2013/05/13

Buenos Aires probintzia argentinarrean, Pilar-eko Eusko Etxeak aurrera darrai 2013ko ekitaldiekin, apirilaren 11ean bere Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilera gauzatuta, buruzagien berrikuntza martxoaren 24ean egindako Batzar Nagusian egin ostean. Elkarteak lehentasun ezarri zituen, besteak beste, bazkideen sustapena eta Euskara Tailerraren zabalkundea. Angel Urriticoechea buru duen Zuzendaritza berrituan partaide dira baita ere Carlos Mossier Ugaldebere, Lidia Etchart, Fabiana Urriticoechea, Marta Balbiani eta Oscar Iribarren.
Gehiago irakurri...
2013/05/13

Ekainaren 8 eta 9an burutuko da Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Dantzari Ohien Festa. Erakundeko kideak erabat murgilduta daude jadanik topaketaren antolakuntzan eta hori dela eta azken xehetasunak jakinarazi dizkiete ‘abarkak berriro janzteko prest’ dauden guztiei. Talde bakoitzak dantza bat aurkeztu ahal izango du eta talde bat osatzera iristen ez diren dantzariak beste euskal etxe bateko kideekin elkartu ahal izango dira jaian bertan. Ekintza guztietan parte hartzeko voucher-aren prezioa 350 pesokoa da (larunbateko otorduak eta hotela barne) eta erreserbak egiteko epea maiatzaren 31an amaituko da.
Gehiago irakurri...
2013/05/13

Hemezortzigarren edizioa bete du aurten Euskal Herrian bizi diren Euskal Venezuelarren urteroko Topaketa eta egunpasak, Simon Bolivar elkarteak deiturik. Ia ehun lagunek erantzun zioten deiari. Galdakaoko tabernetan poteotxo bat egin ostean, meza egin zen hildako lagunak gogoan, ondoren Elexaldeko Aretxondo jatetxean bazkaltzeko. EuskalKultura.com elkarretaratzeko lekuko izan zen.
Gehiago irakurri...
2013/05/10

Azken asteotan euskal poesiak mugak hautsi ditu eta munduko bi txoko urruneraino heldu da: Txekiako Brno hirira eta New Yorkera. Lehen kasuan, Brnoko Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak antolatutako “Chansons d’amour, ilargi beterik gabeko gauak” poesia gauean entzun ahal izan dira euskarazko olerkiak. Bigarrenean, aldiz, Tere Irastortza idazlea New Yorken izan da PEN World Voices literatur jaialdian parte hartzen.
Gehiago irakurri...
2013/05/10

Berez 'Union Vasca Sociedad de Socorros Mutuos' (Euskal Batasuna Elkarri Laguntzeko Elkartea) izen ofizialtzat duen Bahia Blancako Euskal Etxeak, erakundeko araudiaren araberako urteko batzarra eginik Zuzendaritza Batzordea berritu du, epe berrian Mikel Xabier Irazustak segituko duelarik lehendakari, lankide dituela, besteak beste, Javier Ederra, lehendakariorde; Maria Amelia Irastorza, idazkari; Juan Alberto Sosa, idazkariorde; Maria Teresa Sorrarain, diruzain; eta Iñaki Ederra, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2013/05/10

Euskal Etxeko Lucio Echaniz Liburutegiak antolatuta, ‘Biblioneta’ren laguntza izan zuten Arrecifeseko euskaldunek ‘Ipuinaren Ordua’ irakurketa zikloari hasiera emateko. Proposamena oso erakargarria suertatu zen eta herriko eskoletako 3 eta 11 urte arteko berrehun bat neska-mutil bertaratu ziren euskal etxera literaturaz gozatzera. Arrakastaren ondotik, ‘Ipuinaren Ordua’ zikloaren bigarren emanaldia bihar larunbata izango da. Eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 18an, txistularien bilgune izango da Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, txistulariei zuzendutako 2013ko lehenengo FEVAren tailerrean.
Gehiago irakurri...
2013/05/09

EuskalKultura.com-en euskal etxeek euren jardueren berri emateko egiten dituzte ekimenak zabaltzen lagundu nahi dugu, batez ere albistariak eta buletin elektronikoak egiten dituztenen ahalegina azpimarratuz. Halatan, jarraian eskuragarri jarri ditugu geurera heldu diren lau buletin: Arturo Campion Euskal Ikasketa Zentruko Guregandik aldizkaria, Caracaseko Euskal Etxeko Jazoera, Necocheako Euskal Etxeko Mezulari eta Astero, North American Basque Organizations federazioaren asteroko buletina.
Gehiago irakurri...
2013/05/09

larunbatean hasiko da Valladolideko Gure Txoko elkartean espainiar estatuko euskal etxeen Mus Txapelketa. Iazko txapeldunak Gure Txokokoak izan ziren eta, hori dela, aurten elkarte honen ardura izan da bilkuraren antolakuntza. Mus partidekin batera, euskal etxeek topaketa baliatuko dute espainiar federazioaren urteroko bilkura egiteko. Gure Txokoko idazkari Jokin Oncaladak EuskalKultura.com-i agertu dionez, asteburuko jardueretako partehartzaileen artean honako euskal etxeen ordezkaritzak izango dira: Bartzelona, Valentzia, Salou, Madril eta Mallorca, Valladolideko antolatzaileekin batera.
Gehiago irakurri...
2013/05/09

Deia ingelesa mintzo duten Diasporako euskaldunentzat da. "Au pair" bezala aritzea beti da esperientzia aberasgarria: haurrekin lanean trebetasunak garatzeaz gain, tokiko pertsonak, hizkuntza eta kultura ezagutzeko bide aparta da. Gasteizko familia euskaldun bat Diasporako "au pair" baten bila dabil, sei eta zortzi urteko bi neska-mutiko zaintzeko; delako pertsonak ingelesez egin beharko lieke haurrei, eta familiarekin euskara edo gaztelania ere ikas/praktikatuko luke. Aukera bat izan daiteke Euskal Herria ezagutu eta euskararekin aurrera egiteko.
Gehiago irakurri...
2013/05/09

Gernikako Bonbardaketaren 76. urtemuga gogoratzerakoan Argentinako bandera eta ikurrina lehendabizikoz altxatu ziren Chivilcoyko Gernika Plazan. Euskal etxeko kideak ez ezik, auzokide ugari ere bertaratu ziren euskal pasealekura masta eta monolito berriak ikustera. Jauregui apaizaren bedeinkazioaren ostean, pintxoak partekatu zituzten bildutako lagunek euskal etxean. Egun batzuk lehenago, Beti Aurerra-ko areto nagusia Aberri Eguneko afariaren egoitza ere izan zela jakinarazi diote erakundetik EuskalKultura.com-i, 200 bat pertsona bildurik.
Gehiago irakurri...