ipini ziren ikusgai, Euskal Herriko Ordiziako plazaren itxura emateko proiektuari urrats berri bat emanez.

Gehiago irakurri...


Hiru urtetako lanaren emaitza, Argentinako Euskal Diasporari buruzko ‘Guk’ filma, sarean ikusgai

2012/11/21

www.guknosotros.com ataria Sarean jarri eta lehengo hamar egunetan 2500 deskarga izan zituen Nuria Vilaltak zuzendutako ‘Guk, nosotros’ izeneko dokumentalak. Egileen esanetan “Guretzat, ekipoarentzat, pozik egoteko 2500 motibo”. Dokumentala, hiru urte luzeen fruitua, “Argentinako Euskal Diasporak, gaur egun, Euskal Herriko politikan duen paperari buruzko dokumental independiente bat da” eta on line ikus daiteke www.guknosotros.com web orrian. “Proiektua gauzatu ahal izateko, asko izan dira lagundu digutenak: profesional teknikoak eta Argentinako euskaltasuna biziarazten duten hainbat protagonista; batik bat, horiei esker ‘Guk, nosotros’ filme bilakatu da”, azpimarratu digute dokumentalaren arduradunek.

Gehiago irakurri...


Antartika helmuga duen Pakea Bizkaia-k Argentinako zenbait portu bisitatuko ditu datozen egunetan

2012/11/21

Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioa Euskal kultura eta baloreak, eta ingurumenarekiko proposamenak hedatzeko helburua du Unai Basurko kapitainak zuzentzen duen espedizioak. Antartikarako bidean, bi eginkizun beteko ditu Pakea Bizkaia belaontziko tripulazioak: batetik, materiala bilduko du gero eskoletan irakatsi eta erakutsi ahal izateko; bestetik, Argentinako euskal gizataldearekin harremanduko da, euren eskarmentua konpartitzeko. Bi puntu hauekin lotuta, Basurkok Necocheako Ikastola hautatu du bertoko ikasleei bisita bat egiteko. Argentinako egonaldian, Buenos Aireseko Laurak Bat, Necocheako Euzko Etxea, Bahia Blancako Union Vasca eta Puerto Madryngo Etorritakoengatik euskal etxeetan ere gauzatuko ditu bisita eta hitzaldiak.

Gehiago irakurri...


Bartzelonako EEak publizitate kanpaina deigarria egin du euskara eskolak iragartzeko: erabil zeuk ere

2012/11/20

Kanpainan erabili diren karteletako bat (argazkia IZiarreta) Aurreikuspenak beltz-beltzak omen ziren ikasturte hasieran, baina Bartzelonako Euskal Etxeak lortu du tinko eustea aurten euskara eskoletan matrikulatu den ikasle kopuruari. Nola? Bada, marketing kanpaina berezi baten bitartez. Igotz Ziarreta argazkilari eta diseinatzaileak eskolak iragartzeko irudi bitxi eta deigarriak erabili ditu, eta jendeak oso ondo erantzun du. Orain, euskal etxeak irudi horiek munduko gainerako euskal elkarteei eskaintzen dizkie, nahi izanez gero eurek ere balia ditzaten.

Gehiago irakurri...


Bira hasiko du bihar Iñaki Etxepare txelista euskaldunak Txile, Argentina eta Brasilgo zenbat EE eta aretotan

2012/11/20

Iñaki Etxeparek kontzertu eta klase magistrala eskainiko du Buenos Airesen azaroaren 26an. Xehetasunak irakurtzeko, egizu klik kartelaren gainean Proposamen pedagogiko eta artistikoa eskainiko du 2012ko bira honetan Iñaki Etxepare biolontxelo jotzaile irundarrak Txile, Argentina eta Brasilen. Programa bikoitzaren baitan ‘Biolontxeloaren Pedagogia’ bere liburua eta ‘Bach eta Itsasoa’ ikuskizuna aurkeztuko ditu Hegoamerikako hainbat herritan, kasu batzuetan euskal etxeek antolatutako ekitaldietan. Ibilbidea bihar, azaroaren 21an, hasiko da Txilen, Santiagoko Euzko Etxean, eta abenduaren 2an bukatuko da Brasilen, Porto Alegre hirian. Tartean, Mendoza (baieztatzear), San Juan eta Buenos Airese hiri argentinarretan ere eskainiko ditu emanaldiak.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com, finalista 2012ko webgune onenaren Diario Vasco sarietan euskarari dagokion sailean

2012/11/19

EuskalKultura.com finalista da DiarioVasco.com 2012ko Sarietan EuskalKultura.com 2012 urteko webgune onenak saritzeko sortutako DiarioVasco.com Sarietako finalista hautatu dute. Datorren ostegunean egingo den ekitaldi batean adieraziko dira "internet sustatzea" eta "interneten dihardutenen ahalegina eta lan-kalitatea onestea" helburu duten sariotako aurtengo saridunak. EuskalKultura.com euskarari dagokion webgune onenaren kategoriako hiru finalistetako bat da sarien zazpigarren edizio honetan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia