euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

200 lagundik gora bildu ziren, ilusioz eta lan egiteko gogotsu, Kubako Euskal Etxearen 2014ko Batzar Orokorrera

2014/12/17

Aretoa jendez lepo egin zuen Habanako Euskal Etxeak 2014ko Batzar Orokorra (argazkia Habana EE)

Bazkideen babes handia erakutsi zuen Habanako Euskal Etxeak 2014ko Batzar Orokorrean, 200 lagundik gora bildu baitziren ekitaldira, elkartearen alde lan egiteko gogotsu eta datorren urterako planak egiteko irrikaz. Euskal Etxeak, bere aldetik, esker ona erakutsi zien urtean zehar lan bereziki aipagarria egin duten lau bazkideei.

Gehiago irakurri...


Euskal Ska eta folklore argentinarra areto betean, Viedma eta Patagonesko euskal etxearen 18. urteurrena ospatzeko

2014/12/17

Itziarren Semeak talde bizkaitarrak Viedmako Kultur Guneko aretoak bete zuen, publikoz eta skaz (argazkia Miguel A. Basterra)

Bizkaiko Itziarren Semeak ska taldearen kontzertu eta ehun lagunentzako urte amaierako afari batekin ospatu zuen bere urtebetetzea Viedma eta Carmen de Patagones hirietako Beti Aurrera Aberri Etxeak. Eta nahiz eta ofizialki itxi duten 2014ko ekintzen programa, barne lanarekin jarraituko dute, 2015eko martxoan inauguratu nahi dute-eta elkartearen egoitza.

Gehiago irakurri...


Kontzertu polita eskaini zuen igandean Valladolid-eko Euskal Etxean Napoka Iria musika talde euskaldunak

2014/12/16

Napoka Iria osatzen duten Miren Narbaiza eta Ander Mujika joan den igandeko emanaldian Valladolideko Euskal Etxean

Kontzertu polita, intimo eta bildua eskaini zuen joan den igandean Gure Txoko euskal etxe Valladolidekoan Napoka Iria bikote gipuzkoarrak. Bisita eta emanaldia, Miren Narbaiza eta Ander Mujikak adostutako egunpasa izan zen, hiri gaztelarreko euskaldunekin partekatua eta elkarren berri sakonagoa izateko balio izan zuena. Musikariak zein bildutako publikoa --aretoa beterik, ziento erdi bat pertsona-- gustura atera ziren esperientziarekin.

Gehiago irakurri...


Uruguaiko euskara ikasleek Montevideon ospatu zuten Euskararen Eguna, jolas, musika eta irri artean

2014/12/16

Lagun asko bildu ziren Montevideoko Centro Euskaro elkartera Euskararen Eguna ospatzera (argazkia uruguaikoazkenberriak.blogspot.com.es)

Euskararen Nazioarteko Eguna joko eta irri artean ospatu zuten Uruguaien Montevideo eta San Jose hiriko euskara ikasle eta irakasleek. Centro Euskaro elkartean egin zuten festan 30 bat lagun bildu ziren eta giro bikainean gozatu zuten egunaz. Uruguaiko euskara irakasle Andrea Bellak argazki sorta ederra jarri du "Uruguaiko azken berriak" blogean. Euskaraz idazten du blog hau Andrea euskal-uruguaidarrak, anima zaitezte eta utziozue iruzkinen bat!

Gehiago irakurri...


Euskal etxe berria Patagonian: festa eta poza San Martin de los Andes-ko Euskal Txokoaren aurkezpenean

2014/12/16

San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ren aurkezpenean, Euskal Herriko dantza, erritmo eta koloreak gailendu ziren (argazkia Eliseo Fourçans).

Ehunda berrogeita hamar bat lagun bildu zituen aurkezpen ofizialak, euskaldunen proposamenak eta kultur adierazpenak zuzenean ezagutzeko interesak piztuta. Guztiak atera ziren pozik, euskal etxe berriko kideen dantzak eta sukaldaritza eskaintza azpimarragarria eta jai giro ederra izan baitziren. Barilocheko Mendiko Eusko Etxeko dantzariek ere hartu zuten parte jaian, eta gonbidatu dituzte sanmartindarrak, laster bisita itzultzera. 

Gehiago irakurri...


Carlos Galarza, Corpus Christiko Eusko Etxeko idazkaria, hil da Argentinan

2014/12/15

Carlos Galarza, Argentinako Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeko idazkaria, atzo hil zen Posadas-en.

Atzo igandea gertatu zen, Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko ospitalera batean. Izan ere, han sartu zuten orain dela hamar bat egun, tumore gaizto bat antzeman ondoren. Carlos Alberto Galarzak 66 urte zeuzkan eta Corpus Christiko Eusko Etxeko kide zen, azken bolada honetan idazkari hautatua eta baita aurretik lehendakariorde ere.

Gehiago irakurri...


Zutik txalotu zuen Argentinako publikoak Oreka TX taldea, atzo Buenos Airesen egindako kontzertuan

2014/12/15

Txalaparta kontzertuan, lehen aldiz Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com)

Errezitala Liburutegi Nazionalean izan zen eta berrehundik gora lagun bildu zituen. Jendez gainezka zegoen areto batean eta Silvia Iriondo folklorista argentinarra lagun, txalo zaparrada jaso zuten Oreka TX taldea osatzen duten Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek, Mixel Ducau albokari. 

Gehiago irakurri...


Gabriel Aresti eta Bertold Brecht-en olerkiekin ospatu zuten Berlingo Euskal Etxean Euskararen Nazioarteko Eguna

2014/12/15

Christine Paaschek eta Garazi Ugaldek irakurri zituzten Aresti eta Brecht-en poemak, alemaneraz eta euskaraz (argazkia Berlin EE)

Gabriel Arestiren "Harri eta herri" poema-liburuak 50 urte bete dituela eta, Berlingo Euskal Etxeak poeta bilbotarraren lana ekarri nahi izan zuen gogora aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan. Arestiren poemak Bertold Brecht alemaniarraren olerkiekin tartekatuta irakurri zituzten Berlingo Werkstatt der Kulturen kultur-etxean egin zen ekitaldian. Alemanez Christine Paasch-ek irakurri zuen eta euskaraz Garazi Ugaldek.

Gehiago irakurri...


Abian da Diasporaren Gutunen II. Literatura Lehiaketa, Valentziako euskal etxeek antolatuta

2014/12/12

Diasporaren Gutunen II  Literatura Lehiaketaren kartela

Euskaltzaleok eta Laurak Bat Valentziako euskal etxeek Diasporaren Gutunen II. Literatura Lehiaketa antolatu dute. Mundu osoko eta bereziki Diasporako euskara ikasle eta euskaldunei irekia da lehiaketa eta urtarrilaren 15a arte bidal daitezke lanak. Saria liburu sorta bana izango da, bi kategoriaran. Animatu zaitezte!

Gehiago irakurri...


Saladilloko Euskal Etxeak ‘Angela Catalina Carrano Azcona’ izena jarri dio bere egoitza berriko liburutegiari

2014/12/12

Saladilloko Itxaropen euskal etxeak erakundearen sortzaile baten izena jarri dio liburutegi berriari: ‘Ángela Catalina Carrano Azcona’  (argazkia EE)

Zeremonia Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunen baitan egin zen, euskal etxeko eta udaleko agintariak lagun. Haiekin batera, ‘Cata’ Carrano Azconaren seme-alabek ere hartu zuten parte ekintzan eta esker beroak adierazi zizkioten euskal erakundeari euren amari egindako omenaldiagatik.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia