euskal diaspora eta kultura
2014/11/17
Ohikoa den legez, ekintza jendetsuenetakoa izan zen aurtengo Euskal Astean ere igandeko ‘Oturuntza’. Haurren Errepublika delako parkean eta udaberriko eguzkipe eder batean, ondo baliatu zuten bildutako ordezkaritzek azken dantzak ikusi eta ‘hurrengora arte’ agurtzeko. Bazkariaren baitan Euskara Lehiaketen sariak banatu ziren. Hauxe 2014ko Euskal Aste Nazionaleko irudiekin osatu dugun azken argazki-sorta.
2014/11/17
Badakigu Diasporako euskaldunen artean Euskal Herrira bidaiatzea irrika etengabea dela, eta zenbaitek amets hori betetzea lortzen dutela. Nazioarteko turisten artean ere, gero eta gehiagok begiratzen dute geurera, ezagutzea eta gozatzea merezi duen lurra dela konbentzituta. Haientzako zein hauentzako, aurkikuntza ederra izango da 'Basque Country Magazine' aldizkari digital berria. Tablet eta smartphonentzako garatutako tresna honek Euskadira bidaia prestatzen ari direnentzako informazioa eskaintzen du --erreportajeak, argazkiak, helbideak... --era erakargarri eta jostagarrian. Euskal Herrira etortzekoa bazara, edo etorriko zarela amets egiten baduzu, baduzu zer ikusi!
2014/11/14
Euzko Etxearen 70. urteurrenaren baitan ospatutako Euskal Astearen kronikaren bukaerara iristen ari gara eta horrekin batera jaiaren EuskalKulkutura.com-eko irudi bilduma ere badoa osatuz. Atzoko kronikari jarraituz, hona dantzaldiaren bigarren zatia.
2014/11/14
Iñigo Asensio zuzendaria munduan zehar ibili da, Euskal Herritik urrun bizi diren euskal hiztunak elkarrizketatzen "Euskara Munduan" dokumentalerako. Egunero euskararik hitz egin ezin duten euskaldunek hizkuntzarekin duten harremana aztertzea zen Asensioren helburua. “Gure hizkuntza zein sakon dagoen ikusi ahal izan dut, euskarak nola konektatzen gaituen nortasunarekin, jatorriarekin", esan digu. Etiopiatik Guatemalara, dozena bat testigantza bildu ditu. Datorren abenduaren 3an estrenatuko da dokumentala ETBn, Euskararen Nazioarteko Egunaren karira. Guk trailerra ikusi dugu eta dokumentala ikusteko irrikaz gaude!
2014/11/14
Apirila inguruan, emaila igorri zien Neena Laxalt-ek 35 kontaktuei, afari baten inguruan batzeko. Denek eman zuten baiezkoa. Berba egin zuten, jakiez eta edariez gozatu eta ederto batean igaro zuten arrasti-gaua. Esperientziarekin pozarren, beste bilera bat egitea erabaki zuten eta Florence Larraneta Frayek hartu zuen antolatzearen ardura. Irailaren 21erako deitu zuen hurrengo ‘batzarra’ eta hau ere erabat arrakastatsua izan zen. “Gonbidatutako denak agertu ziren, lekuz larri ibili ginen”, esan dio EuskalKultura.com-i. Abenduaren 13an bilduko dira berriz ere emakumeak, Renoko (Nevada, AEB) Louis Basque Corner jatetxean, eta 75 lagun batzea espero dute. “Emakumeentzat gauza garrantzitsua delako hasi da hau hazten”.
2014/11/13
Astelehenean hasi zuen euskara ikastaroa Zaragozako Euskal Etxeak, eta gustura dira elkarteko kideak proposamenak izan duen harrera onarekin. Hamazazpi ikaslek parte hartu zuten ikastaroaren aurreneko saioan, eta giroa oso ona izan zela esan digu elkarteko Igor Zabala kideak. Zabala bera eta Mikel Bergara bazkidea izango dira aurten irakasleak. "Betidanik izan da hemen euskararekiko interesa, eta aspalditik nahi genuen antolatu ikastaroa. Aurten bai, esan genuen, eta lortu dugu!", esan digu.
2014/11/13
Herrialde osoko eta Uruguaiko dantzariak aritu dira aurten ere Euskal Astearen dantza erakusketa nagusian. Talde berriek eta jardunbide handikoek bat egin zuten La Plata Atenas Klub aretoan kalitate handiko ikuskizuna eskaintzeko. Gure kronikari jarraituz, gaurkoa dantzaldiaren lehenengo zatia
2014/11/13
Sao Paulon jaioa, Pilar Alava euskal brasildarra da eta bere 37 urtetan hiri horretako Eusko Alkartasuna euskal etxeko kideek elkarteko lehendakari hautatu dute aurten. Elkarteak, gainera, modu berezian nahi ditu ospatu hilabete honen amaieran, azaroaren 30ean, beteko dituen 55 urteak. "Etotzen bazarete, ongietorriak izango zarete", luzatzen digu gonbitea.
2014/11/12
Euskal sentimendu sendoa duten ehunka lagun bildu ziren joan den asteburuan Buenos Airesko hiriburuan euren euskaltasun horretan murgildu, sakondu eta gozatzeko. Baina Euskal Herrira eta euskal kulturara hurreratzeko bideak oso bestelakoak izan daitezke eta kari horretara Aste Nazionalaren egitarauaren barruan mota askotako ekintzak garatzen dira. Aktibitate horien xehetasunak, gaurko argazki galerian.
2014/11/12
Benetako balentria izan zen, pelikuletan agertzen diren abentura horietako bat: Atlantikoa zeharkatzea, Francoren diktaduratik ihesi. 1950eko uztailaren 16ean Bilboko bederatzi mutil gazte Karmengo Ama Birjiñaren itsas prozesioan atera ziren Santurtziko portutik, beste ehundaka lagunekin batera. Baina eurak ez ziren portura itzuli: Mexikoruntz abiatu ziren, atzera bueltarik ez zuen bidaian. Ustez hilabetekoa izan behar zuena, azkenean hiru hilabeteko abentura bilakatu zen, baina lortu zuten helburua. Orain, Bilboko Itsas Museoan ikusgai dago odisea honi buruzko erakusketa, protagonisten seme-alabek bildutako testigantza, dokumentu eta argazkiei esker.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus