euskal diaspora eta kultura
2015/05/21
Hirurogeita hamar lagunentzako bazkari batekin ospatu zuen Anaitasuna erakundeak bere urtebetetzea; jaian, euskal etxea sortu, sendotu eta biziarazten lagundu zuten pertsona guztiak oroitu nahi izan zituen instituzioak, ehunka argazkirekin egindako bideo erakutsiz bertaratutakoei. Datorren urtean beteko dituen 40 urteak behar bezala ospatzeko proposamenak aztertzen hasiko da orain Buenos Aires probintzia argentinarreko euskal etxe hau.
2015/05/21
Valparaisoko Euskal Etxean aurkeztua izan eta gero, Txileko Santiagon aurkeztu da berriki "Winnipeg, testimonios de un exilio" liburua. Ekitaldia Txileko "Colectividad Vasca" elkarteak antolatu zuen, Lope de Vega antzokian. Han, Julio Gálvez Barraza egileak eta Jaime Ferrer Mir editoreak 1939an gudatik ihesi Txileraino 2.000 erbesteratu ekarri zituen untziaren bidaia hunkigarri haren berri eman zuten.
2015/05/20
Euskal Herria eta Italiaren arteko kultur truke bati esker, euskal musikari eta dantzari talde gazte bat Italiara abiatuko da bihar bertan. Rimini hiriko La borgata che danza herri musika eta dantza jaialdian parte hartuko dute, hilaren 25a arte, bertako gonbidatu nagusi gisa. Partehartzaileak Hernani eta Oiartzungo musika eskoletako gazteak eta Lapurdiko Leinua Konpainia dantza taldeko kideak dira.
2015/05/20
Ekainaren 13an hasi behar duten AEBetako birarako prestaketa lanetan daude Cerebral Effusion-eko lau musikariak. Eurak Kosme dira, baxua eta ahotsa; Pe, gitarra; Jabo, gitarra; eta Eihar, bateria; eta muturreko metala jotzen dute. Bira trinkoa daukate, hamahiru kontzertu hamahiru egunean: “Egurra gustatzen zaigu!”, aitortu dio Eihar Unamunok EuskalKultura.com-i. Las Vegas Deathfest jaialdian egingo dute lehen geldialdia, kartel buru legez: “Oso kontzertu berezia izango da guretzat”.
2015/05/20
Atzo jakinarazi zituen biraren antolaketa lanen ardura hartu duen Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak, Pascual Barturen organo jotzaileak, Euskal Herritik etorrita datorren astetik aurrera Argentinan egingo duen biraren xehetasunak. Lehenengo kontzertua Pergaminon joko du, maiatzaren 30ean, eta ekainaren 14ra bitartean Rosarion, Misionesen eta Gualeguaychun ere aurkeztuko da. Honakoei beste kontzerturen bat gehituko balitzaiei jakin bezain pronto adieraziko genuke.
2015/05/19
Euskal Herrian da Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia, azken urteotan mundu mailako politikan pertsonaia maitatuenetako bat, bere jarrera apal eta zentzuzkoagatik. Bere arbasoen sorlekua bisitatzera etorri da berriz ere, oraingoan Lucía Topolansky emaztearekin batera. Protokolorik gabeko bidaian, euskal kulturan sakontzeko aukera izan du Mujicak, eta euskaldunen nortasun gardena azpimarratu du. "Joera politiko guztietakoak daude", esan du, eta barrez gehitu du udaletxeetan bandera guztiak "txikitxoak" direla, ikurriña "handi-handia" ezik.
2015/05/19
Erreakzio kontrajarriak eragin ditu estreinatu aurretik. Bere aitaren esperientzia pertsonalak animatu zuen Javier Barrio, ‘Vasco Viejo’ dokumentalaren egilea, Argentinan dauden Gernikako Arbolaren kimu batzuei buruzko istorioak kontatzera. Eta horiek kontatzearekin batera, identitatearen eta nazionalitatearen kontzeptuetan ere sakontzen du zuzendariak. Dagoeneko 'espainolista'tzat jo dute batzuk, eta beste batzuk juxtu kontrakotzat. “Vasco Viejo” San Nicolasen proiektatuko da lehen aldiz, maiatzaren 29an, bertako Euzkal Etxean, aurreko emanaldi bat, Chascomusen, bertan behera utzia izan ondoren.
2015/05/19
Atzo Bartzelonan jakinarazi ziren Taula gaineko Arteen 2015 Sarietan saria eskuratu zuten Sabin Bikandi musikari, musikagile eta moldatzaileak --Aiko taldearen sortzailea ere-- eta Jon Maya dantzaria buru duen Kukai dantza taldeak, biak Diasporan aritutakoak, Bikandik musika-konposiziorik onenaren saria irabazi du Kukai dantza konpainiaren “Gelajauziak” ikuskizunerako landutako musika konposizioarengatik, eta Kukai dantza taldeak berak ere saria irabazi du artista-zerrenda onenaren kategorian. Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelenak osatzen dute taula gainean Kukai.
2015/05/18
Estatu Batuetako euskal diaspora ezagutu nahi zenuke uda honetan? GOazen Boisera lehiaketa bi gazteren bila dabil, Boiseko Jaialdia ezagutu eta bertan gertatzen denaren berri emateko. Gazteen eginkizuna Gazteaukera blogean euskal jai honen berri ematea izango da. Komunikatzaile trebea bazara eta astebetez Boisetik blogari lanetan aritzeko prest bazaude, hauxe da zure aukera!
2015/05/18
Azkeneko hamar egun hauetan Euskal Herrian ibilia da Juan Iñaki izen artistikoarekin diharduen Juan Iñaki Berecibar kantari argentinarra (Cordoba, 1986), bere birraitona Jose Mari Berecibar duela ehun urte Argentinara abiatu zen jaiotetxea bisitatu eta hemengo ahaideekin biltzeko. Bere aita Raulekin etorri da kantari gaztea eta Arrasateko Salturri baserriko hemengo ondorengoekin bildu dira familia bilkura batean. Oraintsu argitara emaniko bere bosgarren CDa ari da aurkezten europar bira batean cordobatarra, Euskal Herriaz aparte (Bilbo eta Arrasate), kantatuko duelarik Madrilen, Frantzian (Paris eta Tolosa), Suitzan (Berna) eta Italian (Milan).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus