euskal diaspora eta kultura

2007/03/12
2004. urtean Mari Jose Olaziregik eta Linda Whitek Renoko Center for Basque Studieserako egindako euskal ipuin laburren bilduma arrakasta polita izaten ari da nazioartean, ingeles, euskara, gaztelera --bidea orden honetan izan baitzen, bitxia bada ere-- eta errusiarrez argitaratua izan delarik. Azken bertsio italierazkoa da, Gran Via Edizioni argitaletxearen eskutik, eta, besteak beste, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe edo Anjel Lertxundiren ipuinak italiar irakurleengana eramango ditu. Mari Jose Olaziregi eta Sergio Muniz idazlea Italian izango dira aste honetan liburua Milango Unibertsitatean aurkezteko.
2007/03/12
Euskal ipuin laburren antologiaren aurkezpenaz gain, euskal literaturak beste hitzordu bat izango hilabete honetan Italian. Ixiar Rozas idazle eta poeta lasartear gaztearen eskutik heldu da hitzordua Erroman hilaren 29an, bertako euskal elkarte Associazione Culturale Euskarak (ACE) antolatuta. Bertan Rozasek bere azken lana aurkeztuko du, 'Negutegia' eleberria, eta euskal literaturari buruzko mintzaldia ere emango du.
2007/03/12
Argentinako Euskara Arduradunen bilera egin zen joan den larunbatean Buenos Airesen, FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas edo Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuna, elkartearen euskarazko izen ofizialean) egoitzan. Mariluz Artetxe FEVAko lehendakaria buru eta Gabriela Mendia Euskara Arloko idazkaria gidari, hamasei euskal etxetako euskara arduradunek 2007rako plangintzari erreparatu eta urteko lehenengo bilkurari ekin zioten, Argentinan euskara ikastaroak hasteko sasoina den garai honetan.
2007/03/10
Argentinako Kordoba probintziako gobernadore José Manuel de la Sotak audientzian errezibitu ditu aste honetan hiriburuko kordobatarreko Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordekoak. Bileran, euskal-kordobatar komunitatearen ordezkariak aukera izan zuten eskertzeko beste behin gobernadoreari joan den urrian, Kordoban Euskal-Argentinar Astea egin zela-eta Ibarretxe lehendakariak bertara eginiko bisitaldian probintziako agintari gorenak eskainitako abegi eta arreta ezinhobeak.
2007/03/10
Hauteskunde garaia heldu zaio Villa Mercedes San Luis probintzia argentinarreko Euskal Etxeari. Barne araudiak esandakoa betez, elkarte euskaltzaleak bozak egin eta lehengo ildo edo lerrotik segituko duela ematen du: Julio Esnaolak segitzen du lehendakari bi urteko beste agintealdi baterako. Berarekin batera osatzen dute batzorde hautatu berria: Edith 'Titi' Otazu, lehendakariorde; Liliana Rouan, idazkari orokor; Patricia Carrio, idazkariorde; Analia Cardon, diruzain; eta Walter Agüero, diruzainorde, besteak beste.
2007/03/10
2007/03/09
Sabino Arana Fundazioak Mezu@ buletin elektroniko berria jarri du abian, publikoaren eta fundazioaren arteko harremanak estutu asmoz. Buletinak Arteako Euskal Nazionalismoaren Artxiboko edota fundazioaren museoari buruzko nobedadeak aurkeztuko d¡tu --erakusketak, ekitaldiak...-- eta fundazioaren web orrialdean dauden baliabideen berri ere emango du. Arduradunen agiantzaren arabera buletinak fundazioaren eta erabiltzaileen arteko erlazioa dinamikoagoa egingo du, erabiltzaileek zuzenean euren e-mailean jasoko baitute fundazioaren berri. Buletina doanekoa da eta jasotzeko Sabino Arana fundazioaren webgunean behar da egin harpidetza.
2007/03/09
Gabriel Ceballos gazte mexikarra Euskal Etxeko euskara irakaslea izan da azken bi urteotan, 12 ikaslek osaturiko talde 'txiki baina egonkor' batekin. Ceballos bera, ahaleginarekin ikasi eta gozatu daitekeenaren froga bizia da: Mexikon euskara ikasi eta Euskal Herrian eginiko egonaldi bakarrean hobetu zuen. 'Mexikarrentzat euskara ikastea oso erakargarria da, Euskal Herriak eragin handia izan duelako gure historian eta gure kulturan. Nire ustez euskararen bidez Euskal Etxeak Mexiko eta Euskal Herriaren arteko zubi garrantzitsua eraiki dezake', esaten digu.
2007/03/08
FEVAk, Argentinako euskal erakundeen federazioak, bere buruzagitza taldearen zati bat berritzeko hauteskundeak deitu zituen, datorren asteko larunbatean, martxoaren 17an, gauza daitezen. Berritzea tokatzen den karguak bi lehendakariordetza, lau zuzendaritza batzordekide --eta kideorde-- postu, kontu ikuskariak eta hiru ohorezko epaimahaikide eta kideorde dira. Guzti horietarako zerrenda bakarra aurkeztu eta ofizialdu da, Jose Orbaiceta laplatarra eta Mariano Ayesa mardelplatatarra lehendakariorde lehena eta bigarrena postuetarako hautagaiburu dauzkana hain zuzen.
2007/03/08
Diasporako euskaldunek irakurketa entretenigarria topa dezakete abian ipini berri den 'Euskarazoak' blogean. Euskara ikasle batek ikasketa prozesuan bizi dituen arazoak eta eguneroko arrakasta txikiak kontatzen ditu bertan. Boga sistema erabiltzen du, eta bere egunkari birtualeko mezuetan hizkuntzaren inguruan sortzen zaizkion zalantzak edota gramatikako edo esaldien egiturei buruzko gaiak jorratzen ditu. Diasporako euskara ikasle askorentzat ezagunak izango diren gai, zalantza eta esperientziak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus