euskal diaspora eta kultura
2015/03/05
Gaur 78 urte dira Matxitxakoko Itsas Borroka gertatu zela, Bizkaiko kostalde aurrean, Canarias, Francopeko gudontzidiko gerla ontzi boteretsuenak, eskolta lanetan ari ziren Euzkadiko Gudontzidi Laguntzaileko lau 'bou'ri (arrantzontzi armatu) bidea eten zienean. Gertakari hartan euskal ontziak atera ziren galtzaile, baina euskal marinelek adierazitako kuraiaren oihartzuna gaurdaino heldu da. Urteurrena erakusketa, hitzaldi, bideo emanaldi eta afari batez gogoratuko dute Shanghaiko Euskal Etxean.
2015/03/05
Oier Araolaza dantzaria eta antropologoak gai polemiko bat jarri du mahai gainean Berria aldizkariak egin dion elkarrizketa honetan. Araolazak hizpide ditu solasaldian euskal dantza tradizionalean emakumea baztertzeko XX. mendean hartu ziren neurriak. Horiek atzera botatzeko eginiko ahaleginak eta horrek eragin dezakeen gatazkari buruz mintzatu da www.dantzan.com-eko zuzendaria gurera ekarri dugun elkarrizketa honetan.
2015/03/05
Berrogei bat gonbidatu lagun, protokolozko ekintza eta euskal kulturari buruzko hitzaldi bat egin zituen Euzko Txokoa-k bere 50. urteurrena ospatzen hasteko. Zeremonia hunkigarri batean, euren banderadunak aurkeztu, plaka oroigarriak desestali eta instituzioaren sortzaileak omendu zituzten Gral. Achako euskal etxeko egungo arduradunek.
2015/03/04
Korrika 19 martxoaren 19tik 29ra bitartean egingo da Euskal Herrian, baina Diasporan euskaldunak irrikaz ziren nonbait, eta ekitaldiak asteburu honetan bertan hasiko dira. Aurrenekoak, Parisen eta AEBetako Newport hirian egingo dira, larunbat honetan bertan. Ondotik etorriko dira Edinburgh, Tolosa (Frantzian), Lima, Bartzelona, Madrid, Cancun eta Valentzia, besteak beste.
2015/03/04
Horretarako Bizkaia:talent elkarteak Bostongo MITen egin den European Career Fair azokan izan duen partaidetza baliatu du, eta elkarretaratzeak antolatu ditu Boston, New York eta Washington DC hirien ingurune metropolitarretan lan egiten duten euskal profesionalekin harremandu eta biltzeko. Nazioartean ospe handikoak diren erakundeekin ere biltzeko baliatu dute aukera, hala nola New Yorkeko Nazio Batuak, Garapenerako Baku Amerikarra eta Washingtongo Mundu-Bankuarekin, erakunde hauek euskal elkarteekin izan ditzaketen lankidetza eta negozio aukerak aztertzeko.
2015/03/04
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak plazaratutako hainbat kanpainatako materiala biltzen duen erakusketa Emakumearen Eguna dela eta egingo diren ekitaldien baitan estreinatuko da La Platan, martxoaren 6an, bertako Isla Malvinas Kultur Gunean. “Sentsibilizatzen eta begiradak eraldatzen jarraitzeko helburu duen erakusketa” hau antolatu nahiko luketen beste euskal etxeek, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzarekin kontaktatu behar dute.
2015/03/03
Ikusgarria da golf jokalari lez Jon Rahm (Barrika, Bizkaia, 1994) izaten ari den abantzua. “Zazpi urterekin hasi nintzen bola jotzen –esan du, EuskalKultura.com-ekin berbatan− baina, 12-13 urte nituela, serioago hasi nintzen hartzen kontua”. 16 urte bete berritan Madrilera joan zen, kirolarien artean izen handia duen Ortega y Gasset institutuan ikasteko, golf entrenamendu profesionala egiten zuen bitartean. Behin batxilergoa amaituta, Ameriketako Estatu Batuetara etorri zen, Arizonara hain zuzen, kirolari bezala hazi ahal izateko, unibertsitate ikasketak egiten zituen bitartean.
2015/03/03
Arnegitik Ameriketarako bidaia egin zuenean, Martin Caminok nekez imajinatuko zuen egun batean bere biloba batek aurrez aurre izango zuenik AEBetako presidentea eta berarekin hitzaspertu animatua egingo zuenik. Alta, horrela gertatu da. Caminoren eta haren emazte Florence Urrizagaren biloba, Rollins Stallworth, Stanford unibertsitateko ikaslea da eta iragan otsailaren 13an hautatua izan zen beste bederatzi ikaslerekin Obama presidentearekin bildu eta harekin solasaldia izateko.
2015/03/02
Pozik agertu da Louis Iturriria, Euskal Etxeko presidentea, larunbateko hauteskundeen ostean, EuskalKultura.com-ek jakin duenez. 210 kidek hartu zuten parte Zuzendaritza Batzorde berria bozkatzeko orduan; taldeko lau buruek urtebeterako izango dute lana eta, gainontzeko bederatziek, urte birako. Bazkide berriei eta Ohorezko Bazkide berriei ere eman zioten ongi etorria zapatuko bileran, non Denise Duhart eta Denis Petrissans musikari, festa gauerdira arte luzatu zen, ia. "Euskaldun gazteak pozarren zeuden dantzan", adierazi dio EuskalKultura.com-i Pierre Igoa bazkideak, behin elkarretaratzea amaituta.
2015/03/02
Ingalaterran dabil egunotan Xabier Irujo historialaria, Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo Fellowship katedrako irakasle gonbidatu lanean. Katedrak Manuel Irujo euskal politikariaren inguruko lanak sustatzeko helburua du aurten eta gaia ederki ezagutzen du haren iloba Xabierrek. "Manuel Irujok Euskal Herriaren independentzia defendatu zuen Churchillen aurrean Londresen 1940an, bai eta britaniar administrazioaren eskutik euskal errepublika osatzeko idatzitako ituna lortu ere. Irujok bonbatutako Londresen ekin zion harira ekin beharko genioke egun, nazio gisa euskal errepublika Europan garatu eta osatzeko".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus