euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2012ko azken ekintzak egitearekin batera, 2013koen berri aipatzen hasi da Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea

2012/11/30

Carlos de Urquiza eta Lalo M. Larrazabal musikariek opari bana jaso zuten Angel Baraybar lehendakariaren eta Dora Valcechi Zarratea kultur idazkariaren eskutik (argazkiakEE) Erakundearen hogeigarren urtemugan ekintza bereziak gauzatu dituzte Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea-ko kideak 2012 honetan. Eta proposamenen arrakastak bultzatuta, proiektu berri askorekin ekingo diote 2013ari. Azaroaren 18ko bazkarian omenaldi bat egin zien euskal erakundeak La Pampa probintziako Lalo Molina Larrazabal eta Carlos de Urquiza musikariei; eta euren kantekin hasi ziren urte zaharrari adio esaten. Abenduaren 14an Nestor Mazzolo Cazanoveren liburu bat aurkeztuko da euskal etxean. Datozen hilabeteei begira, berritze lanak egingo dituzte instituzioaren egoitza hobetze aldera. Hauek eta Zelaiko Euskal Etxearen beste berri batzuk segidako artikulu honetan.

Gehiago irakurri...


"Apalabrados", mugikorrentzako joko ezaguna, euskaraz ere arrakastatsu

2012/11/29

"Apalabrados" jokoaren partida bat euskaraz (argazkia Sustatu) Iragan abuztuan aurkeztu zen "Apalabrados" jokoaren euskarazko bertsioa eta harrezkero asko dira jolasarekin engantxatuta gelditu diren euskaldunak. Mugikorretan eta Facebook bidez jokatzen da "Apalabrados" eta euskaraz gain gaztelaniaz, ingelesez, eta katalanez ere badago, beste zenbait hizkuntzen artean. Jokoaren sortzaileak, Maximo Cavazzani argentinarrak, euskaraz dagoeneko 25.000 partida jolastu direla dio eta euskal erabiltzaileen komunitateak gora egiten jarraitzen duela.

Gehiago irakurri...


Ekin Argitaletxearen eta Eusketxeren egoitzak Buenos Airesen Lizarraenea izena hartuko du bihartik aurrera

2012/11/29

Buenos Aireseko Lizarraenea (argazkia EuskalKultura.com) Bihar, azaroaren 30ean eta San Andres Lizarrako patroiaren egunean, Lizarraenea izenarekin bataiatuko dute Ekin Argitaletxeko eta Eusko Kultur Etxea-Eusketxeko kideek Buenos Airesko Mexico kalean dagoen euren egoitza. Izenaren hautaketa esanguratsua da oso euskal etxeko lagun eta agintarientzat, izan ere, argitaletxearen sortzaile eta euskal kulturaren bultzatzaile handia izan zen Andres de Irujo Ollo Nafarroako herri horretan jaiobait 1907ko azaroaren 29an. Bihartik aurrera izango du lekuak izen berria. Hala ere izendatzeko ekitaldia abenduaren 1ean, larunbat honetan izango da, gaueko 9etan, Lizarraenea Etxean, hiriburuko Mexiko kaleko 1880.ean.

Gehiago irakurri...


"Aita eta Ama maiteak" ikuskizunak Bordeleko EE kideak hunkitu zituen, emigrazioari buruzko lekukotasunekin

2012/11/28

J.C. Galtxetaburu, Cecile Tison eta Mixel Etxekopar kontzertuan (argazkia BordeleEE) Bordeleko Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeko kideek egun zirraragarria izan zuten iragan azaroaren 25ean, "Aita eta Ama maiteak" ikuskizunari esker. Emankizunean gutunak irakurri eta musikaz lagundu zituzten Mixel Etxekopar, Cecile Tison eta Jean Christian Galtxetaburu musikariek, baina ez edonolako eskutitzak: XIX. mendean Argentinara emigratu zuten euskaldunek etxera bidaltzen zituztenak, baizik. Lekukotza gazi-gozoak izan ziren, batzuetan zinez hunkigarriak eta gordinak, eta ikusleek biziki eskertu zuten ikuskizun berezi hau.

Gehiago irakurri...


Argentinako euskaltzaleek 2012ko Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatzen dute

2012/11/28

Cordobako Gerora Elkarteko Euskararen Asteko programa Ezer gutxi falta da urte bukaerara iristeko baina dudarik gabe mugimendu handiko egunak dira oraindik geratzen direnak. Izan ere, abenduaren 3an San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da munduan zehar eta Argentinako euskal etxeek bat egingo dute Euskal Herriko eta Diasporako beste erakunde askoren ospakizunekin. Proposamenak ugariak dira; helburua, ordea, bat bera: euskal hizkuntzarekiko engaiamendua adierazi eta aldarrikatzea. Segidako artikulu honetan, Argentinako Buenos Airesen, General Rodriguezen, Bahia Blancan, San Nicolasen, Arrecifesen, Chascomusen, La Platan, Rio Cuarton eta Cordoban egingo diren elkarretaratzeen egitarauak.

Gehiago irakurri...


"Klik euskaraz" sareko euskarazko tresnak ezagutarazteko kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

2012/11/27

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren kanpaina datorren igandera arte luzatuko da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat euskarazko tresnekiko loturak bildu eta www.euskara.euskadi.net webgunean ipini ditu era errazean kontsultatzeko moduan. Euretako asko beste erakunde edota instituzio batzuenak izan arren, Sailburuordetzak informazioa bildu eta modu ordenatuan eskaintzeko lana hartu du. Tresna horiek ezagutarazteko kanpaina --besteak beste EuskalKultura.com-en paratua-- atzo abiatu zuen eta abenduaren 2ra arte luzatuko du.

Gehiago irakurri...


Nami Kaneko: "Japonia urrun dago, baina mundu berean bizi garela ikusten dugu Uriberen lana irakurriz"

2012/11/27

Kirmen Uribe eta Nami Kaneko itzultzailea idazleak Tokion egin zuen irakurraldi batean Nami Kaneko japoniarrak itzuli du Kirmen Uriberen "Bilbao - New York -Bilbao" eleberria eta, gainera, zuzenean euskaratik egin du. Atxagaren "Obabakoak" japonieraz irakurri zuenean euskal hizkuntzak liluratu egin zuen Kaneko, eta duela zortzi urte hasi zen ikasten. Uriberen azken lanaren berri izan zuenean japoniarrek ondo hartuko zuela argi izan zuen eta bere kabuz hasi zen itzultzen. Tokioko Hakusuisha argitaletxeak plazaratu du lana eta harrera ona izan du. "Guk ere itsasoari lotutako kultura daukagu, gure herrian ere desagertzen ari dira mundu eta hitz zaharrak, gure aiton-amonek gerla bizi izan zuten...", azaltzen du Kanekok. "Hemengo irakurleek ezer gutxi dakite Euskal Herriari buruz, baina liburua irakurri eta gero, oso hurbil sentitzen dute".

Gehiago irakurri...


Dantzari eta buruhandiak eta euskal stand-a Barilocheko 33. Europar-Argentinar Gizataldeen jaialdian

2012/11/27

Azaroaren 3, 4, 10 eta 11an gauzatu zen Barilocheko 33. Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdia. Bertoko Mendiko Euzko Etxeak euskal standa ezarri zuen festan (argazkiaA. A. Sanchez) Lan handia egiten dute Rio Negro probintziako Bariloche hiriko kolektibitateetako ordezkariek jaialdi hau antolatzeko. Ahaleginak, ordea, bere fruituak dakartza eta milaka lagun biltzen dira urtero jaigunean Europar-Argentinar gizataldeen proposamenez gozatzera. Aspaldiko bideari jarraituz, Barilocheko Mendiko Euzko Etxea Euskal Etxeak ondo asko ordezkatzen ditu bertan euskaldunak. Aurten, ohi bezala, standa jarri zuten, plater tipikoak zerbitzatu, dantzak eta musika zabaldu, eta oso erakargarria suertatu zen nobedade bat ere eskaini zuten: Aitor eta Izaro buruhandiak. Bi pertsonaiek txaloak eta publikoaren maitasuna bereganatu zituzten tauletatatik pasatu zirenean. Hona jaiaren argazki laburpena.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com-ek euskal produktu gastronomiko saski bat zozketatuko du, hartzazu parte!

2012/11/26

Zozketako sariaren edukia: Idiazabalgo gazta, paleta iberikoa, txorizoa, Getariako txakolina, Errioxako ardoa, kaba, piquillo piperrak, Tolosako teilak, foie mousea, Arabako oliba olioa, Nafarroako zainzuriak eta Getariako hegaluzea Gabonak gertu dira eta EuskalKultura.com-ek zozketa jarri du martxan Dastatu.es euskal elikagai gorenen on line dendarekin batera. Saria euskal produktu gastronomikoz osatutako Gabonetako saski itzela izango da. Elikagai guztiak kalitatekoak dira, Euskal Herrian ekoitziak eta zuzenean Lur-Lan ekoizle elkartetik kontsumitzailearengana ekarriak, bitartekaririk gabe. Anima zaitez eta, zorte pixka batez saskia etxean jasoko duzu!

Gehiago irakurri...


Asteburu honetan hasi da Gral. Las Herasen bertako Zazpirak Bat-ek antolatutako II. Euskal Astea

2012/11/26

Gral. Las Herasko II Euskal Asterako gonbiteak Azaroaren 24tik abenduaren 2ra arte luzatuko da aurten Urte Amaierako Euskal Astea Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian. Bertara iritsiko dira euskal gizataldeko hainbat lagun, sortu berria den erakundeko kideekin jaialdiaren bigarren edizioa ospatzera. Hitzaldiak, zinea, herri kirolak, Gernikako Bonbardaketaz gogoeta-ekintza, dantzak… Mota askotako ekintzak burutuko dira datozen egunotan Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat Euskal Etxearen eskutik. Asteari eta urteari amaiera emateko, bazkari ‘criollo’ bat eskainiko zaie gonbidatuei herriko San Luis Gonzaga Institutuko kiroldegian.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia