2014/07/25

EuskalKultura.com-ek aldaketa nabariak sartuko ditu bere buletin eta webgunean. Denbora daramagu horretan lanean eta heldua da momentua gure irakurleei ere euren iritzia eskatzeko, zeuok baitzarete ekimen eta proiektu honen alderik behinena, munduan barreiaturiko Euskal Herria zareten neurrian. Proiektu honetan zer gustatzen zaizuen gehien eta zer gutxien, zer kendu, ipini edo ezabatuko zenuten galdegin nahi dizuegu. Bidali zure iritzia eta esker onez zozketa bateko partaide egingo zaitugu, zenbait liburu DVD eta CD sari.
Gehiago irakurri...
2014/07/25

'Humboldt: Selected Basque Writings' du izena liburuak, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi editore, eta bederatzigarren izenburua du Renoko Euskal Ikasteketa Zentroak eta Bizkiako Foru Aldundiaren arteko akordioak argitara emana. Kulturako foru diputatu Josune Ariztondok, Renoko Euskal Ikasketen Zentroko irakasle Joseba Zulaikak eta Basque Studies bildumaren editore Pello Salaburuk aurkeztu dute obra asteazken honetan Bilbon, euskaltzale prusiar nabariaren lan hautuen biltzaile, batzuk argitaragabeak oraino.
Gehiago irakurri...
2014/07/25

Buenos Aires probintzia argentinarreko Laprida herrian, bertako Lagunen Etxea euskal etxeak deia luzatu die bazkide eta lagunei San Inazio dela-eta antolatu duen egitarauan parte har dezaten. Ekitaldiak bihar bertan hasiko dira, EEko zaindari den San Inazioren estatua bat tronuratuko baitu bertako apezpiku den Hugo Salaberry Goyeneche josulagunak. Uztailaren 31ean ere meza emango da eta beste zenbait ekitaldi, Lagunen Etxeak 25 urte betetzen dituen urteko programako parte.
Gehiago irakurri...
2014/07/24

Diasporako euskal etxeak bizi-bizi ari dira egunotan San Inazio Eguneko ekitaldiak prestatzen. Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiaren egunak tradizio handia du munduko euskal komunitatetan eta makina bat dira festak, bazkariak, mezak eta kultur ekitaldiak egingo dituzten elkarteak. Batzuk asteburu honetan bertan hasiko dira, esaterako Boiseko Euzkaldunak elkartekoak. Ondotik etorriko dira Arrecifes, Necochea, Santiago, Valparaiso, Comodoro Rivadavia, Asuncion, Caracas, Mexiko, Bartzelona, Montevideo, Madril, Rosario, Laprida... Jarraian, hitzordu horietatik informazioa heldu zaigun hainbaten berri.
Gehiago irakurri...
2014/07/24

Kaliforniako arrantxu giroko herria da Los Banos, kabalak eta abelzaintza eta nekazaritza eta ortu zabalak aberastasun diren eremua, eta hortxe jaio zen Ann Erreca duela 53 urte. Irakaslea da bera, irakurketa arazoak dauzkaten haurren arretan espezialdua. Baina hirugarren belaunaldiko euskal-kaliforniarra ere bada Ann, bertako familien euskal giroan sortu eta hazia, dantzaria --horretan amatxiren oinordeko-- eta Los Banosko Euskal Etxeko dantzarien irakasle azken hogei urteotan.
Gehiago irakurri...
2014/07/23

Iaz 20 bat ikasle izan ziren, eta aurtengo ikastarorako horiek eta beste askok interesa agertu dute dagoeneko. Euskararekiko jakinminak kultur mugimendu polit bat sortu du Errioxako Naxera herrian eta iaz harrera oso ona izan zuen bertako talde batek antolatu zuen ikastaroak. Taldeak Logroñoko Laminiturri Euskal Etxearen babesa du eta aurten HABEren Euskara Munduan programaren baitan emango dira eskolak. Ikastaroa urrian abiatuko da. Interesa baduzu, hau da izena emateko unea!
Gehiago irakurri...
2014/07/23

Brasil, Uruguai, Txile eta Argentina bertako 25 ikasle bildu dira joan den larunbatetik hona Chascomus hiri argentinarrean, HABEk sustatzen duen Euskara Munduan programaren 2014ko Neguko Barnetegian partaide. FEVA eta Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile, larunbat eguerdi arte luzatuko da euskara ikastaro trinkoa. Larunbat arratsaldean, berriz, irakaskuntzan urteak daramatzaten irakasleak elkartuko dira haiei zuzendutako trebakuntza jardunaldi batean.
Gehiago irakurri...
2014/07/23

“Aurten San Inazio lasaiak izango ditugu, datorren urtean Jaialdi baitugu eta zoramena izango baita”, esan dio Annie Gavica-k, Boiseko (Idaho, AEB) Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideak, Euskalkultura.com-i. Edonola ere, datorren asteburua “kirolez, jaki eta edari onez eta giro onaz” beteko dute, antolatzailearen hitzetan.
Gehiago irakurri...
2014/07/22

Carabobo estatu venezuelarreko Valenciako Euskal Etxea buru belarri dabil egunotan bere jai egun handia prestatzen, Begoñako Amaren festa. Euskal komunitatearen eraginez, Begoñako Ama euskal etxea dagoen herriko, Naguanaguako patroia da eta elkarteko kideentzat hitzordu garrantzitsua da. Bitartean, euskal etxeko kideak gogoan dute oraindik berriki egin zuten San Fermin festaren arrakasta, entzierro eta guzti!
Gehiago irakurri...
2014/07/22

Ondarroa aldean abuztuaren 17an ospatu ohi bada ere, aurten, uztailaren 26an antolatuko dute Arrantzale Eguneko bazkari eta elkarretaratzea New Englandeko euskaldunek (AEB). Connecticut-en, Bridgeport herriko Dolphin’s Cove Marina jatetxean izango da eta 50 lagunetik gora batzea espero dute, “80 igual be”, Naiara Azpirik, Euskal Etxeko delegatuak, Euskalkultura.com-i esan dionez.
Gehiago irakurri...