euskal diaspora eta kultura

2007/02/20
Urtarrilan sareratu zen Iruñeko nabarreria.com web orrialdeak dagoeneko 10.000 bisita jaso ditu. Oraindik eskaintzen dituen zerbitzuak % 100ean ez badaude ere, Sergio Labayen webguneko arduradunaren ustez, hilabete honetan lortutako emaitza 'oso positiboa' da eta hurrengo ekainarako, webgunea bukatua egongo denean, bisiten kopurua igo egingo dela espero dute. Abian jarri berri den web orrialde honetan idatzizko edizioetako irakurleak herriko gertakizunen informazio ugari eskuratu ahal izango du. 'Webgunearen helburua irakurleari eguneratutako informazioa eskeintzea eta irakurlearen ahotsari tartea egitea da, bai berrien edota artikuluei buruz idatzi ditzazketen komentarioen bidez' azaldu dio Labayenek EuskalKultura.comi.
2007/02/20
Entre Ríos probintziako Parana hiriko Urrundik elkarteak 'Emakumeen Bakarrizketak' izenburudun jardunaldiak egingo ditu, Augusto Carballalek zuzentzen duen antzerki taldearen eskutik. Bakarrizketek antzerki lantegiko bost kide izango dituzte protagonista: Mireya Alcain, Silvia Barrios, Marta Echagüe, Graciela Ramírez eta Susana Schiavoni; antzerkia eta emakumeen ahotsa Urrundikeko egoitza berriko oholtzara ekarriko dutelarik.
2007/02/17
Sabin Egilior kazetari eta zinemagileak Tras un largo silencio dokumentala aurkeztuko zuen atzo Euskal Herriko zinema aretoetan. Aranzadi Zientzi Elkarteak egindako ikerketetan oinarrituta dago filma eta Espainiako guda zibilan fusilatu eta desagertu arazitako pertsonen bilaketan oinarritzen da. Hiru urtetako ikerketan prozesuan aurkituriko zailtasun nagusienetako bat gertaera hauek azaltzen dituzten garaiko dokumenturik eza izan da, familien lekukotasuna ezinbestekoa eginez. Ez nukeen sekula pentsatuko etxe alboan guda zibilako hilobi komunak egon zitezkeenik, ezta euskaldunen memorian hainbeste sufrimendu lurperatura zegoenik ere', aitortu digu zuzendariak.
2007/02/16
Joan den azaroan Lesakako Udaletxeak argitaratu zuen 'Bortzirietako Artzainak Ameriketan' liburu eta DVDak eskatzen zuen jarraipena izango da. Liburu hartan Ameriketan artzain ibili ondoren Euskal Herrira bueltatutako bortziritarrak elkarrizketatu zituzten eta orain Goizalde Urdanpileta eta Edurne Zubieta kazetariak Estatu Batuetara bidaia egingo dute bertan gelditzea erabaki zutenen testigantza biltzeko. 'Hemengoek hangoa dute gogoan, eta Estatu Batuetakoek Euskal Herriarekin amesten dute. Biak elkartu nahi ditugu, itsasoz gaindi', azaltzen du Urdanpilletak. Bi kazetariek ia hiru astetako ibilbidea egingo dute, AEBtako hogei bat hiritan zehar. Bere istoria kontatu eta proiektuan parte hartu nahi duten pertsonei eurekin kontaktuan jartzeko gonbitea luzatzen diete Ttipi-ttapakoek.
2007/02/16
Zortzigarren probintzian jaio --Argentinako Mar Chiquita herrian-- eta sei urte zituela itzuli zen Europako Euskal Herrira Jean Etxepare, Etxepare mirikua, geroztikako bizimodua bertan egiteko. Bordelen sendagile ikasi eta Lekornen, Alduden eta Kanbon ibili zen mediku euskal literaturan bereziki emankorra izan den deitura daraman Etxepare euskalargentinar hau. 1919an, Euskaltzaindia sortu berritan, euskaltzain urgazle izendatu zuten eta mediku gisa ere pilotarien eritasunei buruzko tesia idatzi zuen. Atzo, bere bizitzari buruzko liburua aurkeztu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Urrutia euskaltzainburuak, Mees EHUko Euskara errektoreordeak eta Kepa Altonaga liburuaren egileak berak.
2007/02/15
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2007ko otsailaren 15eko aleak argitara ematen du 2006ko urritik 2007ko irailera bitarteko euskara klaseetarako dirulaguntzak jasoko dituzten Euskal Etxeen zerrenda. Hogeita bi euskal etxe eta federazio izango dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradunak, guztira Eusko Jaurlaritzak 192.900 euro banatuko dituelarik.
2007/02/15
Gero eta gutxiago geratzen da Korrikaren 15. edizioari hasiera emateko, martxoaren 22an. Bitartean eta giroa berotzeko, aurtengo ediziorako kanta eta bideoa aurkeztu ditu AEK-k aste honetan. Niko Etxartek sortutako Heldu Korrikari abestiak jarriko dio aurtengo Korrikari soinu banda. Etxartek Hapa-Hapa taldeko musikariak izan ditu laguntzaile eta beraiekin batera Euskal Herriko ahots eta estilo desberdinetako abeslariak kantari: Barricada taldeko El Drogas Enrique Villarreal, Xabaltx, Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga, Dominic Earl, Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalba, Amaren alabak taldeko Luxi, Maider eta Graxi eta Bruno Hollemaert, besteak beste.
2007/02/15
Euskal literaturak azken mendeotan emandako lan klasikoak irakurri nahi dituenak, tresna ezinhobea du Klasikoen Gordailua, Armiarma.com literatur webgune-amaraunaren barne. Webguneak ekarpen ederra egiten die ikerlari, filologo eta literatur zaleei, izan ere liburutegietan aurkitzen zailak izan daitezkeen hainbat testu biltzen baititu, XIV mendeko otoitz nafarren bat edo Joan Perez de Lazarragak 1567 aldera idatzitako izkribu famatua kasu. Eta sarean irakurri nahi ez duenarentzat, liburu osoak deskargatu eta inprimatzeko aukera ere ematen du. 'XIX. menderarteko ia dena daukagu', diosku Mikel Elorza, Gordailuko kideak. 'XX mendekoei aurten hasiko gara astindua ematen'.
2007/02/15
FEVAk, Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak, euskal etxeetako buruei zuzenduriko ikastaroa egingo du martxoaren 17 eta 18an, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Ikastaro honen helburua euskal etxeetako zuzendarien prestakuntzan sakontzea da eta oraingo honetan komunikazio arloan euskal etxeetan egon daitezkeen behar eta aukerak aztertu eta nola profitatu izango da ikastaroaren muina.
2007/02/14
Euskal Herriko kostaldeen eta euskal itsasgizonen historia Haizalde, Itsasoa eta Euskaldunak, Amerika eta Trafalgar artean liburuan bildu du Jose Cayuela Fernández Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak. Esparru honetan aditua den Cayuela Fernandez Euskal Herriko Itsas Foroaren laguntza osoa izan du euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aztertzen duen liburu hau egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus