euskal diaspora eta kultura
2015/05/27
Bosgarren urtez antolatu dute 2015ean, maiatzaren 17an, Txikifest jaialdia Eder Montero eta Alex Raij sukaldariek. New Yorken duten Txikito jatetxearen eskutik, 450 bat lagun inguru bildu ziren txakolinaz eta kalitatezko jakiez gozatzeko. Ekitaldiak, euskal ardogileak ezagutzera emateko ere balio izan zuen. “Banatzaileak eta ardogileak harremanetan jartzen saiatzen naiz beti, erakustazoka moduko bat da hau”, esan dio Monterok EuskalKultura.com-i. Gastuak garbitu ostean, gainera, MS Hope for a Cure elkarteari emango dizkiote irabazi guztiak, dohaintzan.
2015/05/26
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA-BOPV) joan den ostiralean, maiatzaren 22an, eman du argitara HABEko zuzendari nagusiaren Ebazpena, non euskal etxeek ematen dituzten euskara klaseen 2014-2015 ikasturterako dirulaguntzak zehazten dituen, orotara ia 210.000 euroko kopurua banatuz munduko 29 euskal etxe eta euskal etxeen federazio artean, 16 herrialdetan.
2015/05/26
Mende erdi bete zuen egun berean, maiatzaren 18an, jaso zuen Espainiako Arte Eszenikoen Max saria Sabin Bikandi txistulari, danbolin jotzaile eta musika sortzaileak (Barakaldo, 1965). Kukai dantza konpainiaren Gelajauziak ikuskizunerako sortu zuen musika, Xabier Erkizia musikariarekin batera. «Oso pozik hartu dut. Kukaikoek, gazteagoek, parranda egin dute eta dantza, nik gutxiago, baina uste genuenaren kontra oso ekitaldi beroa izan zen. Oso ondo hartu gintuzten; ez zen ekitaldi friboloa edo hotza izan». Kukaik ere Max saria eskuratu du lan berberarengatik, artista zerrenda onenaren kategorian. Gorka Erostarbek sinatzen du elkarrizketa Berrian.
2015/05/26
Paco Casteig errenteriarrak eta haren emazte Bego Illarramendik jatetxe bat dute Mexikoko Queretaro herrian, "Los Sabores de Paco y Bego" izenekoa. Egunotan hiriko euskal komunitatea suspertu nahian dabiltza, eta horretarako euren lokala bilgune gisa eskaini dute. "Lehen Celayako Arrano Beltza elkartean biltzen ginen, baina Yon de Luisa laguna hil zenez geroztik ohitura galdu da", esan diote EuskalKultura.com-i. Queretararoko jatetxean hilean behin edo euskaldunak elkartzea pentsatu dute, "horrela lokal bat alokatu beharrik ez izateko".
2015/05/25
Hauteskundeak izan ziren atzo Hego Euskal Herrian, udal eta foru erakundeetan, eta herritarren bozkak aldaketa nabariak ekarri zituen, batez ere Nafarroan non inoiz baino sendo eta indartsuago agertu den UPN foru gobernutik kanporatzeko jarrera, zenbakiek lagundua. Aldaketa hori posible da Nafarroan, kasu horretan Uxue Barkos (Geroa Bai) izan daitekeelarik gobernuburu berria, nahiz eta UPN izan den indarrik bozkatuena, baina aski sostengurik gabe Parlamentuan, gobernuari eusteko. Hauteskundeei buruz eta beste gairen bati buruzko iruzkinak datozen lerro hauetan.
2015/05/25
Hamaikagarren Literaldia amaituta, Bartzelonako Euskal Etxeak jaialdiaren balioespen baikorra egin du, inoiz baino jendetsua izan dela azpimarratuz. "Jarduera gutxiago, baina kalitate aldetik oso onak izan ditugu, eta jendearen harrera inoiz baino hobeagoa izan da", esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko kultur teknikari Ekaitz Garatek. Azpimarragarriak izan dira Bernardo Atxaga eta Manuel Rivasen arteko solasaldiak, eta Fermin Muguruzaren "Black is Beltza" komikiaren ikusentzunezko irakurketa.
2015/05/25
Euskaldunak Denak Bat euskal etxe arrecifestarraren baitan sortutako saioak bere zazpigarren denboraldiari ekingo dio ekainean, asteazkenero, arratsaldeko 5etan, Laura Nobile aurkezle. Ohiko formatuarekin, euskal kulturarekin lotura duten hainbat gai hartuko dira ardatz ordubeteko saioak, aurten gainera, ordutegi berrian. “Ezinbestekoa izan da ordutegia aldatzea, Euskal Herritik jarraitzen diguten lagunengatik” azaldu dio Nobilek EuskalKultura.com-i.
2015/05/22
Sukaldaritza eskola arrakastatsua dauka Bilbon Aingeru Etxebarriak (Getxo, 1978). Horren adibide da, aurreko astean bakarrik, Errusiatik, AEBetatik eta Holandatik heldutako ikasle taldeak eduki izana. Hamar gehi bat sari eta izendapen jaso ditu, horietako asko egiten dituen pintxoei esker, eta Karlos Arguiñano sukaldari ezagunaren babesa dauka. AEBetan hitzaldi eta erakustaldi bira laburra hasiko du gaur Bakersfield-en, CSUB unibertsitatean, herri kaliforniar honek asteburuan biziko dituen Euskal Festei hasiera emanez. “Pasioa transmititzen saiatuko naiz”, esan dio EuskalKultura.com-i.
2015/05/22
Zenbatetan nahi izan diozu norbaiti galdetu hitz bat euskaraz nola esan, baina ez zenuen inor eskura? Edo euskal hitz batek zer esan nahi duen jakin? Orain, zure sakelekoak emango dizu erantzuna, Mitzuli aplikazio berriari esker. IXA taldeko Mikel Artetxe garatzaileak sortu du Android smartphonentzako, eta doakoa da.
2015/05/22
Zortzi urte bete dira Potxolo Loyola hil zenetik, eta bi ekintzarekin omendu zituen Euskaldunak Denak Bat-ek ‘Potxolo’ bera eta euskal etxeetan ikasi, jo eta irakasten duten txistulari guztiak. Loyolaren heriotzaren urteurrenaren egun berean, zeremonia bat egin zuten arrecifestarrek herriko kanposantuan; biharamunean, dantzatuz eta abestuz ospatu zuten, Txistulari Eguna izeneko topaketan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus